Arrasateko Udalak taxi eta autobus zerbitzuak indartuko ditu Maritxu Kajoirako

0
1678

Arrasateko Udalak garraio publikoaren zerbitzuak indartuko ditu Maritxu Kajoi egunean, herritarren joan-etorri seguruak bermatzeko eta autoaren erabilera saihesteko. Horren barruan, landa auzoetako bizilagunentzako taxi zerbitzu berezia eta Lurraldebusen gaueko autobus zerbitzua izango dira martxan.

Udalaren taxi zerbitzua adin guztietako landa auzoetako bizilagunei zuzenduta egongo da, betiere bidaia landa auzo batekin lotuta badago. Zerbitzua Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar eta udalerriko beste landa gune batzuetan kokatutako baserrietara joateko edo haietatik itzultzeko erabili ahal izango da. Bidaiarien segurtasuna bermatzeko, atez ateko zerbitzua eskainiko da.

Taxi zerbitzua Maritxu Kajoi egunean egongo da martxan, 22:00etatik 08:00etara. Erabili ahal izateko, 688 73 52 23 telefonora deitu beharko da; telefonoa 21:30etik aurrera egongo da erabilgarri, eta erabiltzaileek taxilariekin hitzordua adostu beharko dute. Bidaia bakoitzeko euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko da pertsona bakoitzeko. Udaletik azaldu dutenez, modu horretan autobus zerbitzuarekin parekatu nahi dute prezioa.

Bestalde, Lurraldebusek gaueko zerbitzu berezia eskainiko du Maritxu Kajoi egunean, eskualdeko herrien arteko joan-etorriak errazteko. Urriaren 2ko gauean, urteko gainerako larunbatetan bezala, DG40G eta DG41G lineak eta dagozkien ordutegiak izango dira erabilgarri.

Horrez gain, larunbat goizean Arrasatetik abiatzen diren Lurraldebusen lineek errefortzuak izango dituzte. Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileen arretarako 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.

Neurri horien bidez, Arrasateko Udalak Maritxu Kajoi egunean mugikortasun segurua eta iraunkorra sustatu nahi du, herritarrek garraio publikoa erabiltzeko aukera izan dezaten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen