Udalak Garbiketa eta Elkarbizitza Ordenantza berriaren zirriborroa aurkeztuko die herritarrei urriaren 20an, asteartean, 18:00etan, Kulturaten egingo den saio irekian. Udal Gobernuak eta udal teknikariek testu juridikoaren proposamena azalduko dute, eta herritarrek beren iritziak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Ekimenak maiatzean abiatu zen prozesuari jarraipena emango dio. Lehen fasean, Udalak aurretiazko kontsulta publikoa zabaldu zuen webgunean eta BAZen, herritarren ideiak jasotzeko eta 2016ko ordenantzaren gabeziak aztertzeko. Ondoren, uztailetik irailera bitartean, herriko hainbat arlotako dozenaka eragilerekin bildu zen, proposamenak eta kezkak ezagutzeko.
Ordenantza berriak egungo araudiaren mugak gainditu nahi ditu, prebentzioa, garbiketa jasangarria eta herritarren arteko erantzukizun partekatua ardatz hartuta. Halaber, adierazpen askatasuna eta ondare historikoaren babesa uztartzeko adierazpen libreko guneak zehaztea aurreikusten du.
Zehapen-araubidea ere berrituko da, zigorraren aurretik ohartarazpenak eta borondatezko zuzenketak lehenesteko. Udalaren helburua da herriko elkarbizitza eta espazio publikoen zaintza hobetuko dituen araudia herritarren parte-hartzearekin osatzea.
Herritarrei irekitako saioarekin parte-hartze prozesuaren fase soziala amaituko da. Ondoren, jasotako ekarpenak aztertu eta ordenantzaren testua osatuko dute, Osoko Bilkurara eramateko eta hasierako onarpena emateko.




