“Arrasaten komunitatea sortu dugu armairutik irteteko lagungarria”

0
2326

Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna dugu gaurkoa, konfinamenduak armairuko atea gehiago ixtearen aurka. Politikariei “bizitzak erdigunean” jartzera dei egiten diete. Arrasaten sorturiko taldea gaur arratsaldeko ekitaldian arituko da.

Argazkiak: Arrasateko Komunitatea.

Zelan baldintzatu du koronabirusak kolektiboaren eskubideen borrokan?

Aurtengo nazioarteko egunerako “identitate (des)konfinatuak” lelotzat hartu dugu. Izan ere, uste dugu konfinamenduan jende asko etxera bueltatzean, berriro euren identitateak konfinatu edo ezkutatu behar izan dituzte.

Espazio askotan gure identitatea gordetzen ditugu, eta konfinamenduak jende bati ateak itxi dizkio.

Bestetik, jendea konfinatuta egotean, enpatia plazaratu nahi izan dugu. Jendearentzat konfinamenduan bizitzea gogorra izan da, eta nolabait guk gure identitateak beti konfinatuak izan dira.

Azken finean, aurreikusten da pertsonak heterosexualak garela, hori horrela ez dela esan arte, hau da, guk gure identitatea deskonfinatzea erabaki dugun arte.

Garai hauetan jendea orokorrean bere izaera, ingurua,… birplanteatzen ari da, beraz garai aproposa da identitateak deskonfinatzeko eta norbera askatasunez bizitzeko.

Hauteskunde-kanpaina abian dago, zer aldarrikatzen diezue alderdi politikoei?

Gure identitate eta gorputz disidente, arraro,… horiek guztiak kontuan hartuko dituzten politikak behar ditugu. Hau da, bizitzak erdigunean jartzea. Bizitzea merezi duten bizitzak bizitzeko aukera emango dituzten politikak, laguntzak,… aurrera eramango dituzten pertsonak nahi ditugu gure ordezkari gisa. Jendearengatik lan egingo duten ordezkariak. Bazterreko gorputz eta identitate guztiak erdigunera ekarriko dituztenak.

Era berean, Sexu Askapen Mugimendua ez da negozio bat. Azken urteetan ikusten gabiltza, sexu askapenaren aitzakian, enpresa askok marketing estrategiekin euren salmenta kopuruak igo nahi dituzte.

Horretarako, bandera bat aprobetxatzen dute, baina urteko 364 egunetan homosexualitatearen, transexualitatearen edo identitate anitzen aurka egiten dute.

Ezin dugu onartu gure bizitziak eurek merkantziatzat hartzea, eurek negozioa egin dezaten. Horregatik iazko nazioarteko eguna gogora ekartzen dugu: Harro ez da pride. Ez dugu nahi mundu mailako manifestaziorik eta ‘pinkwashing’ik [zuriketarik]. Guk gura dugu gure bizitzek besteenak bezainbeste baliotzea, denok erdigunean kokatzea eta kontuan hartuak izatea.

Arrasatek, askatasunaren bidean, erraztasunak ematen ditu ala zailtasunak jartzen ditu?

Nik uste Arrasatek 20.000 biztanle inguru dituen arren, gu mugitzen garen inguruan herri txiki bat izaten jarraitzen du. Komunitate txiki bat gara, eta oraindik kalean berba egitean, ‘besteek zer esango duten’ zalantza horrek asko baldintzatzen du.

Gure artean pertsona asko kanpora joan behar izan da ikastera, lan egitera,… ez delako hemen aske sentitu bere identitatea libreki azaleratzeko. Guk taldetxo bat sortu dugu, eta bertan aske sentitzen gara. Bagoaz kaleak hartzen, eta aurrerapausoak ematen gabiltza.

Horrela, herriko beste pertsona batzuentzat, oraingoz ‘armairutik irten’ ez direnentzat, bisibilizazio gune izan nahi dugu, gurekin bat egin dezaten eta elkarrekin kaleak hartzen jarraitu dugu. Hauxe da gure bidea.

Gainera, heteroarauak ez du inolako erraztasunik ematen, eta horregatik horren aurka egin behar dugu. Deseraiki behar da, eta gu horretarako sortu gara. Beste eremu batzuetatik ere lan egin daiteke, udaletxetik esaterako. Arrasate ez da bakarra horretan ezer ez egiten, txiki geratzen da zentzu horretan. Diagnostiko hori beste toki batzuetan ere berdina da.

Gauza asko egin daitezke, eta azken urteetan Emakume Txokoak ekimen ezberdinak bultzatu ditu, kontzientziazio lanak egin ditu. Lanean jarraitu beharra dago.

Bai instituzionalki, baita kalean ere. Testuinguru honetan, guk aurten talde txiki gisa dihardugu, aurrez ere izan da Debagoieneko Sexu Askapeneko Koordinadora, eta Arrasateko talde feministek ere pisu handia izan dute borroka honetan. Denok bat gara, zapalkuntza horren aurka elkarrekin dihardugu.

Zuek ‘armairutik irten’ zarete, zer esan nahi diozue oraindik pausua eman duen pertsonari?

Anima dadila, nahiz eta erraza ez den. Pertsona bakoitzak bere ibilbidea egin du ‘armairutik irteteari’ dagokionean. Gu etengabean irteten gabiltza armairutik, izan ere, zure lagunartean zure identitatea adierazteak ez du suposatzen zure lantokian adierazi duzunik edota zure familian. Gure bizitza armairutik irtete prozesu etengabea da.

Animatu, gero eta askatasun handiagorekin biziz, bizitza zoriontsuagoa bizi delako. Horretan lagun dezake Arrasaten komunitate bat sortu dugula, babesgune bat da. Eraso homofobo, transfobo, bifobo,… anitzak daude, eta horietatik babesteko komunitatea martxan dago. Areago, konfinamenduaren ostean.

Zer egin dezakete Arrasateko heterosexualek pertsona guztien eskubideak errespeta daitezen?

Nik uste, cis-emakumeek eta cis-gizonek, heteroarauaren barruan sentitzen edo maitatzen duten heinean, ez ditzatela mugatu guk harturiko bideak. Baita guk antolatutako ekintzekin bat egin dezatela ere.

Erantzuteko galdera oso zaila da. Heterosexualitatea norma bezala ezartzen da. Baina heterosexualek ere euren muga sexualak apur ditzakete, gauza berriak deskubritu ditzakete. Sexualitatea ez da soilik koitoa, gozatzeko parametro oso ireki bat dagoelako.

Izan ere, heterosexualek ere zalantzan jar ditzateke euren heterosexualitatea edo genero identitatea. Zergatik zara heterosexuala? Zergatik gizona? Zergatik emakumea? Eurek ere hausnar dezakete, ez gu bakarrik.

Gaur arratsaldean herritarrentzako ekitaldia egingo da ezta?

Bai, Biteri plazan elkar ikusiko dugu arratsaldeko 19:00etan. Dantza bat prestatu dugu giroa alaitzeko, Yogurinha Borova-ren ‘Sentipenak askatu’ kantuarekin. Aurten manifestazioa egin ordez bilkura egingo dugu, 1’5 metroko distantzia matenduz, eta gomendatzen da musukoa eramatea. Behintzat irekia eta alaia izaten ahaleginduko gara.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen