Udalak 3.500 € bideratu ditu umeek udalekuetan parte hartzea bermatzeko

0
771

Guztira 26 eskaera jaso dira: Dokek, Txatxilipurdik, Mondrak eta Mondratek antolatzen dituzten udalekuentzat. Diru-laguntza kuotaren %90ekoa da, eta gehienez 200 € eman dira haur bakoitzeko.

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Arrasateko Udalak, aukera-berdintasunean eragiteko asmoz, laguntza-deialdi bat jarri zuen abian maiatzean, irabazi-asmorik gabeko tokiko elkarteek antolatutako udalekuetan Arrasateko haurren parte-hartzea sustatzeko.

Laguntza hauetarako 26 eskaera jaso dira: Dokek, Txatxilipurdik, Mondrak eta Mondratek antolatzen dituzten koloniak izan dira aukeratuak. Guztira, 3.423,70 euro eman dira diru-laguntzetan: diru-laguntza kuotaren % 90ekoa da, eta gehienez 200 euro eman dira haur bakoitzeko. Gainerako % 10a familiak ordaintzen du. Udalak zuzenean ordaindu dizkie udalekuak antolatzen dituzten tokiko elkarteei emandako diru-laguntzak.

Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotziak adierazi duenez, Udalaren helburua izan da udalekuetara joateko aukerarik gabe haur bat ere ez geratzea: “Aisialdi, kultura eta kirol eskaintza hau hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen da eta haur askorentzat onuragarria izan daiteke, bere garapen integralean eragin positiboa izan dezakeelako. Izan ere, udalekuetan ikasi eta ondo pasatzeaz gain, pertsonen arteko harremanak sustatzen dira eta balio asko lantzen dira. Oporretan, udalekuek aukera ematen diete haur askori euskaraz bizitzen jarraitzeko, eta eragina izan dezakete euskaraz integratzen.

Diru-laguntza jasotzeko, familien urteko diru-sarrera gordinek ezin zituzten zenbateko hauek gainditu: 2 pertsonako bizikidetza-unitateak: 20.000 €, 3 pertsonako bizikidetza-unitateak: 26.000 €, eta 4 pertsona edo gehiagoko bizikidetza-unitateak: 30.000 €.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen