Arrasateko Udalak ikastetxeen eta udal-eraikinen garbiketa zerbitzua indartu du covid-19aren eraginez

0
553

Arrasateko Udalak udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren behin-behineko eguneratzea burutu du, covid-19aren eraginez martxotik egon diren behar aldaketak kontuan izanda eta hartuko diren neurri hauek, abendura bitarte, 68.652,72 euroko aurrekontua izango dute. Udalak garbiketa zerbitzua ia bikoiztu egin du Erguin, Bedoña eta Musakola ikastetxeetan eta Bedoñabe eta Musakola haurreskoletan.

Testua: Arrasateko Udala.

Garbiketa zerbitzuak koronabirusen eraginez hainbat aldaketa izan ditu alarma egoeraren hasieratik. Orain, normaltasun berrian murgilduta, Arrasateko Udalak erabaki du udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren behin-behineko eguneratzea egitea. Horretarako, informazioa eskatu zaie udal departamentu guztiei kudeatzen dituzten zerbitzuen garbiketa beharren inguruan, eta zerbitzu bakoitza sakonki aztertu da.

Alarma egoera ezarri zenetik, etapa desberdinak izan ditu garbiketa zerbitzuak. Hasieran, eskolak itxita zeudenean, kale garbiketa zerbitzua indartu zen, desinfekzio lanak lehenesteko batez ere kaleetan, ospitalean, anbulategian eta merkatalgune handien sarreretan. Egun, zerbitzu hau normaltasunera itzuli da. Mantentzen den garbiketa berezia haurren parkeen garbiketa zerbitzua da. Parkeak zabaltzeko araua irten zenean, hauen garbiketa indartzeko eskatu zen, eta ondorioz, astean parke bakoitza bi edo hiru aldiz desinfektatzen da.

Orain, eraikinetako garbiketa zerbitzuak indartzea eskatzen da alarma egoera ostean argitaratu diren araudi eta gomendioetan, eskoletakoa berezia izanik. Hori horrela, Arrasateko Udalak erabaki du eraikinen garbiketa zerbitzua indartzea. Lokal guztietan egokitu da zerbitzua eta indartu da gune amankomunen eta asko ukitzen diren elementuen garbiketa. Bestalde, garbiketa zerbitzuak astero garbituko ditu lanpostuak, baina langile bakoitza arduratu beharko da bere lanpostuko azaleko garbiketaz. Bilera geletako mahai eta harrera guneetako manparak ere astero garbituko ditu garbiketa zerbitzuak, baina erabiltzaile edo arlo bakoitzak azaleko garbiketa egingo du erabilera bakoitzaren ondoren. Azkenik, garrantzitsua da, orain arte bezala, langile guztiek babes neurri guztiak errespetatzen jarraitzea. Hartuko diren neurri hauek, abendura bitarte, 68.652,72 euroko aurrekontua izango dute.

Eusko Jaurlaritzaren protokolo oro jarraitzeaz gainera, Udalak garbiketa zerbitzua ia bikoiztu egin du Erguin, Bedoña eta Musakola ikastetxeetan eta Bedoñabe eta Musakola haurreskoletan. Guztietan komunak 3 aldiz garbitzen dira eta esparru anitzeko gelak egunean bitan. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraiki, ohiko lanak sakonago eta egunero garbitzen dira, dela haurren mahaiak, teklatuak, aulkiak… Ikastetxeetako garbiketa-zerbitzuaren errefortzuak 105.700 euroko inbertsioa suposatu du Udalarentzat.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen