Arrasateko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza areagotzeko hitzarmena sinatu da

0
1963

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko “lankidetzarako eta koordinaziorako” jarraibidea ezartzen duen hitzarmena sinatu dute Arrasateko Udalak eta Eusko Jaularitzak. Hala eman dute ezagutara Maria Ubarretxena alkateak, Arrasateko Udaltzain-buruak eta Ertzaintzako ordezkariak Udaletxean eskaini duten aurkezpenean.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Lurraldean erabilgarri dauden polizia baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea du helburu hitzarmenak. Hala nola, elkarlana aurrera ateratzeko arauak, zerbitzuen eta betebeharren banaketa, polizia-jardueren titulartasunak zehaztu, batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu, koordinaziorako irizpideak ezarri, dauden baliabideak era egokian erabiltzen direla ziurtatu, udalerrian poliziaren presentzia jarrai eta nabarmena bermatu, informazioaren trukaketa bermatu, eta abar. Hitzarmenak ere ondorengoa bideratuko du: polizia intereseko informazioa, bai aldizkakoa eta bai berehalakoa, trukatzeko mekanismoak eta presazko polizia komunikazioen protokoloa ezartzeko aukera.

Udaltzain-buruak azaldu duenez egunerokotasunak Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarrekin lan egitera bultzatzen ditu. “Gaur egunean indarrean dagoen polizia-ereduaren koherentzia sustatu nahian bi polizia-kidegoen arteko elkar-laguntza bilatzen du hitzarmenak”.

Gai honek ordea eztabaida sortu du atzo ospatutako bilkuran. Elkarrekin Arrasateko bozeramailea den Igor Urizar, honakoa adierazi du gaia plenoan azaldu denean: “Nire udal taldeak kontrako bozka emango dio hitzarmen proposamen honi. Hainbat arrazoi aurkitzen ditugu hontarako, baina batipat bi dira nagusiak. Alde batetik tramitearen formak hutsune handiak izan ditu gure ustez. Arrasateko udaltzaingoari zuzenki eragiten dio hitzarmen honek, udaltzaingo eta ertzaintza ereduen arteko lankidetza esparruak finkatzea xede bait du. Hau horrela izanda ezinbestekoa da langileei, kasuan udaltzaingoei, gaiaren gainean kontsulta egitea eta hauen iritzi eta ekarpenak jasotzea. Ez soilik udaltzain buruarena, langile osotasunaren ordezkaritza alde sindikala bait da. Zentzu honetan udal gobernuak esparru hau ukatu dio langile ordezkaritzari, berriro ere bere ahotsa zentsuratuz”.

Honetaz gain, Urizarren ustetan, akordioaren eragin politikoa ere pisu handia du: “Hitzarmen honi uko egiteko bigarren arrazoia eta askoz garrantzitsuagoa, edukiak duen sakontasun politikoa da. Hitzarmen honen bitartez ez dira soilik bi polizia gorputzen arteko lankidetza esparruak zehazten. Hitzarmen honek bi ereduen onarpen inplizitua dakar. Eta ez diet nire taldeko botoarekin eredu hauei onarpena emango. Ez gaude ados ertzaintzaren ereduarekin, ezkerreko mugimendu sozial eta politikoak errepresioz jazartzen dituen eredua; Urrian Kataluniako preso politikoen aldeko elkartasuna adierazi zuten Gazteizko 18 edo Bilboko 20 atxilotuak bezala, edo orain dela hilabete greba orokorrean langileen eskubideak defendatzeagatik atxilotu zituzten bostak. Edo aurreko astean bi seme izanik eraso matxistaren biktima bat etxetik botatzera joan zirenean Barakaldon”.

Hala ere, EAJ-ko Anuska Ezkurrak erantzun nahi izan zion Urizarri: “Hitzarmen honek 27 horri ditu eta 17 puntu desberdintzen ditu. Azken finean hitzarmen honek akordio bat sustatzen du eta bi taldeen arteko laguntza errazteko egina dago. Honekin koordinazio hobea eta eraginkorragoa lortzea du helburu bi taldeen artean. Herritarren alde eta bereziki herritarren segurtasunaren alde egiteko pentsatuta dago. Hori da garrantzitsuena eta helburu nagusia”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen