Arrasateko GGKEek antolatuta, Elkartasun Egunaren XXIII. edizioa ospatzen ari da. Ekitaldi hau “Arrasateko herriarekiko topagune bihurtu da, eta herrialde pobretuenen arazoak azaltzen saiatuko gara”.
Aurten, pandemiaren ostean, asmo handiko programa bat prestatu dute hainbat talderen emanaldiekin, denak Arrasatekoak.

Noski, GGKEen produktuen erakusketa eta salmenta daude. Txikienentzat puzgarriak egongo dira egunean zehar, baita Kontukabiko Lau Haizetara antzerkia ere. Trikitilari, Dantza, Gaitero eta Arrasate Musikaleko Gazte Taldearen emanaldiak girotzen dabiltza.

Azkenik, Erromintxelak taldeak kontzertua eskainiko du arratsaldean. Gainera, Harremanek laguntzen dituen proiektuekiko elkartasuna adierazteko, herritar ugari aukera baliatzen ari dira, tonbolan parte hartuz, Ibai-Artek eskainitako ehunka sarietako bat irabazteko.

Bide honetan, eguna borobiltzeko, 20:30ean eta Ibai-Arteren eskaintzari esker, 300 euroko sariaren zozketa egingo da beren dendetan gastatzeko bonuetan.

AMS, SERSO eta HARREMAN GGKE antolatzaileek hainbat GGKE eta elkarterekin batera dihardute bertan, besteak beste: Amnity International, Zaporeak, Mundukide, Migratzaileen Pastorala,…

Erakunde hauek Seber Altubera bertaratzen direnei ezagutzera ematen dizkiete euren jarduerak eta aurrera eramaten dituzten proiektuak, “horietako batzuk gaur egun gerra aktiboak pairatzen ari diren herrialdeetan egiten dituzte. Ez ditzagun ahaztu!”.

Aurten ere bai Harreman Denda (Bidezko Merkataritza) bertan da, txokolate dastaketa eskainiz eta Bidezko Merkataritzako produktuak ezagutzera emanez.

Aipatzekoa da ere sukaldaritza tailer solidario bat martxan dagoela, Arrasateko Kids&Us akademiaren eskutik.

“Bereziki nabarmendu nahi dugu IBAI-ARTEk ematen digun laguntza, urtez urte tonbola egiteko aukera ematen jarraitzen baitu. Eskerrik asko IBAI-ARTEko bazkide parte-hartzaile guztiei, horiek gabe tonbola ezinezkoa izango bailitzateke”.

Tonbolan lortutako dirua Mumbaiko (India) Ankur harrera-etxerako izango da. “Harrera-etxe hau Santa Ana Karitateko Aizpek kalean jasotako 200 neskatoekin egiten duten lan handia da, eta haurrek, elikadura, osasun-arreta, heziketa eta maitasun handia jasotzen dituzte, bizitza duinago eta etorkizun itxaropentsuago batera hobeto bideratzen lagunduz”.

“Arrasateko herritarrak ekimenetan parte hartzera animatzen ditugu, eta laguntza eta elkartasun guztia aurrez eskertzen dugu, BESTE MUNDU BAT POSIBLE delako!”.

Albistea osatzen gabiltza




