Arrasateko Txosna Batzordeak aurtengo San Juanak bertan behera uztea erabaki du

0
1819

Testua: Arrasateko Txosna batzordea

Gaur egun bizitzen ari garen egoera ezegonkorra kontuan izanda, Arrasateko Txosna Batzordeak bereziki mintzen duen erabaki bat hartzera behartuta ikusi du bere burua.
Batzuek esperoko zenuten lez, aurtengo San Juan jaien antolakuntza bertan behera utzi
beharrean gaude. Izan ere, gure gogo eta ilusio guztiaz jaiak antolatzen hasi ginen arren,
gaur-gaurkoz ez dugu jaiak lasaitasun osoz ospatu ahal izango ditugunaren inongo
bermerik.

Aipatu dugun bezala, kostata hartutako erabakia da honako hau; txosna batzordea osatzen
dugun eragileok -Ikasle Abertzaleak, Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz, Arrasateko Askapena eta Ttak- urterik urte indar eta ilusio handiz ekiten baitiogu jaiak antolatzeko lanari, herriko gazte eta ez hain gazteei jai herrikoi, euskaldun eta parekide batzuk eskaintzeko asmotan. Hala ere, aurten zentzuz eta erantzukizunez jokatzea tokatzen zaigula deritzogu; eta, ondorioz, jaien antolakuntza etetea.

Covid-19ak egoera zail honetan jarri gaituen arren, jaiak ospatzekoak ginen egun horietan zerbait berezia egiten saiatuko gara; aukera sortuko balitz eta segurtasun neurriek baimenduko balute. Gainera, aurtengoa galdu badugu ere, datorren urtekoa indar gehiagorekin hartuko dugula seguru gaude eta gogo hori islatzen duen egitarau bat prestatzeari ekingo diogu.

Azkenik, San Juan jaietan presentzia berezia izan ohi duten preso arrasatearrak ekarri nahi ditugu gogora. Ekainaren 25ean egin ohi dugun manifestazioa berezia da guretzat, eta aurten ekimen berezi hori egiteko aukerarik ez edukitzeak ez du inondik inora esan nahi egoera zail honetan haietaz ahaztuko garenik. Horregatik, Unai zein Iosuri idaztera animatu nahi zaituztegu. Izan ere, aske behar luketen arren gartzela zuloan jarraitzen dute; eta, bertan, konfinamendu honen baldintzak are eta gogorragoak dira (bisitarik ez, babes neurririk ez…).

Besterik gabe, eskerrik asko beste behin aurtengo egitarauean parte-hartzeko edo laguntza emateko prest egon zareten musika talde, eragile eta norbanako guztiei; eta baita, noski,
urterik urte guk antolatutakoari hain harrera ona egiten diozuen herritarrei ere. Argi daukagu
zuek gabe gure egitaraua ezingo genukeela aurrera eraman.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen