Arrasatek Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio bat hartuko du domekan

0
516

Larunbatean hasiko da txapelketa Getxon eta igandean izango da bigarren saioa Arrasaten. 17:00etan hasiko dira biak ala biak.

Testua: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea.

Hastear da Bertsolari Txapelketa nagusia. Irailaren 24an, larunbat honetan bertan, jokatuko da Getxoko Muxikebarri Zentroan lehenengo saioa. Biharamunean izango da bigarrena, Arrasateko Amaia Antzokian. Bi saioak 17:00etan hasiko dira.

Getxoko saioan, Agin Laburu Rezola, Eneko Lazkoz Martinez, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Bartra Arenas, Peru Abarrategi Sarrionandia eta Unai Mendizabal Jauregi ariko dira bertsotan. Gai-emale lanetan, Imanol Artola Arretxe ‘Felix’ ariko da. Arrasatekoan, berriz, Gorka Pagonabarraga Agorria, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria ariko dira kantuan. Saioa aurkezten, Ander Aranburu Arriola ibiliko da.

Lehenengo fasean hurrengo epaile taldea ariko da lanean: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Sarrerak, eskuragai

Sarrerak oraindik lor daitezke, Internet bidez, www.bertsosarrerak.eus atarian. Bestela, saioaren egunean bertan leihatila 15:00etan zabalduko da. Saioa hasi baino orduerdi lehenago zabalduko dira ateak, 16:30ean. Sarrerak zenbakitu gabeak dira, beraz, garaiz ibiltzea gomendatzen da.

Txapelketa on, guztioi!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen