“Arrasaten amiantoarekin ehunka pertsonak lan egin zuten”

0
834
amiantoa

Jesus Uzkudun Illarramendik hamarkadak daramatza arazo honen aurka, eta Arrasatek ere “hiltzaile isilaren” kalteak jasan ditu. Gaur (asteazkena) honen inguruko hitzaldia izango da Kulturaten.

Argazkia: Jesus Uzkudun

Arrasaten izandako amianto kasuetako batzuk ezagutzen ditu Jesus Uzkudunek, eta horietako bat azaldu du:

“Fagorreko ofizina tekniko batean lan egiten zuen pertsona bati, belauneko ebakuntza bat egin behar ziotenean, ospitalean esan zioten amiantoarekin lan egin zuela. Berak ez zekien”.

“Medikuari esan zion hori ezinezkoa zela, berak beti ofizinan lan egina zuelako, baina medikuak azaldu zion amiantoa birikietan zuela. Bere lana materialen kalitatea probatzea zen, eta orain urte batzuk labetako erresistentziak adibidez amiantozkoak ziren”.

Hau da, “langile honek ez zekien amiantoarekin lan egina zuela. Unión Cerrajeran ehunka langile amiantoarekin lan egiten zuten. Oso zaila da jakitea Arrasaten zenbat pertsona hil diren amiantoaren ondorioz”.

Amiantoaren inguruko hitzaldiak egongo da gaur (asteazkena) arratsaldean Kulturaten. Mahai gainean ondoko galdera jarriko da: “Zergatik Osakidetzak eta beste instituzio batzuk ari dira amianto kasuak tapatzen?”.

“Oso langile gutxi zeuden erregistraturik, eta denak Bergarako Unión Cerrajerakoak eta Goizper kooperatiboak ziren. Baina kasu gehiago azaldu izan dira, adibidez Maik-en (garbigailuak ekoizpenean)”.

Gainera “orain 2 urte inguru Feliciano Aranzabalen beste mesotelioma kasu bat agertu zen, eta orain azaldu da beste gaixo bat, AMATen lan egindakoa”.

“Kooperatibetan bazkide askok autonomo bezala dihardute, eta ondorioz horiei ez zaie gaixotasun profesionala aitortzen”.

Jesus Uzkudunek hamarkadak daramatza amiantoaren kalteez ohartarazten, eta lehen “batzuek esaten zidaten, instituzio publikoetako batzuek tartean, eroturik nengoela eta alarma soziala pizten ari nintzela”.

Horri buelta ematea lortu zuen, besteak beste, “amiantoz gaixotatuako pertsonek euren testigantzak eman izan dituztelako”.

Gaur egun Europar Batasunak aitortu ditu lanean jatorria duten 120.000 minbizi kasu. Testuinguru horretan, “Osakidetzaren Plan Onkologikoak jasotzen du lanaren ondoriozko ehunka minbizia kasu, baina ez dute horren parte eman, nahiz eta hori euren zeregina den”.

Zaldibarko hondamendian agertutako amiantoaz ere berba egin dugu Jesus Uzkudunekin. “Europar Parlamentuak 2013an onartu zuen amiantoa, zabortegian botatzekotan, zabor arriskutsuen zabortegietara bota behar zirela, baina Zaldibarkoa ez da holakoa”.

Gainera, “amianto hau zabortegi egokia denbora batez egon beharko luke, ez betiko. Teknologia egokiena inertizazioa da, arazoa betiko desager dadin. Horrelakoetaz batzuek paso egiten dute”.

Nafarroako Parlamentuak onartu du amiantoa tratatzeko plan bat, “eta bitartean Eusko Jaurlaritzak beste leku batera begira dago. Erantzun sozialik ezean, jarraituko dute arazoari garrantzia kentzen”.

“Euskal Herrian heriotza gehien eragiten duena minbizia da, eta Espainian gaixotasun kardio-baskularrak. Horretan ere ezberdinak gara. Zergatik minbizia Euskal Herrian? Gorputzean barneratu zaizkigun txerrikeria guztien ondorioz”.

Espainiar Gobernuak azken urtean amiantoaren ondoriozko 31 heriotza baino ez ditu aitortu. “Aitortza kopuru oso baxua da, besteak beste, ez dituelako kontuan hartzen Gizarte Segurantzak jasotako heriotzak”.

Gobernuaren arabera, Euskal Herrian soilik gizonak hil dira, “baina hori ez da egia, nik bi emakume ezagutu ditut, hil berri direnak, bata Donostiakoa eta Tolosakoa bestea”.

Gaur arratsaldean hitzaldia izango da ‘Amianto hiltzaile ixila. Ondorioak Debagoienean’ goiburuarekin, Kulturaten arratsaldeko 18:30ean.

Jesus Uzkudunekin (ASVIAMIE elkarteko ordezkariarekin), Alfonso Rios (CCOO), Izaro Mujika (ELA), Iker Espolosin (LAB) eta Maitane Arteaga (Onkologiako erizain) arituko dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen