Arrasateko Udalak herriko ehun sozio-ekonomikoaren diagnostikoa abiatu du enplegagarritasuna sustatzeko

7
905

Proiektuan lortutako ebaluazio diagnostikoaren emaitzak eta ondorioak baliagarriak izango dira Arrasateko Udaletik orientaziorako eta bitartekaritzarako prozedurak abiarazi daitezen.

Arrasateko Udalak, enplegu sustapeneko neurriak aktibatzeko helburuarekin, herriko ehun sozio-ekonomikoaren errealitatea gertutik ezagutzeko proiektua jarri du martxan: ‘Arrasaten enplegua sustatzen’. Honen bidez, enplegatzaile eta profesionalen eskariaren egoera diagnostikatuko da, egungo enplegu-eskatzaileak kokatzeko eta 2022ko Arrasateko Enplegu Planari laguntzeko estrategiak definitzeko.

Diagnostikoa Alecop kooperatibarekin elkarlanean burutuko du Udalak, inguruko enpresekin daukan harreman estua eta ezagutza zabalaz baliatuta. Proiektua gaur arratsaldean aurkeztu dute Edurne Unamuno enplegu zinegotziak, Marga Garmendia enplegu teknikariak eta Juan Antonio Martin Alecopeko Prestakuntza Zerbitzuetako zuzendariak.

Ebaluazio diagnostikoaren bidez, era zabal batean, Arrasateko eta eskualdeko enpresa enplegatzaileen ikuspegia ezagutu nahi da, egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten  pertsonal premiei dagokienez. Baita, Udalak enpresei enplegu programen informazioa ematea, enpresek Udalari euren kezka, arazo edo eta proposamenak azaltzeko, eta, jakina, epe motz-ertainean langileak kontratatzeko dituzten aurreikuspenak ezagutu, enplegu programak diseinatzerakoan kontuan edukitzeko.

4 hilabeteko epealdia hartuko du diagnostikoa gauzatzeak, otsailaren bigarren hamabostaldian hasita. Enplegua sortzeko ahalmena duten jarduera-sektoreak eta enpresak identifikatuko dira, bai eta enplegu-eskatzaileen profila ere, hurbiltzeko estrategiak zehaztu ahal izateko. Enpresen informazioa bi eratara jaso nahi da:  hartara prestatutako galdetegiak erantzunda,  eta jarduera-sektoreekin eta enpresekin lan-bilerak eginda. Hasieran, Arrasateko 70 enpresa handi eta ertain aukeratu dira, enplegagarritasun handikoak. Baina Martinek azaldu duen bezala, “Ez dugu prozesu baztertzailea izatea nahi, eta, beraz, parte hartu nahi duten enpresa guztiek udalaren webgunean prestatu den formularioaren bidez egin ahal izango dute.” Enpresek emandako informazioaz baliatuko gara  diagnosia egiteko, egungo egoeraren argazkian oinarrituta, alegia.

Proiektuan lortutako ebaluazio diagnostikoaren emaitzak eta ondorioak baliagarriak izango dira Arrasateko Udalarentzat, eta herrian enplegu politika aktiboak kudeatzen dituzten beste administrazioentzat, Lanbide edota Debagoienako Mankomunitatea esaterako, orientaziorako eta bitartekaritzarako planak eraginkorrak izan daitezen laguntzeko: langabeei orientazioa ematea, langabeen birkualifikazioan laguntzea, bitartekari lanak burutzea, edota laneratzea sustatzea.

Edurne Unamuno Enplegu zinegotziak nabarmendu du Arrasate “eredu” dela enplegu politiken garapenean: “Enplegu Plangintza indartsua dugu, enplegagarritasun tasa onak erakusten dituena gainera, bereziki zaurgarritasun handiena duten kolektiboen artean. Adibidez urte hasieran jaulki berri dugun 19 lanpostuko lan eskaintza: aurreko edizioen emaitzetan oinarrituta, espero dugu kontratuaren amaieran  langile horietako  askok aukera izatea, udal zerbitzu horiek  kudeatzen dituzten enpresetan lanean jarraitzeko. Ezinbesteko zaigu gure lan lerro guztiak orainarekin eta bereziki etorkizun hurbilean gure ehun ekonomikoak dituen beharrei lerrokatuta joatea. Horretarako oinarrizkoa da etengabeko azterketa eta diagnostikoak egiten joatea”.

Udal ordezkariek azpimarratu dute ere azken urteko osasun krisiak bizitzako eremu guztiei eragin diela bete betean, enpresen funtzionamenduari ere bai. “Udalak, enpleguaren eta ekonomiaren sustapenean eragiteko, herriko enpresen uneko egoeraren diagnosia egitea tresna garrantzitsua da. Orain arte burutzen genuen, langabeziari adi erreparatuz, aztertuz eta enpresekin harremanak izanaz, baina orain hartu-eman hori sakondu nahi dugu, harreman antolatua eraiki,  erantzun egokiena emateko. Ehun ekonomiko indartsua dugu, eta gizarteak, enplegu alorrean, merkatuari lotuta joatea garrantzitsua da oso, herritarren ongizatea bermatzeko”.

7 IRUZKIN

  1. Bai, eta aldi berean TAO sistemarekin herritarrei, eta batez ere, autonomoei kalte egiten die.
    Marketing gutxiago eta herri politika gehiago.

  2. Interesgarria da Udalak eragileekin batera jardutea. Are gehixago lana jokuan badau. Ea emaitzek balio dute lanpostua bilatzeko aukera ez daukienek topaiteko.

    • Baiña igual jakie ezker abertzalekuei. Eurak beti dabitz kritiketan, Udal Gobernuak edozein gauza itxen dauenian. Beti orroka eta uluka. Eurak perfektuak die, puzker bat ez dauie botatzen bez.

      • Herri honen historia politiko hurbilean EAJ kexaka behin baino gehiagotan aurkituko duzu, oposizioan egon zareten legealdi guztietan, alegia. Eta orroka eta uluka zu zeu azken urteotan gehiegi: herriko plazan, eragileekin, merkatariekian, tabernariekin, zure alderdia bozkatzen ez duen ororekin… Ez hitz egin perfekzioaren inguruan. Eguneroko bizikidetzaren inguruan asko duzu aldatzeko, Ereño.

  3. -Ze bitartekaritza?
    -Ze baldintza izango dute langileek?
    -Zer fitro egingo du udaletxeak, lanbidek egiten ez duena?
    -Zergatik kontratatuko dituzte enpresa hauek langile konkretu bat, aurrez kurrikuluma bidaliz, zuzean kontratatu ez baldin badu?
    – zein baldintza jartzen du Udaletxeak, eta zein empresak?
    ,

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen