Arrasateko Udalak Mondragon Unibertsitateko EMUF taldearen proiektuari babesa eman dio

1
532

EMUF ‘Formula Student Mondragon‘ Ikasleen elkarteak sortutako prototipoa  2021eko ‘Formula Student Spain’ lehiaketan parte hartuko du. Maria Ubarretxena alkateak balioan jarri du elkarlan publiko-pribatua.

EMUF ‘Formula Student’ Mondragon Ikasleen elkartea – Asociación Estudiantil Formula Student Mondragon’ elkartearen lana martxa bizian doa: 2021eko ‘Formula Student Spain’ lehiaketan parte hartzeko asmoz, Formula 1eko auto elektriko bat diseinatzen ari da eta prototipo bat ekoizten. 2020 eta 2021 urteetarako ikasleen elkarteak 31.580 euroko aurrekontua du proiektua gauzatzeko. Arrasateko Udalak 3.000 euroz lagundu du, eta babesletza horrek ‘Gold Sponsor’ izaera emango dio. Udalaren 2020/2023 Plan Estrategikoan (“ekintzailetzar eta ikerkuntza gazteen artean sustatzea”) ildo nagusi da, eta proiektua bera pausu garrantzitsua denez herriaren garapen ekonomikoan, ekologikoan, jasangarrian eta sozialean, udal gobernuak erabaki du proiektua babestea eta sustatzea.

Maria Ubarretxena alkateak, EMUF taldeko koordinatzaile Beñat Arregi eta diseinu eta karrozeria arduradun Eguzkiñe del Vallerekin eskaini duen prentsa agerraldian, balioan jarri du elkarlan publiko-pribatua: “Ekimen honen parte dira administrazioa, hezkuntza eta enpresak. Proiektu honek aurrera pausu ugari lortu dezake ibilgailu elektrikoen paradigman, eta zuzenean eragingo die gure herriaren ongizateari eta ingurunearen babes eta jasangarritasunari. Etorkizuna proiektu partekatua da guztiontzat eta era kolaboratiboan landu beharrekoa. Ezbairik gabe, hau da bidea, eta Arrasateko Udala bidelagun izango da”.

EMUF ekimenaren laguntzaileak dira Mondragon Unibertsitatea, Irizar, Ikerlan, Altair, ClickUp, Urkunde, KimuBerri eta Danatek, Arrasateko Udalarekin batera.

2019ko azaroan ‘Formula Student Mondragon-EMUF’ ikasleen elkarteak izen bereko proiektua aurkeztu zion Arrasateko Udalari. EMUF egitasmoaren xedea da Formula 1eko automobil elektriko baten prototipoa sortzea (diseinatu, garatu, fabrikatu eta horren negozio plana landu), Espainian ‘Formula Student’ izeneko lehiaketan parte hartzeko. Ekimen horretan, ez kurrikulara, Mondragon Unibertsitateko kanpus eta diziplina askotako 24 ikasleek (politeknikoetakoa, enpresagintzakoa eta humanitateetakoa) esku hartzen dute, eta ekimenak sorkuntza, ekintzailetzar eta ikerkuntza batzen ditu.

‘Formula Student’  lehiaketa mundu hainbat herrialdetan egiten da.  AEBen  sortu zen 80 hamarkadan, eta Formula 1eko autoak garatzea da bere helburua. EMUF taldeak Bartzelonan 2021ean egingo den lehiaketan parte hartuko du.  Iaz 100 taldek parte hartu zuten, 23 herrialdeetatik etorritakoak (Europa, India, Japonia, Txina,…). Arregik azpimarratu duenez “automozio enpresa ugari holako lehiaketak aprobetxatzen dituzte ingeniari berriak fitxatzeko.”

Iruzkin 1

  1. Elkarlan publiko-pribatua, noski. Arizmendi eta MU aldizkari kooletan agertzera eraman dutenak, Eskola Publikoko eraikinak penagarri dauden bitartean. Osasungintzan ez genuke horrelakorik onartuko, Udaletxea Centro Medico Udalaitzekin hitzarmenak sinatzen ikustea, Hospitale publikoa kinka larrian egongo balitz. Badaude behar argiak non inbertitu, guztiz publikoak diren ekimen eta alorretan, publiko-pribatu ekimen hauetan baino lehenago. Alkatea guztion poltsikotik bizi da baina kooperatibei bakarrik laguntzen die. Kooperatibak oso ondo daude, baina badituzte jabeak eta onuradunak, eta ez gara herritar guztiak. Alkateak guztiongan eragina duten ekintzak bultzatu beharko lituzke lehenbizi, eta gero besteak. Osasungitza eta hezkuntza publikoa, kultura publikoa (ez Arrasate Musikal) eta zerbitzu publikoak… Ezin da izan gureak lehenbizi eta gero besteak, guztiak lehenbizi eta gero gureak baizik. Gauza bat eskatzen diot alkateari, egin dezala behingoz agerraldi bat zerbait PUBLIKOA balioan jartzen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen