Arrasateko Udalaren Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpena

0
325

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

EUSKARAREN EGUNA | Abenduak 3

TESTUINGURUA

Azken hamarkadetan euskalduntze prozesuan urratsak eman badira ere, egun indarberritze bulkada ahuldua dagoela agerikoa da eta datuek geldotze-aro batean sartu garela erakusten dute. Euskarak egun hizkuntza minorizatu baten adierazpide ezberdinak bizi ditu:

  • Ezagutza-erabilera binomioari dagokionez, hizkuntza-gaitasunen eta motibazio-sistemaren garapenean urratsik eman gabe erabilera-kurbak ez du gorantz egingo, are, beheranzko joerari eustea zaila izango da.
  • Euskararen kontrako oldarraldi politiko-judiziala egiturazkoa da, eta indarrean dagoen araubidea auzitan jartzera iritsi da.
  • Mundua zeharo aldatu da, XX. mendeko hizkuntza-politiketako askok ez digute XXI. mendean balio.

Hau honela, ezagutza eta erabileraren arteko korapiloa berrikusi, aztertu eta hausnartzeko unea iritsi da, orain arte egiten ari garena eginez ez dugulako aurrera egingo, are atzera egingo dugulako.

Ildo honetatik Udal gobernuak adierazpen hau kaleratuko du Abenduaren 3aren bueltan, hizkuntza politikan jauzia eman eta kontsentsu politiko berriak eraikitzeko aldarria eginez.

Euskararen Nazioarteko Egunerako Adierazpena

Euskararen alde inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.

Euskararentzat egoera berezian iritsiko da 2023ko Euskararen Nazioarteko Eguna. Urte luzeetan administrazioa euskalduntzen egindako lanak oinarri izan duen egitura juridikoa zalantzan jarri duten hainbat epairen ondotik, inoizko herritarren erantzun handienaren biharamunean baikaude.

30 urtean, euskarak ukatu ezineko urratsa egin du administrazio publikoan. Erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen administrazioa euskalduntzeko bide luzea egin da, hainbat erakundek ia erabat euskaraz funtzionatzera heldu arte. Ez da bide erraza izan, baina konbentzimenduz egin dugu bidea, euskarak irabazi beharreko eremua zela sinesten genuelako eta sinesten dugulako.

Hizkuntza gutxitua da gurea, ordea, eta hizkuntza gutxitu baten biziberritze prozesuan egiten den sustapena eraginkorra izango bada, babesa behar du, babes osoa, baita lege babesa ere.

Euskal jendartearen gehiengoak euskararen aldeko jarrera du. Eusko Legebiltzarrak, esaterako, adostasun zabalarekin hartu zituen azken epaiek mugatu nahi dituzten legeak eta dekretuak. Botere judizialak, adostasun zabal horren babesarekin egindako hizkuntza politika trabatu nahi du.

Gure erakundeek hartu eta herritarren gehiengo zabalak babestu dituen erabakiak defendatzea dagokigu, beraz. Nahikoa dela esatea, eta ausardiaz aurrera egitea. Euskarak aurrera egiteko ezinbestekoak dituen hizkuntza politikak bultzatu eta horiek babesteko legeen oinarriak adostu behar ditugu. Erakunde publikooi dagokigu euskararen biziberritzea benetakoa eta noranahikoa izatea ahalbideratuko duen akordio sozial eta politiko zabala lortzeko bidea egitea.

Abenduaren 3a egun aproposa da bide horren abiapuntua marrazteko. Adostasunez nora goazen argi esan, eta egin beharreko urratsak zehazten hasteko garaia da. Hori esan ziguten azaroaren 4an Bilboko kaleak bete zituzten milaka eta milaka herritarrek.

Euskal Herriak euskararen aldeko lanean jauzi kualitatiboak egiteko garaia du, eta adierazpen hau sinatzen dugunok horretarako konpromisoa hartzen dugu.

Bide batez, gure herrian euskararen normalizazioaren alde hainbeste egin duen AED elkartearen 40. urteurrena ospatzen ari garen honetan, arrasatear guztiei dei egiten diegu asteburu honetarako deituta dauden ospakizun ekitaldietan parte har dezatela, poztasunetik eta alaitasunetik egindako lan eskerga omen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen