Arrasateko Udalak laguntzak bultzatu ditu herriko elkarteek antolatutako udalekuetan haurren parte-hartzea sustatzeko

3
966

Diru-laguntza partaidetza-kuotaren % 90ekoa izango da, eta gehienez 200 € emango dira haur bakoitzeko. Gainerako % 10a familiak ordainduko du. Diru-laguntza horiek 3 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek eskatu ahal izango dituzte. Eskabideak aurkezteko epea 2022ko ekainaren 30ean amaituko da. Eskabideak modu telematikoan aurkez daitezke www.arrasate.eus webgunean edo aurrez aurre BAZ-en.

Testua: Arrasate Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Arrasateko Udalak, aukera-berdintasunean eragiteko asmoz, laguntza-deialdi bat jarri du abian, irabazi-asmorik gabeko tokiko elkarteek antolatutako udalekuetan Arrasateko haurren parte-hartzea sustatzeko.

Diru-laguntza partaidetza-kuotaren % 90ekoa izango da, eta gehienez ere 200 € emango dira haur bakoitzeko. Gainerako % 10a familiak ordainduko du. Udalak zuzenean ordainduko dizkie emandako diru-laguntzak udalekuak antolatzen dituzten tokiko elkarteei.

Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotziak adierazi duenez, Udalaren helburua da haurrak udalekuetara joateko aukerarik gabe ez geratzea: “Udaleku hauek irabazi asmorik gabeko tokiko elkarte ugarik antolatzen dituzte: Txatxilipurdi, Doke, kirol elkarteak… Aisialdiko, kulturako eta kiroleko eskaintza hori hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen da, eta haur askorentzat onuragarria izan daiteke, haurren garapen integralean eragin positiboa izan baitezake. Izan ere, udalekuetan ikasi eta ondo pasatzeaz gain, pertsonen arteko harremanak sustatzen dira eta balio asko lantzen dira. Oporretan, udalekuek aukera ematen diete haur askori euskaraz bizitzen jarraitzeko, eta eragina izan dezakete euskaraz integratzeko unean”.


Diru-laguntza horiek 3 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek eskatu ahal izango dituzte. Haur bakoitzak diru-laguntza eskatu ahal izango du udaleku-programa bakar baterako.

Diru-laguntza jasotzeko, familiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte izena emateko unean: urteko diru-sarrera gordinek ezin izango dituzte honako zenbateko hauek gainditu: 2 pertsonako bizikidetza-unitateak: 20.000 €, 3 pertsonako bizikidetza-unitateak: 26.000 €, eta 4 pertsona edo gehiagoko bizikidetza-unitateak: 30.000 €. Arrasaten erroldatuta egon behar dute, eta egunean egon behar dute udal-tasa, -isun eta -zergen ordainketan.


Eskabideak aurkezteko epea 2022ko ekainaren 30ean amaituko da. Eskabideak modu telematikoan aurkez daitezke www.arrasate.eus webgunean edo aurrez aurre BAZ Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Arano eta Garcia maisu-maistrak kalea, 8).

3 IRUZKIN

  1. Euskararen eta inklusioaren alde udalekuek izan dezaketen papera aitortzen duzue eta ados egonik, egitasmo beharrezko eta egokia iruditzen zait.
    Bere garaian, hezkuntza zentro ezberdinetako lagunak egin genituen Multikiroleko Udalekuetan (orain LEK). La Mercedeko lagun batzuk adibidez, multikirolean eta udalekuetan ezagutu nituen.
    Uste dut Multikiroleko Udalekuek egiten zuten funtsezko lan hori, sare ezberdinetako umeak, euskararen, naturaren eta kirolaren bueltan elkartzea, Txatxilipurdiko Udalekuek betetzea nahi izan dela. Baina Txatxilikoek arrakasta nahiko handia duten arren, bilakaera bestelakoa izan da eta gaur egun badira zenbait udaleku oso esanguratsuak bertako partaideentzat bakarrik antolatzen direnak, dirulaguntzak jasota ere, herriko ume asko eta askok izena eman ez dezaketenak.
    Beraz, animatzen zaituztet herriko ume guztientzat zabalik dauden udalekuak lehentasunez sustatzera, ateak itxita dituzten horiekin eseri eta herri euskaldun kohesionatu baten aldeko bestelako eskaintza komun bat diseinatzera. Ziur nagoelako gainera, guztiok helburu beretsuak ditugula.
    Eta beste hainbeste, Musika Eskola, eskolaz kanpoko ekintzekin etb. lan handia eta interesgarria egin daiteke.

  2. Ze zabitz insinuatzen Eneko kirol elkarteen udalekuak bertako partaideentzat direla bakarrik? Ze nik esan ahal dotzut oso oker zabiltzala, nire semea futboleko kanpusera joan zen joan den urtean, eta esan dezaket edozeini irekida dagoela.
    Espero zure hitzak gaizki ulertu izana, ze benetan larria izango litzateke kirol elkarteen aurkako adierazpenak badira.

  3. Ez dira inoren aurkako adierazpenak. Zu zara hemen kirol elkarteak nire aurka jarri nahi dituzuna, baina ez duzu lortuko, beti heuren alde egin dudalako eta asko estimatzen ditudalako.
    Eskaintza osoa aztertu eta hobetzeko gonbitea egin dizuet, uste dut horretarako zaudetela Udaletxean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen