Ezer baino lehen, orain dela 15 egun Zaldibarren gertatutakoaren larritasuna azpimarratu nahi dugu, eta elkartasuna adierazi nahi diegu harrapatuta jarraitzen duten bi pertsonen familiei eta gertukoei.
Testua eta argazkia: EH Bildu.
Ezer baino lehen, orain dela 15 egun Zaldibarren gertatutakoaren larritasuna azpimarratu nahi dugu. Gertaera larri baten aurrean gaude: bi langileren bizitza aurretik eraman duena, arrisku handiko egoera sortu duena eta ingurumen hondamendia eta osasun alarmako egoera eragin duena. Egoera konplexua da eta erantzukizunak oso larriak: behar diren maila guztietan argitu beharko dira.
Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu harrapatuta jarraitzen duten bi pertsonen familiei eta gertukoei.
Aurrekoa esanda, Osasun Sailak hilaren 14an Zaldibarko zabortegiaren inguruko airean furano eta dioxina kopuru altuak zeudela jakinarazteko egin zuen iragarkian jarri nahi dugu arreta. Horren ondorioz, 5 kilometroko segurtasun eremua ezarri zuten eta prebentzio neurriak hartu zituzten.
Erakunde batzuek planteatu dute segurtasun-eremuak zabalagoa izan beharko lukeela, eta 20 km-ra zabaltzea proposatu dute. Kontuan izan behar dugu Zaldibarko zabortegia Arrasatetik 14 bat km-ra dagoela lerro zuzenean eta gure Udalerriarekiko iparralderantz. Kontuan hartuta hemen nagusi diren haizeak (2019an jasotako airearen kalitatearen laginen arabera) gune horretatik datozela, uste dugu neurri bermatzaileak eta lasaigarriak izango liratekeela arnasten dugun airearen kalitatea, eta hemen ekoizten diren produktuen kalitatea ona dela bermatzea.

Horregatik, Arrasateko Udalari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzako sail aginpedunera jo dezala honako galdera hauek egiteko (eta beharrezkoak diren guztiak):
Airearen kalitateari buruzko neurketarik egin al da Arrasate, Aretxabaleta, edo Eskoriatza aldean, Zaldibartik gertuen dagoen eremuan neurtzen ari diren parametro berberak neurtzeko?
Neurketa horiek egin badira, zein izan da emaitza?
Erantzuna ezezkoa bada, egiteko asmorik badago?
Eskaera hori alkateari helarazten diogu, Udalaren izenean galdera horiek helaraz ditzan eta Arrasateko biztanleei mezu lasaigarri bat eman diezaien.