Arrasateko toponimia ez ofiziala [Testua: Ramon Ugalde]

4
2167

Ez da harrigarria, eta ez da gurean bakarrik gertatzen den fenomenoa ere. Baina bitxia da Arrasaten leku izen alternatiboak sortzeko dagoen gaitasuna. Berez, holako lanetan hasitako lehena Alfontso X.a izan zen, Mondragon izena asmatu zuena, baina aginte politikoa zuenez izen hori ofiziala egin zen. Baina bertakoak, euskaldunak zirenez Mondragon Mondragoe bihurtu zuten.

Gainera, gure herrian pasaturiko gauzek idazle ospetsu batzuen atentzioa deitu zuten. Eta horiei buruz idatzi. Baina idazle horiek Mondragon edo Arrasate zuzenean aipatu beharrean izen berriekin bataiatu zuten eta hala Pio Barojak Monleon deitu zion eta Seber Altubek Arrasturi bere Laztantxu eta Betargi eleberrian.

Mendeetan zehar bertakoek, eta batez ere baserrietako eta auzoetako bizilagunek Kalea erabiltzen dute Arrasateko Alde Zaharra izendatzeko, toki horrek kale bat baino gehiago izan arren.

Ferrerias kalearen beste izen bat Sorginkale (zurgin kale) zen, oso gutxi baina oraindik mondragoetar batzuk erabiltzen dute.

Batzuetan inertziagatik bezino batzuk, adinekoek batez ere jarraitzen duten Francoren denborako izen ofizialak erabiltzen: Iturriotzi Resusta deitzen diote eta Olarte kaleari Toribio Agirre. Kasu honetan garai bateko izen ofizialak izen alternatiboak bihurtu dira.

Toponimo alternatibo batzuek hedadura zabalagoa daukate, beste batzuek ordea motzagoa. Hau da, ia mundu guztiak ulertuko du zein lekuz ari garen KostaFleming aipatzen dugunean baina gutxiago dira Xilofonoa entzuten dutenean Biteri Plazako baldosa lokek ateratzen duten zaratatxoekin lotzen dutenak.

Costa Fleming izenaren jatorriaz esan behar da Madrilgo zona bat dela bere garaian oso ospetsu bihurtu zena diskoteka, taberna, pub eta abarrengatik.

Eta Biteri plaza aipatu dugunez Gasolinerie izena jaso beharko dugu.

Denborari dagokionez badaude urteetan zehar iraun duten toponimo alternatiboak arestian aipaturiko Kalea eta beste batzuk ordea epe motzagokoak izan dira: Kontatu didatenez Portaloiari aldi batean Butano deitzen zioten kolore horrekin pintatua izan zelako. Udaleko kargudunen batek Zerrajeratik kolore butanoko pote batzuk debalde lortu zuela eta aprobetxatu egin zuten Portaloiko bankuak butano kolorez pintatzeko.

Portaloi, bera ere izen alternatiboa da, garai batean Beheko Portala izan zen, baina dirudienez Gasteiztik etorritako San Viatorko fraileak izan ziren izen berriarekin bataiatu zutenak. Andra Maria Zuriaren Arkua ere deitu izan zaio, bertan dagoen Ama Birjinaren erliebeagatik. Leku horren izen ofiziala Francoren garaian General Mola kalea izan zen. Orain dela urte batzuk Arano Garcia maisu-maistrak izena jarri diote baina ia ez da erabiltzen. Ferixalekua ere izan zen.

Kulturate da Arrasateko kultur etxearen izen ofiziala baina orain dela gutxi arte izen alternatibo polit askoa zeukan: Kalistruek.

Kalean bertan oraindik badaude etxeen izen zaharrak erabiltzen dituztenak: Perikotxo, Gerranea, Kaxan, Hermanuek, Maixor

Zein dira izen alternatibo berrriak asmatzeko mekanismoak? Ez dago erantzun zehatzik, batzuetan analogiagatik sortzen dira: San Andresi Manhattan deitzen diote New Yorken bezala gure auzoan etxe orratzak, dorreak daudelako.

Beste izen batzuk bere garaiko gertaera historikoetan ulertu behar dira: San Joango Jose Maria Eguren plazari Mau Mau deitzen zaio. Keniako independentzia gerran Inperio Britaniarretik askatzeko Mau Mau talde politiko militarra nabarmendu zelako. Espainiako immigranteen etorrera epe berean gertatu zenez ba izen hori gaineratu zioten.

Gorostizako Etxeetan ere Malbinak/Las Malvinas moduan ezagutzen dira baina garai batean Komunisten Etxeak edo Ola(ra)ngo Etxeak moduan ezagutzen baziren ere. Geroago Malbinetako gerra izan zenean, jendea ohartu zen Malbina Uharteak edozein lekutatik oso urruti zeudela eta urruntasuna izan zen izendapen berriaren zioa. Izenaren jatorriaren azalpena jakin arte nik neuk uste nuen ingeles estiloko auzoa eta etxeen tankeragatik zela. Eta izen honen arrakasta ukaezina da.

Etxe Txikiak/Etxe Txikinak izena ordea alternatiboa izatetik ofiziala izatera pasatu da.

Zergatik deitzen zaio Distrito33 Santa Teresa kalearen inguruko multzoari?

Zigarrolan ere izen berri batzuk asmatu dituzte: Paseo Marítimoa (Auzoko Jubilatuen Etxetik AGAko zubiaren tarteko erreka ondoko espaloia). Estropadak irudikatzen ere ausartu dira.

Eta pixka bat aurrerago jarraituz gero Mankomunitatearen eraikina Club nautikoa bihurtu zaigu. Ziorlako Balkoia (Ikurrin batekin apainduriko Altzarro inguruko tartea) … República independiente de Ziga/Musa ere existitzen omen da.

San Andresen ordea izenak jartzeko erreferentziak globalagoak dira, eta Zigarrolan ez bezala segurutik auzoz kanpokoek jarritakoak izango dira. Aipaturiko Manhattan horrez gain bazegoen edo badago oraindik Bronx, bertako taberna batzuen arteko espazioa izendatzeko. GastHaus izeneko whyskeria after famatu bat izan zenean Cabarceno moduan ezagutzen zuten: Goizeko ordu txikietan mota guztietako animalia basatiak biltzen zirelako.

Gipuzkoa Etorbidea Legarre eta Maala tarteari Elmako Basamortua deitzen zaio. Batez ere udan Aldaiko etxe azpian dagoen hormaren kontra eguzkiak jotzen duenean sekulako beroa egiten duelako.

Makatzenako Etxe multzoari bere itxura ilunagatik izen bat baino gehiago egotzi dizkiote: Etxe Baltzak, Drakularen Etxeak edo Mordor. Mordor da Eraztunaren jaunaren trilogian Lur Beltza. Kasu honetan erreferentziak zinematik hartuko zituzten liburutik baino gehiago.

Olandixoko Maldari ere Kooperatibismoaren Mendixka Sakratua/la Colina Sagrada deitzen zaio eta Caja Laboralaren eraikin zentralari Potala. Tibeteko hiriburuko Lhasako lamen jauregiarekin daukan antzekotasun fisiko nahiz espiritualengatik.

Badaude erdiko kaleari ere Downing Street deitzen diotenak: San Jose Ikastetxetik (Hermanuek) Beheko Portalerainoko aldats beheragatik.

Epe motz batean Elma Auzoa Gelmonal izan zen, bertako bizilagunek protesta zaratatsu batzuk egin zituztelako trafikoaren antolaketa zela eta.

Biteri kaleko egunkari kioskoari ere oraindik badaude Tiburonena deitzen diotenak edo Tiburonen kioskoa. Angel Balanzategi periodiko saltzaile mitikoaren omenez asmatutako toponimo polit askoa, edo Iturrioz kaleko lurrindegi bat garai batean El Arca de Noé izeneko drogeria bat izan zen eta oraindik toponimo hori ez da galdu. Txernobil ere badago, edo bazegoen bere asteburuetako ordu txikietan saltzen zuten txoripanengatik ospea irabazi zuen denda bat.

Gazteenek ez dute jakingo baina Maala Kalean Katanga taberna egon zen, izen ez ofiziala noski eta gero tabernaren izena jabeen familiako kideei pasatu.

Asuelarekin ere gauza bitxi bat gertatu da, jatorrizko leku izena Asuela zena, Sietecaminos bihurtu zuten eta gero beste batzuk euskaratu Zazpibide izenarekin, baina jatorrizko toponimoa berreskuratzeko saioa ere egin dute.

Izan ere, askotan izen berriak erdarazkoak dira eta aurreko euskarazko toponimoak ordezkatzeko joera ematen da. Eta azkenaldian ingelesezkoak ere hasi dira agertzen: Goiru Street, Olatxo Tower… Ikusten denez mota guztietako izenak. Euskaraz asmatutako azken leku izen ez-ofiziala Arbolapeta izan daiteke agian. Kasu honetan ere arrasatear batzuek euskaraz jarduten dutenean izenak pluralean (edo mugagabean) emateko joera indartzen delarik: San Juanak/San Juanetan, Maritxuak/maritxutan …

4 IRUZKIN

  1. Guk “Txernoa”, gaupasaren ondoren Bolintxon erosten genituen “lukainka ogitarteko erradiaktiboari”deitzen genion, ez okindegiari. Jajaja….

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen