Irudiak: Ramon Ugaldek helarazitakoak.
Hasiera batean Mondragoeko herriaren batzarrak leku desberdinetan egiten ziren. Dokumentatuta dago Zaldibarko zelaian, Santa Barbarako beheko lauan edo parrokian egiten zirela. Geroago udal bilerak jauntxo batzuen etxe partikularretan egiten ziren eta azkenean udalak Iturriotz kaleko etxea batean kokatu zen. Baina hura eskasa iritzita mondragoetarrek udaletxe berri bat egitea erabaki zuten. Ordurako mondragoetarrek onartu behar izan zuten jarduerak udalaren behar bezala egiteko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak egiteko eraikin berri bat behar zutela. Eta ekimen hori serio baino serio hartu zuten.
Mondragoeko udaletxe berriaren eraikuntza XVIII. mendearen erdialdean garatu zen proiektu arkitektoniko interesgarriena izan zen. Lehenengo urratsak 1754 urtearen inguruan hasi ziren. 1755ean Joan Jose Araoz alkate zelarik Martin Karrera arkitektoak udaletxe berriaren trazak edo marrazkiak aurkeztu zituen.
Proiektu hau aurrera eramateko Arrasateko Kontzejuak bi apoderatu izendatu zituen:
Jose Migel Galartzako eta Santiago Arangurengo. Aurreratxuago, 1766an Aranguren hil egin zen eta bere ordezko Mateo Agirreko jarri zuten. Esan beharra dago ordezkarri hauen inplikazioa erabatekoa izan zela, obren jarraipena zehatza egin zuten, dirua ere aurreratu zuten sortzen ziren gastuak pagatzeko, inguruko artisau edo profesional onenak aukeratu zituzten, obren kalitatea baloratzeko eta onartzeko beste profesional batzuen iritzia jasotzen zuten.
Hasiera ezin hobea izan zuten, proiektuaren egilea garaiko arkitekto onena zen, Martin Karrera beasaindarra. Horretaz gain inguruko herrietako artisau onenak kontratatu zituzten: burdina lanak egiteko Elorrioko Rafael Ametzuako, Frantzisko Urrexola eta Fernando Santibañez, arotzak berriz Oñatikoak izan ziren gehienak: Blas Madinabeitia, Manuel Olaran, Bizente Ramirez de Peciña, Frantzisko Zelaia. Eta eraikineko zati esanguratsuenak pintatzeko eta urreztatzeko Haroraino joan ziren Manuel Agreda Ilarduirekin tratua egitea.
Galartza eta Aranguren, udalaren ordezkariak obra hau aurrera eramateko eskribau edo notarioengana joaten ziren artisau bakoitzarekin egin beharreko lanak zehazteko, epeak, kalitatea eta gainerako zertzeladak dokumentu ofizial edo protokolo batean jasota geratzen zen.
Udaletxe berria eraikitzeko plaza ondoko bi etxe zahar erosi zituzten: eta horrela eraikin berria Iturriotz kaletik Erdiko kaleraraino zabaldu ahal izan zuten. Orubeak tamaina desberdinekoak zirenez alde batekoa handiagoa da.

Goiko irudian: Udaletxearen oin planoa ikusten denez pixka bat irregularra da: aurreko fatxada atzekoa baino pixka bat luzeagoa eta Erdiko kalekoa Iturriotzkoa baino handiagoa. Era berean nabari da eraikuntza hiru hormartetan (krujia) antolatuta dagoela: arkupetakoa, sarrerakoa (estuena) eta atzekoa (zabalena).
Esan bezala proiektuaren egilea eta lanen zuzendari orokorra Martin Karrera izan zen, lehenengo arazoa udaletxea egiteko harri egokia aurkitzea zen eta Martinek inguruan ikustaldi bat egin ondoren Galarra azpiko kareharria egokia zela erabaki zuen. Harri gogorra eta astuna da nonbait eta harria ateratzeko polbora erabili behar zuten. Berau ebakitzeko eta mozteko ohikoak baino tresna gogorragoak behar ziren. Lantzeko zaila da eta ez du onartzen erliebe forma konplikatuegiak. Horregatik Galarrako kareharri honekin egindako lanak erliebe gutxikoak dira, lisoak oro har. Erliebe bihurriagoak eta fatxadako eskudua egiteko Aguraingo harrobietako hareharri zuria ekarri zuten. Kalitate oneko harria eskulturak eta egiteko erabiltzen dena. Aguraingo alkateak, Luis Antonio Soronek debalde eman ziola harria Mondragoeri.
Bergarako Gorosabel harrobiko harria ere erabili zuten, batez ere eskailera egiteko eta horretarako Jose Intxaurandiagarekin tratua egin zuten, baina honek aurreratutako dirua kobratu bai baina agindutako materiala ez zuen ekartzen. Hala ere, eskailera inperialeko mailak Gorosabeletik ekarritako pieza bakarreko harriekin egin ziren.
Honen harira gogoratu behar dugu Mondragoen dagoen legenda moduko bat, kontatzen dute Gipuzkoako herri guztiek lagundu zutela Arrasateko udaletxea eraikitzen eta Bergarako udalak harri bat baino ez zuela bidali. Zein da harri hori? Batzuek esaten dute eskailera hasierako lehenengo harria dela eta beste batzuek arkupetan eskumaldeko izkinan zulo karratu bat daukan harri bat dela. Ziotenez mutikoek aprobetxatzen ei zuten bertan txiza egiteko.
Interesgarria izango litzateke puntu horiek argitzea, alde batetik ea egia den Gipuzkoako herri guztiek lagundu zutela udaletxea eraikitzen eta Bergarako aipamen ilun hori. Izan ere, Arrasateko udaletxea 18 urtetik behin Gipuzkoako Batzar Nagusiak egiteko erabili zen eta baliteke horrela izatea.
Alboetako hormak egiteko ordea, Kostobaleko harrobiko zinbrine erabili zuten, kalitate eskaseko harria da, Arrasaten dagoen ugariena, denborarekin arbeldu egiten da, tuparria ere deitzen zaio eta erderaz “marga” edo “margocaliza”. Harri hau langaitza da, harri sillarrak egiteko zaila eta horregatik masarekin enfoskatu egiten da, raseatu denok ulertzeko.
Eraikuntzako lanak 1756ko udaberrian hasi ziren eta hamar urte geroago 1766an bukatu. Arrasateko udaletxea XVIII. mendekoa da. Udaletxe hau bere garaiko ikusgarriena izan zen. Izan ere, Karrera orduko arkitekto onena izateaz gain eraikuntza lan honetan bere ibilbidearen gailurrra jo zuen nire iritzian. Lan hau egiteko Arrasaten bertan hasi zen bizitzen Martin, Erdiko kaleko etxe batean baina beste lan batzuk ere zuzendu behar izan zituen eta agian hori izan daiteke udaletxeko aurreko matxoi batean zizelkaturiko markak: kana, teila, adreiluak eta baldosen neurriak zehazteko eta gredillak edo adreiluzko bobeda ego gangak egiteko forma egokiak.
Kontzejuko apoderatuen lana ere bikaina izan zen eta aitortu behar da euren lana ondo baino hobeto bete zutela.
Obra hau ez zen bat ere merkea eta urte batzutan mondragoetarrek ardoaren gaineko zerga berezi bat ordaindu behar izan zuten: lau marabedi azunbreko (azunbrea litro bi dira gutxi gorabehera). Beste zentsu edo mailegu batzuk ere atera behar izan zituzten eta Mendigurengo aritzak saldu ere bai (segurutik Gesalibarren). Hala ere, herritarrak oso pozik geratu ziren udaletxe berriarekin eta aste beteko jaiak ospatu zituzten zezenketa eta guzti.
Badirudi beraz, mondragoetarrak oso harro-harro eta pozik geratu zirela udaletxe berriarekin: denbora haretan eraikuntza zibil rokoko dotoreena, eta gainera Batzar Nagusietan Gipuzkoako herrietako ordezkariak hartzeko gela bikainena lortu zuten.
Dokumentazioa arakatzetik atera ditugun gauza interesgarrienak aipatuko ditugu ondoren.
Aurreko fatxada oso diferentea zen
Hala, aurrealde horretan bi motatako harriak erabili zituzten: Galarrako karearri grisa eta Aguraingo harearri zuria. Harearri zuria balkoietako moldura bihurriak eta eskudua egiteko erabili zuten. Harri bien arteko kontrastea areagotu egiten zen karearriari emandako galipot edo alkitran igurtiziarekin. Garai hartan tratamendu ohikoa zen harria babesteko eta iragaitztasuna edo inpermeabilitatea lortzeko. Kareharri grisa ilundu baitzuten.
Rafael Amezuak egindako balkoiak ere azpimarratzekoak dira estilo rokokoan onenetarikoak. Dotoreagoak izateko urreztatu egin zituzten, eta badirudi eskudua, balkoikoa ez ezik hormakoa ere kolorez margotuta zeudela (urrez, berdez eta gorriz). Balkoietako ateak ere bi koloretan pintatzeko adostu zuten; berde kardenilloz eta beste kolore batekin. Lan horiek Manuel Harokoari esleitu zioten (Manuel Agreda Ilarduy).
Beraz orain ikusten duguna baino askoz ere alaiagoa zen mondragoetarron udaletxearen aurrealdea, baina joan zen mendeko 60. hamarkadan oraindik Letonak eta Leibarrek gure udaletxea “serioa eta harmoniosoa” kalifikatzen zuten. Hau da, ordurako balkoietako urrea, eskuduaren koloreak balkoietako ateen kolore kontrastea… galduta zeuden, alaitasuna seriotasuna bihurtu zen baina oraindik harmonia bat gordetzen zuen, hau da, simetria bat, oreka bat.

Goiko argazkian: Udaletxeko arkupetan egurrezko ate bat baino ez zegoen erdian eta alboetan lau leiho bere burdinazko barrote galburudunekin (“mazorca”).
Kontuan hartu behar dugu gure udaletxea estilo barroko-rokokoan eraiki zutela moda-modan zegoen garaian eta nire ustez estilo honetan Arrasateko udaletxeak goia jo zuen, bere ingurua zabalean ez zeukan parekorik: eraikin orekatu bat estilo honetan ematen ziren gehiegikeriatan erori gabe. Izan ere, mende hartako mondragoetarrek gauzak elegante baina exajeratu barik egin zituzten. Baina handik gutxira akademizismoa nagusitu zen, eta Madrilgo San Fernando Akademiak arau zorrotzagoak ezarri zituen arkitekturan eta udaletxearen ezaugarri “alai” horiek ez ziren hainbeste baloratzen.
Alboetako fatxadak
Neurriz desberdinak dira, hala ere, Erdiko Kalekoa zabalagoa da Iturriotz kalekoa baino.
Iturriotz kalekoan kartzela eta armategia kokatzen ziren eta bertan beheko solairuan erdian ate bat zegoen eta alboetan bi lehio.
Erdiko kalean aldean ostatu bat zegoen ate handi batekin, alboetan bi leiho eta goiko pisuan lau balkoi. Iturriotz aldekoa baino dotoreagoa da, Madrildik Frantziarako errepidea bertatik pasatzen zen eta. Ostatuko atearen alboetan bi zulotxo igarri daitezke, zalditeriak lotzeko argoilentzat segurutik. Fatxada hauetako kantoiak eta ate alboak eta ateburuak egiteko Galarrako kareharri grisa erabili zuten, eta gainerakoa Kostobaleko zinbrine, kalitate gutxiagoko harria eta gero masarekin estali eta berdindtzeko. Zuriz pintatzea erabaki zuten.

Goiko argazkia: 1900 inguruko argazki hau oso adierazgarria da: udaletxeko atzeko partea libre zegoen eta balkoiak zuriz margotuta ageri dira (urrea joan ondoren gelditutako berunezko zuria edo albaialdea?).

Goiko marrazkia: Kartzelako atea, Iturriotzen. Jesus Trincadoren marrazkia.
Eta atzeko aldean zer?
Atzeko aldea jasotzeko ere Kostobalgo zinbrine edo tuparria erabili zuten. Ez zen lerro zuzena, esan bezala Erdiko Kaleko fatxada Iturriotzekoa baino luzeagoa zenez, erdialdean eten bat egin zioten bi lerro paralelo osatuz. Orain fatxada hau erabat estalita dago beste eraikin handi bat erantsi ziotelako. Baina argazki zaharretan ohartu gaitezkeenez Erdiko kaleko aldea libre zegoen, eta planoetan ere ikus daiteke bigarren pisuan bi lehio ireki zituztela. Fatxadaren beste aldean, Iturriotz aldera ere leiho handi bat zegoen eskailera inperialean argia sartzeko. Arrazoi asko daude pentsatzeko udaletxearen atzeko partea libre zegoela pentsatzeko, edo erantsita izan zezakeen eraikinak ez zirela lehengo solairutik pasatuko.
Barrualdean
Kanpoaldean ez ezik barrualdean ere elementu ineteresgarriak zeuden, segidan aletuko ditugu dokumentazioan aurkitu ditugun esanguratsuenak:
Eskailera inperiala
Ate Nagusitik hasten da eta Batzar Aretoan bukatzen da, 19 harri mailaz osatuta dago, harri bakarreko piezak 2,75 metroko zabalerakoak. Gorosabelgo harrobitik ekarri zituzten.
Eskaileraren barandila
Hau ere Elorrioko Rafael Amezuaren lana, segurutik urreztatuta. Estilo rokokoan lan bikaina. Apaindura berezikoa, jarritako baldintzetan eskatu zuten apainduren elementu zorrotzak, orriak eta lorak (azuzenak), kanpora begira egon behar zirela jantzietan urraturik ez egiteko. Balkoietan ere berdintsu egin zuten.
Eskaileraren gaineko ganga edo kupula
Atanasio Izagirre eta Manuel Ibarluzearen lana. Adreiluz eta igeltsoz egina zegoen. Gaztela aldean eta Alemania eta Austriako rokokoaren elementu tipikoak dira. Arrasatekoa bakarra zen Euskal Herri osoan baina tamalez kendu egin zuten joan zen mendeko 80ko hamarkadan. Oso dotorea zen: zortzi ataletan banatuta eta atal bakoitzean eskudutxo rokokoak.
Eskailerako gune honetan ere aipatu beharrekoak ziren Espainiko monarkia borbongoaren eskudua eta Gipuzkoako eskudu tradizionala. Eskailera tarte hori argitzeko beirate interesgarri bat zegoen. Beste froga bat udaletxe ostean ez zegoela eraikinik.

Pleno aretoa
Gela honetan ere mondragoetarrek ahalegin handia egin zuten “gauza handi bat” lortzeko. Azpimarratzekoak ziren aulkiak, sabaia, eskudua, koroia, ateak eta leihoak. Xehetasun guztiak zaindu zituzten eta. Luxozkotzat jotzen zuten garaiko kronistek. Gela zabala da 128 metro kuadrokoa eta 5,15 mko altuerakoa.. Egin zutenean ate bakarra zeukan.

Sabai artesonatua
Estilo rokokoan egina, 1928an berriztu egin zuten. Esango nuke barrualdean gordetzen den jatorrizko elementu bakarra dela.
Aulkiteria
Aulkiak Oñatiko arotzek egin zituzten, Manuel Olaran eta Bizente Ramirez de la Piscina (dokumentu batzuetan Peciña irakur daitekeela pentsa daiteke). Guztia 63 aulki ziren, Gipuzkoako herrien ordezkari bakoitzeko bat. Arrasaten 18 urtetik behin biltzen ziren. Enkargua egin zietenean Oñatiko arotzei zehaztu zuten bost silla behinik behin bereziak izan behar zirela, erdian kokatuko zirenak. Izan ere, Arrasateko ordezkaria korrejidorearen ezkerreko bigarren aulkian esertzen zen. Gaur egun erdikoa baino ez da geratzen. Bere gainean txirla edo nitxo moduko bat daukana. Aulki kopurua dezente murriztu da eta disposizioa ere aldatu egin da: Eskuma aldetik ezkerrera pasatu zuten.
Erdiko aulkiaren kontxaren gaineko Mondragoeko eskudua eta koroia ere azpimarratzekoak ziren.
Gainerako arotz lanak: Leihoak eta ateak
Ateak eta leihoak ere estilo rokokoan eginda zeuden. Tamalez Batzar aretoko balkoiko ate berrietan ez dute zaindu panelatu tradizionala.
Alkatearen gelako ateburuan San Juanen estatuatxo bat zegoen, argazki batean agertzen da. Estatua txikiak rokokoaren tipikoak dira. Hau ere desagertuta dagoenez ezin dugu gehiago zehaztu.
Esan bezala mondragoetarrak oso pozik geratu ziren udaletxearekin. Gipuzkoako Batzar Nagusiak egiteko eraikin dotoreena ere bazen eta harrotasun puntu batekin erakutsiko zieten Gipuzkoako herrien ordezkariei. Bertatik pasatu ziren bidaiari askoren goraipamenak jaso zituen. Artearen historiako liburu gehienetan ere ematen zuten bere edertasunaren berri. Egia esan eraikin honi edertasuna ematen zioten ezaugarri batzuk higatzen eta desagertzen joan ziren. Higatze natural prozesu hori udaletxearen fatxadan nabaritu da batez ere.

Zalantza izpirik gabe esan dezakegu Arrasateko udaletxea bere garaiko arkitektura rokokoaren adibibe onenetarikoa izan zela, arkitektura zibilean zaila da gurea baino ale hoberik aurkitzea. Kanpotik zein barrutik elementu dotore pilo bat zeuzkan eta orokorrean multzo arkitektoniko bikaina zen… harik eta XX. mendean udaleko agintea lehengo frankisten esku eta geroago alderdi politikoen eskura pasatu zenean. Baina hori beste atal batzutan aztertuko dugu.




