Arrasateko Udalak San Juan jaien balantze positiboa egin du, herritar, eragile zein langile guztien lana eskertuz

0
786

Ekainaren 24ko entzierroan gertatutako pilaketaren harira Udalak, datorren urtera begira pilaketak ekidite nahian, entzierroetan aldaketak proposatuko ditu antolakuntzako eragileekin batera lantzeko.

Testua: Arrasateko Udala.Argazkia: MB artxiboa.

Arrasateko Udalak amaitu berri diren San Juan jaien balantze positiboa burutu du: “eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, ia ekintza guztiak garatu ahal izan dira eta jaiak arrasatearren partaidetzagatik markatuak izan dira, jai-giroak eta errespetua protagonista izan dituztenak”.

Arrasateko Udalak herritarren partehartze handia eta kultur eragileen lana eta konpromisoa azpimarratu ditu. Era berean, inplikatutako guztiek egun hauetan izan duten portaera eredugarria nabarmendu dute, elkarbizitza, alaitasuna eta dibertsio handia ezaugarri izan dituena: “herritarren eta batez ere antolakuntzan parte hartzen duten eragileen inplikaziorik gabe Arrasateko San Juanak ez lirateke direnak izango”.

Eskertu du ere udal-langile guztiek egindako lana: “Udaltzaingoa, Kultura-teknikariak, Brigadako langileak, Berdintasun alorreko teknikariak… guztien artean jai egunak aurrera eramatea ahalbidetu dute.”

Gertakari aipagarria ekainaren 24ko entzierroan gertatutako pilaketa izan da. Udalak adierazi duenez, “zorionez larri zauritutako pertsonarik ez izan arren, bertan inplikatutakoak egoki errekuperatzen ari dira izandako ubeldu eta arrastadetatik. Ahalik eta lasterren hobetzea opa diegu guztiei. Udalak, datorren urtera begira pilaketak ekidite nahian, entzierroak egiteko eran aldaketak proposatuko ditu antolakuntzako eragileekin batera lantzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen