Arrasateko Udalak ‘azpiegitura berdea, klima eta energiaren plana’ idazteko prozesua abiarazi du, horretarako, herritar eta eragileen iritzia entzun nahi du. Prozesuaren lehen fasea martxoan izango da, eta bigarren fasea maiatzean. Arrasate aldaketa klimatikoari egokitzeko plana izango da, ota herritarrek modu presentzialean eta online parte hartzeko aukera izango dute. “Herritarrei entzun nahi diegu, auzo bakoitzaren beharrak identifikatzeko”, azaldu du Garazi Etxeberriak
Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasuneko zinegotziak adierazi du helburua dela Arrasateko bizilagunen ideiak, beharrak eta nahiak jasotzea, hirigintza eredu jasangarriago berri bat definitzeko. Horretarako, herritarren ideia, nahi eta beharrak ezagutu nahi ditugu. Auzoz auzo dauden beharrak identifikatzeko” adierazi du Etxeberriak. Proiektu hau berritzailea izango da Gipuzkoan, hiru alderdi horiek plan bakar batean integratzen baititu lehen aldiz.
Naturklima Fundazioak klima aldaketari buruz egin berri duen txosten baten arabera, Arrasate Gipuzkoako hirigune kalteberenen artean dago, tenperaturen igoeragatik eta berdeguneen faltagatik. Egoera horrek ingurumena gehiago errespetatzen duen urbanizazio eredu baterantz aldatzeko premia azpimarratu dute.
Aipatu bezala, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da plana egiteko. Martxoaren 1etik aurrera, galdetegi digital bat gaituko da (https://partehartu-arrasateberdea.eus/es), herritarrek beraien iritziak eman ahal izan ditzaten. Gainera, hainbat saio presentzial antolatu dira hainbat auzotan martxoaren 11tik 25era. Gainera, Haurren Kontseiluarekin eta Hirigintzako Aholku Batzordearekin bileak egingo dira:
- Erdialdea: martxoak 11, 18: 30, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan
- Musakola-Santa Marina: martxoak 17, 18:30, Musakola Jubilatuen Etxea
- San Andres: martxoak 18, 18:30, Etxaluzeko AXeri aretoa
- Uribarri-Erguin auzoak: martxoak 24, 18:30, Jubilatuen Etxea (Usaetxe)
- Landa auzoak: martxoak 25, 18:30, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan
- Haurren Kontseilua: martxoaren 14an, 11:00etan
- Hirigintzako Aholku Batzordea: martxoaren 10ean, 18:30ean
Prozesua hiru fasetan egituratzen da: egungo egoeraren diagnostikoa, proposamenak egitea eta ekintza plana idaztea. Lehen fasean metodologia presentzialak eta digitalak uztartzen dira, eta bigarren fasean, maiatzean, proposamen zehatzak jasotzen dira. Planak hiria berdatzeko funtsezkoak diren bost eremu ere jorratzen ditu: zuhaitzak, berdeguneak, gune grisak, eraikinak eta ibaiak.
- Zuhaitzak: Arrasateko kaleetan dauden zuhaitz kopurua, eta hauen kalitatea, aztertuko da. Herritarrek beraien iritziak emateko aukera izango dute, hau da, gehiago edo gutxiago beharrezkoak diren adierazteko.
- Berdeguneak: Arrasaten dauden parke. lorategi eta zelaien azterketa egingo da. Hauek nolakoak diren eta nolakoak izan beharko luketen adierazi beharko dute herritarren beraien iritziekin.
- Gune grisak: herriko plaza, espaloi eta aparkalekuak, besteak beste, aztertuko dira aldagai honetan. Gaur egungo egoera zer nolakoa den, eta agertoki ezberdinak aztertuz, egokienaren inguruko iitzi bat eman beharko da.
- Eraikinak: Arrasaten ditugun etxebizitzak, jarduera ekonomikoak, eraikin publikoak eta beste ekipamendu batzuk aztertuko dira ikuspegi berde batetik, hau da, hauen estalki edo fatxadak zein neurritan dauden berdeztatuak.
- lbaiak: Bi ibaik zeharkatzen dute Arrasate, eta zatiaren arabera, ibaiak modalitate ezberdinak ditu. Hauek aztertu eta esku hartzeak egin behar diren iritzi beharko da.




