“Arrisku handiko pertsonen eta 70-79 urte artekoen txertaketa hasiko da EAEn”

0
901

Halaber, Osakidetzak “asteburu honetan 80 urtetik gorakoen txertaketa” amaitutzat emango du. 70 eta 79 urte arteko pertsonei hitzordua emango die mugikorreko SMS mezu bidez edo telefonoz.

Argazkia: MB artxiboa.

Osakidetzaren aurreikuspenen arabera, larunbata eta igandean “peritoneo-dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, adina gorabehera”.

Era berean, “hemodialisian dauden pertsonei Osakidetzako hemodialisi-unitatean jarriko zaie txertoa, datorren astetik aurrera”.

Dena den, “lehentasuna 80 urtetik gorakoen txertaketarekin amaitzea izango da”, eta “erabilgarri geratzen diren txertoen arabera, asteburu honetan 70 eta 79 urte bitartekoei ere hasiko zaie hitzordua ematen, eta nagusienekin hasiko da (1942an eta 1943an jaioak)”.

Hitzordua honela emango zaie: Osakidetzak SMS mezu bat bidaliko die eta, mezu horretan jasoko dute web bidezko hitzorduaren zerbitzura sartzeko esteka.

Pertsona nagusiek “OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotza-data sartu beharko dituzte, eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko zaizkie, zuzenean”.

“Baliteke SMSa beste partikular baten telefonora iristea, hori delako Osakidetzarekin beste kontu batzuetan erabiltzen duten ohiko kontaktua. Errakuntzarik egon ez dadin, testu-mezuan mezuaren hartzaile den pertsonaren jaiotza-data eta generoa zehaztuko dira”.

Dena den, “baliteke pertsona batzuekin telefonoz harremanetan jartzea, agendetan hutsuneak bete behar badira”. Web bidezko hitzordua zabalik egongo da, “betiere txertoak badaude erabilgarri. Txertoak agortzen direnean, mesedez, ez deitu osasun-zentrora edo Osasun Kontseilura; komunikazio-lineek osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuetarako egon behar dute erabilgarri”.

Osakidetzak “behar bezala jakinaraziko du noiz jarriko den txertaketa berriro martxan, dosiak erabilgarri dauden unean”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen