Arrasateko Udal Bibliotekak antolatutako Bookface lehiaketan parte hartzeko azken eguna gaur

0
495

Arrasateko Udal Bibliotekak antolatutako Bookface lehiaketan parte hartzeko azken eguna gaur.

Aurpegia edo gorputzeko beste edozein atal liburu baten azalean agertzen den irudiarekin bat etorraraziko da. Liburuaren izenburua argi eta garbi ikusi behar da.

Argazkiakjpg, jpeg edo png formatuan aurkeztu behar da. Posta elektronikoz bidaliko da, helbide honetara: kulturate@arrasate.eus

Bi fitxategi bidali beharko dira: bata argazkiarekin eta bestea parte hartzailearen datu pertsonalekin (izen-abizenak, telefonoa, posta helbidea, helbide elektronikoa eta adina).

  • BALDINTZAK 

Aurrez beste inon argitaratu gabeko argazkia izan behar da.

Lehiakide bakoitzak argazki bat baino gehiago aurkeztu ditzake.

Argazkia ezingo da tratatu argazki moldaketarako programa edo aplikazioekin.

Argazkiak oinarrizko eskubide eta askatasunekin koherentea izan behar du, pertsonen duintasuna eta adin txikikoen eskubideak errespetatu behar ditu.

Horrez gain, indarrean den araudia bete behar du, hortaz, ezin dira urratu hirugarrenen eskubideak, bereziki jabetza intelektualarena, ohorearena, pertsonaren eta familiaren intimitatearena eta norberaren irudiarena, ezta hirugarrenen datu pertsonalen erabilerari dagokiona ere.

  • EGILEA 

Argazkia parte hartzaileek beraiek egindakoa izan beharko da. Jabetza intelektualaren eskubideak lehiaketako parte hartzaileenak izango dira osorik. Argazkian egile batek baino gehiagok parte hartu badu, egileetako baten izenean bidaliko da.

  • ADIN TXIKIKOAK 

Argazkian agertzen diren pertsonen irudi eta datuak argitaratu ahal izateko, adinez txiki direnean, derrigorrezkoa izango da gurasoen baimen sinatua eskuratzea. Haiek onartu eta baimendu beharko dute beren seme-alaben irudia agertzen den argazkia lehiaketa honetan erabiltzea eta horri dagozkion webgune eta sare-sozialetan argitaratzea. Baimen hau argazkiarekin batera bidali beharko da. Klikatu hemen baimenaren inprimakia deskargatzeko.

  • CC LIZENTZIA ASKEA 

Argazkiak Creative Commons (Aitortu-Ez Komertziala-Partekatu Berdin) lizentziapean argitaratuko dira sare-sozialetan. Lizentzia horrek beste erabiltzaileei argazkia berdin partekatzeko aukera emango die, beti ere jatorrizko egilea nor den aitortuz eta helburu ez komertzialekin egiten bada.

  • ARGAZKIEN HEDAPENA 

Lehiakideek aurkeztutako argazkiak bibliotekako komunikazio sareetan egon daitezke ikusgai.

  • SARIA

150 euroko opari txartela Elkar liburudendan erosteko.

  • EPAIMAHAIA 

Epaimahaia Arrasateko bibliotekako langileen ordezkari bik eta argazkilari batek osatuko dute.

  • IRABAZLEAK 

Argazki irabazle bakarra aukeratuko da sarirako.

Epaimahaiaren ebaluazio irizpideak honako hauek izango dira: konposizioaren kalitatea eta sormena.

Epaimahaiaren erabakia bibliotekaren webgunean argitaratuko da. Irabazleak mezu pertsonal bat jasoko du sariaren jakinarazpenarekin eta saria jasotzeko jarraibideekin. Epaitza apelaezina izango da.

  • IRUDI ESKUBIDEAK 

Parte hartzaileek baimentzen dute euren izen-abizenak eta irudia lehiaketarekin zerikusia duen edo horri buruzko informazioa ematen duten edozein hedabidetan, nahiz Arrasateko Udal Bibliotekako komunikazio sare digitaletan argitaratzea; baita lehiaketa honetan sor daitezkeen hurrengo edizioetan erabiltzeko ere. Baimen honen truke antolatzaileak ez dira ordainsari bat ematera behartuta egongo.

  • BERTAN BEHERA EDO SARIA HUTSIK 

Lehiaketak behar bezala aurrera egiteko zailtasunak izango balitu, Arrasateko Udal Bibliotekak bertan behera uzteko eskubidea izango du. Halaber, saria hutsik gera daiteke lehiakiderik ez delako aurkeztu edo parte hartze baldintzetakoren bat bete ez delako.

Ez da antolatzaileen ardura izango parte hartzaileen datuen egiazkotasuna ziurtatzea. Hortaz, datuak ez badira zuzenak eta guztiz osaturik ez badaude, parte hartzailearen ardura izango da antolakuntzak berarekin harremanetan jartzeko modurik ez izatea, eta saria galtzeko arriskua ez saihestea.

  • OINARRIAK ONARTZEA 

Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar. Arrasateko Udal Bibliotekaren web orrian egongo dira argitaratuta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen