“Arrasaten oztopo arkitektoniko asko daude”

0
1160

Patxi Uribarren gurpildun aulki bat erabili behar izaten ari da, eta azaldu du beste herrikide ugarik ere herriko kaleetan oztopoak topatzen dituztela. “Irisgarritasunaren arduradunek Arrasate atsegin bat egin nahi badute, irisgarritasunari garrantzi handiagoa eman behar diote”.

“Erdialdean oztopo asko daude, eta auzoetan zeresanik ez, San Andresen edota Musakolan esaterako”, adierazi du Patxik.

“Toki batzuetan gauzak behar bezala egin dituzte, baina begibistakoa da Irisgarritasuneko arduradunak ez direla nahikoa kezkatzen”.

Oztopo arkitektoniko horietako hainbat zebrabideetan daude: “Adibidez hemen, Grupo San Joaneko Alfonso X enparantzako sarrera-irteeran”.

Horren ondorioz, “plazari buelta osoa eman behar diogu toki horretara iristeko, ezin baitugu zuzenean joan. Ni ezin naiz aulkiarekin zebrabidera jaitsi” [goiko argazkian].

“Toki batzuetan oztopoak kendu dira, egin beharrekoak egin dira, irisgarritasun arauak betez”. Baina beste toki batzuetan “zergatik ez dute zementu apur bat bota eta aldapatxo bat egiten?”.

“Nire ustez, arduradunek ez dakite zehazki zein den herriko egoera. Egindako obra asko kosmetikoak dira, baina oinarrizkoak diren beste hainbat ez dituzte egin”.

Patxi Uribarrenek erakutsi dizkigu ere Zaldibar kalean dauden oztopoak, bai frontoiaren atzeko partean, baita Nafarroa hiribiderako pasabidean ere.

Beste arazoetako bat da “elbarrituentzako hainbat aparkaleku plaza estuegiak direla. Ez dago leku nahikorik gurpildun aulkia autoaren parean jartzeko, hau da, pertsona autotik atera eta aulkian errazago esertzeko”. TAO sistemaren harira, “behintzat pertsona elbarrituentzat ez da TAOrik izango”.

Patxik gurpildun aulki elektriko bat erabili behar izaten du “baina beste pertsona batzuk egoera okerragoan daude, elektrikoa ordez, eskuzko gurpildun aulkikoak. Horiekin zailagoa da oztopoak gainditzea”.

Egoera horietan “pertsona nagusiak eramaten dituzten senideek edo zaintzaileek maniobrak egin behar izaten dituzte, koska gainditzeko, batzuetan errepidean bertan”.

Gurpildun aulki elektrikoei dagokienez “ez dira egokiak kozketak gorabeherak behin eta berriz igarotzeko, horrela makinak apurtu egiten baitira”.

Horiek kontuan hartuta “guretzat paseo bat ematea baino amerikar pista bat bezalakoa da. Horregatik, etxetik irten aurretik pentsatu behar dugu ea nondik joan ahalko garen”.

San Bixente Ferrer kalean, Nafarroa etorbidera irteteko lekuan, hau da, Hotel Mondragonen atzealdean, bi arazo daude:

“Lehen zebrabide bat zena, eta horretarako egokituta zegoena (espaloiaren maila jaitsita) orain aparkaleku bat da, eta ondorioz ezin dugu errepidea bertatik igaro”.

Bertatik metro batzuetara “zebrabide bat dago, baina espaloia ez dago egokituta, koxka altuegia dagoelako. Beraz, bata zein bestea erabili ezin ditugunez, nondik demontre igaroko dugu errepidea?”.

“Erdialdean bertan eta auzoan bertan oztopoak ditugu, baita beste auzoetan ere”.
Patxik beste adibide bat jarri du, Obenerrekako aldapatik Aldaiko atzealdera sartzeko errepidexka:

“Errepidea bertikalegia da eta gurpildun aulkiak bertatik igarotzean alboz erortzen dira. Bertan adineko pertsona bat bizi da, eta bertatik igarotzean kontuak izaten dituzte, orekari eutsi ahal izateko”.

“Udalari halako kexka ugari aurkeztu dizkiogu BAZen bitartez, baina askotan Udalaren erantzuna isiltasuna da, eta egoera ez da hobetzen”.

“Irisgarritasun arauak bete behar dituzte Arrasate atsegin bat lortzeko. Orokorrean, udalek ez diote irisgarritasunari behar besteko garrantzirik ematen. Zoritxarrez, gero eta herritar gehiago adinekoak dira”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen