Arrasateko Udalak ospitalearen eta autobus geltokiaren alboko behin-behineko aparkalekua txukunduko du datorren astean

1
988

Zorua drainatuko da putzuak saihesteko eta hartxintxar-geruza batekin zolatuko da. Lan horiek datorren asteartean, otsailaren 22an, hasiko dira, eta 3 egun inguruko iraupena izango dute. Lanek dirauten bitartean, ez da TAO zerbitzurik egongo Eskualdeko Ospitalearen inguruan.

Testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak datorren astean egokituko du ospitalearen eta autobus geltokiaren ondoko behin-behineko aparkalekua. Horrela, azken hilabeteetan jasotako herritarren iradokizunei erantzuten die.

Lurraren baldintzak direla-eta, teknikoki ezinezkoa da eremua asfaltatzea. Hori dela eta, drainatze-lanak egingo dira putzuak saihesteko, eta lurra hartxintxar-geruza batekin beteko da.

Lan hauek datorren asteartean, otsailak 22, hasiko dira eta 3 egun inguruko iraupena izango dute. Lanek dirauten bitartean aparkalekua ez da erabiliko; beraz, ez da TAO zerbitzurik egongo Eskualdeko Ospitalearen inguruan.

Era berean, Osakidetzak obra esleitu du larrialdi-gunearen ondoan aparkaleku berri bat egiteko, eta doakoa izango da.

Udalak gogorarazi du martxoan ezagutaraziko direla TAO sisteman egingo diren aldaketak, eta zonaldean ere eragina izango dutela, egoera hobetzeko helburuarekin.

Horrela, Udalak Eskualdeko Ospitalearen inguruko aparkalekuen arazoari erantzun nahi dio, bertan auto askok bat egiten baitute: Ospitaleko bertako langileenak, inguruetan bizi diren bizilagunenak eta osasun-zerbitzuetara jotzen duten eskualdeko pazienteenak.

Osakidetzak eraikiko duen ospitale berria, zaharra eraitsiz eta lurpeko aparkalekua sortuz, aparkalekuen antolamendua hobetzen lagunduko du.


13.483 ibilgailu daude erregistratuta Arrasaten

Arrasaten 13.483 ibilgailu daude gaur egun herriko erregistroan izena emanda. 2016an 12.805 ibilgailu eta 22.052 biztanle zeudela kontuan hartuta, 5 urtetan 678 ibilgailu gehiago ditugu, biztanleriak bere horretan jarraitzen duen bitartean.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen