“Arrasaten 20 positibo atzematean, beste 8 ez dira atzematen”

1
3174

Mikrobiologian UPVko irakasle Joseba Bikandik azaldu du Arrasateko intzidentzia-tasa altuak “ondorio argia duela: infektaturen batzuek bizitza arrunta egiten dute eta katea mantentzen da”. Gehitu duenez, egun arrasatearrei beste herrietan poteatzen uztea “kalte handiak eragin ditzake”.

Argazkia: Joseba Bikandi.

Arrasateko intzidentzia-tasak 1.300 ingurukoa izaten jarraitzen du. Zerk eragiten hori? Non dago arazoa? Zer ondorio izan ditzake arrasatearren mugikortasuna handitzen uzteak?

Galdera hauei erantzun bat aurkitu guran, UPV-EHUko Mikrobiologian irakasle Joseba Bikandirekin elkarrizketa egin dugu aste honetan.

Kutsatze kopurua altuaren zergatia argitzeko, Unibertsitate irakasleak galdetu du ea Arrasatek baduen bereizgarririk, Covid-aren zabalkundean eragina izan dezakeena.

“Arrasateko bereizgarrietako bat da, Unibertsitatea daukanez, ikasle kopuru altua erakartzen duela. Halaber, ikasle-pisu ugari eta ikasleendako egoitza bat daude. Horiek eragina izan dezakete”.

“Nik Gasteizen mikrobiologiako irakasle gisa dihardut eta, epidemiologoa ez naizen arren, argi daukat Gasteizen ikasle-pisuetan dauden gazteak askotxo mugitu izan direla, eta ondorioz positibo askotxo izan dira inguru horietan”.

Aldiz, “pisuen arteko mugimendu hori antza gutxitu denean, positibo kopurua nabarmen jaitsi da”. Ikasle-pisuen ezaugarrietako bat da udalerri ezberdinetako gazteak batzen dituela:

“Ikasle horiek, astean zehar Arrasaten ibili ostean, euren herrietara itzultzen dira. Beraz, joan-etorriak egin dituzte, eta ‘berrelikadura’ bat gertatzen da udalerrien artean”.

Argitu beharreko puntu garrantzitsu bat da ondokoa da: “pisuetako ikasleek Arrasaten (seguruenik Arrasaten erroldaturik ez daudenak) positibo ematean, positibo horiek non kontabilizatzen dira? Arrasaten ala euren jatorrizko udalerrian?”.

Hala ere, “badira beste hiri eta herri batzuk EAEn ikasle asko erakartzen dituztenak, baina ez dituztenak Arrasatek bezainbesteko positibo”.

Arrasaten diharduten aztarnariek aurreko astean jakitera eman zuten “positibo gehien dituen adin tartea 15 eta 30 urte artekoa dela”. Baina hori “nahiko ohikoa da beste leku batzuetan ” Joseba Bikandik baieztatu duenez.

Enpresen munduan ere Arrasatek bezala “beste udalerri askok enpresa eta industria ugari dauzkate, baina ez dute Arrasateren intzidentzia mailarik. Printzipioz eguneroko lanean ez dirudi kooperatiba baten eta bestelako enpresa baten funtzionamenduetan alde handiak daudenik, behintzat Covid-ean eragin dezaketenak”.

Gainera, Arrasateko industriak hein handi batean metalurgian dihardu, eta Covid-ari dagokionez “metalurgia ez da bereziki kutsakorra. Askoz arriskutsuagoak dira janariak prestatzen dituzten enpresak, tenperaturak beste era batera kudeatu behar dituztelako”.

“Beste udalerri batzuetan ere catering zerbitzuen enpresak daude. Gasteizen ere badaude oso handiak direnak, baina, nik dakidanez, horrek ez du Gasteizko positiboetan eraginik izan”.

Era berean, Aita Menni Ospitaleko bigarren agerraldiko positiboak “Arrasateko positibo bezala zenbatzen diren edo ez argitu behar litzateke. Izan ere, hori izan liteke positibo kopuru altuaren jatorria edo jatorrietako bat”.

Horrelako erietxeetan, kutsatutako lagunak “isolatzeko arazoak egon ezkero, tasa altua denboran asko luza daiteke. Edonola ere, fokua leku batean edo bestean egonda, funtsean arazoa norbanakoaren jokabide desegokia da”.

Alde horretatik, Arrasaten arrazoi berezirik ez balego, “arazoaren funtsa norbanakoaren jokabide ez egokia litzateke. Nahikoa da herritar gutxi batzuek halako jokaera izatea herriak intzidentzia tasa altua jasateko edo momenturen batean gehitu eta tasa altuak mantentzeko denbora luzez”.

Estatistikei erreparatuta, “datu solteek ez dute arazoa argitzeko askorik balio eta, gainera, ondorio okerrak atera daitezke”.

Eusko Jaurlaritzak atzotik baimentzen du arrasatearrak Gipuzkoako edozein tokira joatea, adibidez ondoko herrira poteatzera joatea.

Erabaki hau “presio handien ondorio izan daiteke, baina bere ondorioz uste dut intzidentzia tasa handitu egingo dela, eta baliteke halako batean arazo gogorrak sortzea”.

Izan ere, “asintomatiko batzuk beste herri batzuetara joango dira, eta gutxi izan arren, arazo handia eragin dezakete. Gainera, tabernetan kontsumitzean musukoa ez da behar bezainbestetan erabiltzen”.

“Ikerketa batzuen arabera, kutsatzeen % 30 inguru tabernetan gertatu da, eta pertsona kutsatua izan ostean bere etxera joaten da, etxekoak kutsatuz kasu askotan”.

Gabonen testuinguru honetan, Jaurlaritzak baimendu du gehienez 10 pertsona batu ahal izatea, “baina hori errespeta dadin kontrolatzeko baliabideak jarri beharko lirateke, eta ez dakit dauden. Ez baleude, positiboak ugaritzeako arriskua nabarmena da”.

Joseba Bikandik Mikrobiologian adituak azaldu du “intzidentzia-tasak azken 15 egunetako positiboak zenbatzen dituenez, orain direla 15 egun positibo emandako pertsona gehienak gaur egun negatibo direla”.

Ikerketa batzuek ondorioztatu dute Euskal Autonomia Erkidegoan “7 positibo atzematean 3 positibo ez dira atzematen. Hau da, EAEn detektatzen da kutsatze aktiboen % 70 inguru, ez ordea beste % 30″.

Estatistika hori aplikatzen badiogu Arrasaten 20 positibo dituen egunari, horrek suposatzen du “Arrasateko 8 pertsona inguru hara eta hona dabiltzala birusarekin, euren kutsatzeak detektatu barik. Kopuru hori oso altua da, ez da txantxa”.

“Kontuan hartu 8 pertsona horiek egun bakar bati dagozkiola, hau da, beste egunetan ere (20 positibo inguru izan diren egunetan ere) Arrasateko beste 8 pertsona gehiago dabiltzala egoera berean, inguruko pertsonak kutsatzeko arriskuarekin. Kopuru horiek ikaragarriak dira”.

Horri gehitu behar zaio pertsona kutsatzen den egunetik “sintomak izateko probabilitate altuena 5. eta 6. egunean izaten da eta, bitartean, hara eta hona dabil kontrolik gabe. Infekzio sintomatikoen kasuan, orokorrean kutsatzea hasten da sintomak hasi baino 48 ordu lehenago, eta infekzio arina bada kutsatzen jarrai dezake beste pare bat egun inguru”.

Iruzkin 1

  1. Kuriosoa….””metalurgia ez da beteziki kutsakorra”, kutsatzen direnak pertsonak dira , bai ikasle pisuetan, bai residentzietan, bai, etxeetan, bai supermerkatuetan eta baita industrian. Badiruri industria ezin dela ikutu??? Zer gertatzen ari da kooperatibetan??? Ez daude daturik??? Ezdaude positiborik??? Zer control dagoO… eskonditzen dirá???

Utzi erantzuna Ni(r)i Erantzuna bertan behera

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen