Arrasateko Udalak 20 langabe kontratatuko ditu 2021eko Enplegu Planaren baitan

0
575

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin Arrasateko Udalak 20 langabe kontratatuko ditu 2021eko Enplegu Planaren baitan. 394.188,13 euroko aurrekontua du planak, 280.019,76€ Lanbidek finantzatuta eta 114.168,37€ Udalak.

Arduradunek azaldu dutenez “ekimenak helburu du herritar langabeen lan-munduratzea bultzatu eta erraztea, enplegu aukerak eskainiz herriaren garapen ekonomiko zein soziala sustatuz”. Bi lerro jarri dira abian: ‘Enplegua Sustatzeko Toki-Ekintzak 2021’ langabeei orokorrean zuzenduta eta ‘Toki-erakundeak gazteak kontratatzeko laguntzak 2021’ 30 urtetik beherako langabeei zuzenduta.

Langabeen kontratazio plan hau Udalaren 2021eko Enplegu Planean kokatu behar da; plan hori 8 lerroz dago osatuta dago eta 753.688,13 euroko aurrekontua du: Udalak herriko langabeak kontratatzea interes publikoa duten proiektuak garatzeko (394.188,13 €); Arrasateko Enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru laguntzak (87.500 €); Titulatu
berrien laneratzerako ekimenak (7.000 €); Enpresa berrientzako diru laguntzak (35.000 €); Langabeentzako ikasteko diru laguntzak (30.000 €); Ekonomia suspertzeko ekimenak (90.000); Ekintzailetzaren sustapena (60.000 €); eta lanerako prestakuntza (50.000 €).


Edurne Unamuno Sustapen Ekonomikoko zinegotziaren hitzetan, “egoera hobetzen doa, baina pandemia egoera konplexu batetik gatoz. Administrazio publikoen aldetik gure indar guztia jarri behar dugu herritarrak babesteko susperraldia eraginkorra, justua eta orekatua izan dadin”.


Langabeei orokorrean zuzendutakoen kasuan, pertsona multzo zaurgarrienen alde egiteko, hobetsi da kualifikazio maila apaleko langabeentzako postuak eskaintzea: lorategietako lan-taldea, eraikinetako garbitzaileak, erreka eta natura guneen mantenuko peoiak, hiritarren laguntzaileak… 17 kontratu brigada ezberdinak osatzeko izango dira eta abenduaren 31 baino lehen kontratatuko dira:


– Erreka eta natura guneen mantenurako langileak: 4.
– Herritarren laguntzaileak, kalean informazioa emateko eta elkarbizitza gaiekin
laguntzeko herritarrei: 6.
– Herriko lorategi publikoetan hobekuntzak egiteko lan taldea, ohiko mantentze lanak
errazteko: 3.
– Udal eraikinen garbiketa bereziak egiteko lan taldea Covid-19ren ondorioz sorturiko
garbiketa beharrei erantzuteko: 4.


Kontratatuko diren guztiak langabeak izan behar dira eta 5 hilabeteko kontratuak eskainiko zaizkie. Lanbidek hala ezarrita, hautatutakoen artean, gutxienez ondoko multzo berezietako kupoak bete beharko dira: 55 urtetik gorako 2 pertsona, 6 emakume, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren 5 pertsona.


Gazteen kontratazio programari dagokionez, azaroaren 30a baino lehen hasiko dira eta 3 kontratu egingo dira: Arrasateko turismo planaren lan ildoak garatzea eta Lezetxikiko erakusketaren aurkezpena egiteko teknikaria, Arrasateko Udaltzaingoaren Gestiti programaren doikuntza egiteko teknikaria eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea.

Kontratatutako guztiak langabeak izango dira eta 12 hilabeteko kontratuak eskainiko zaizkie. Hautaketa irizpideen artean, honakoak lehenetsiko dira, ordena honetan:

1.- DSBE prestazioaren titularrak edo onuradunak izatea.

2.- 30 urteko adinetik gertuen dauden pertsonak.

3.- Baldintzak betetzen dituzten gainerako gazteak.

Izen ematea eta hautaketa prozesuak
Lanpostu guzti hauen lan eskaintzak Lanbideko plataforman argitaratuko dira, eta plataformaren bitartez izena eman beharko dute izangaiek, lanpostu bakoitzeko izen emate bat eginik. ‘Enplegua Sustatzeko Toki-Ekintzak 2021’ programari lotutako 17 kontratuei dagokionez, Lanbideko plataforman dagoeneko argitaratu dira lan eskaintzak (162021008277, 162021008284, 162021008364, 162021008381 eta 162021008302), eta bertan izena emateko
epea urriaren 21 arte irekita mantenduko da. ‘Toki-erakundeak gazteak kontratatzeko laguntzak 2021’ programari lotutako 3 kontratuei dagokionez, aurrerago argitaratuko dira Lanbideko plataforman, eta horren berri Udalaren web orrian ere jasoko da.

Izena emandakoen artean, Arrasateko Udalak hautaketa probak egingo ditu, postu bakoitzeko deialdiak ezarritakoaren arabera Lan deialdi bakoitzaren xehetasunak ezagutzeko edo informazio gehiago eskuratzeko Udalaren web orrian (www.arrasate.eus) edota BAZ-en (Arano eta Garcia maisu-maistrak kalea 8), 943 252000 telefonoan edota baz@arrasate.eus-en.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen