Arrasateko Udalak ongizate emozionalari buruzko hitzaldi zikloa antolatu du

0
1429

Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuek ongizate emozionalaren inguruko hitzaldi zikloa antolatu dute hainbat elkarterekin eta Ediren Osasun Kooperatibarekin elkarlanean. Urritik ekainera bitartean egingo dituzte saioak, eta gazteen mendekotasunak, norberaren buruari ezarritako presioa eta bizitzako krisiei aurre egiteko moduak izango dituzte hizpide.

Lehen hitzaldia urriaren 27an izango da, asteartean, 18:00etan, gazteria eta mendekotasunak lantzeko. Alain Urra Ibáñez de Sendadiano Ediren Osasun Kooperatibako psikologoak substantzien eta jokabideen inguruko mendekotasunak aztertuko ditu, baita horien atzean egon daitezkeen zentzuaren bilaketak ere. Saioa gaztelaniaz izango da.

Bigarren hitzordua azaroaren 12an izango da, 18:00etan. ACABE elkarteko Mari Jose Arruti eta Yolanda Iglesias psikologoek norberak bere buruari ezartzen dion presioari buruz hitz egingo dute, eta presioa arintzeko zein norberaren burua hobeto tratatzeko tresnak landuko dituzte. Hitzaldia gaztelaniaz eskainiko dute.

Azaroaren 26an, berriz, Haizea Marijuan Bengoa Ediren Osasun Kooperatibako psikologoak bizitzako krisiei buruzko saioa emango du, euskaraz, 18:30ean. Urtarriletik aurrera, hilean behin egingo diren hitzaldietan beste gai batzuk ere jorratuko dituzte, hala nola terapiara jotzea, haserrearen kudeaketa, psikofarmakoen eginkizuna, estigma, laguntza harremanak eta patologia duala emakumeengan.

Hitzaldi zikloa ACABE, AGIFES, ASEPADUAL eta Katearen Loturak elkarteekin eta Ediren Osasun Kooperatibarekin elkarlanean antolatu du Udalak, herritarren ongizate emozionalari buruzko hausnarketa eta ezagutza sustatzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen