Arrasateko taldeek partida erabakigarriak jokatuko dituzte asteburuan

0
380

Aurreko asteburuan Euskal Ligako 1. Mailako txapelduna zein den erabakitzeko baliagarriak diren play-offetako aurreneko kanporaketako joaneko partiduan Saran 39-15 galdu eta gero, asteburu honetan Kanpanzar Arrasate kanporaketa iraultzen ahaleginduko da. Partida larunbatean eguerdiko 12:00etan jokatuko da Mojategin.

Futbolari dagokionez, Leintz Arizmendiri bi jardunaldi falta zaizkio liga amaitzeko. Larunbat honetan Azpeitian Lagun Onak taldearen aurka jokatuko du Garmendipeko futbol zelaian arratsaldeko 15:30ean. Leintz Arizmendik etxean amaituko du liga maiatzaren 14an Urolaren aurka.

Mondrak, berriz, bigarren derbia jarraian jokatuko du asteburu honetan. UDAren aurka galdu ondoren, Mondrak bigarren derbia jokatuko du Bergararen aurka. Partida Agorrosingo (Bergara) futbol zelaian jokatuko da larunbatean arratsaldeko 16:30ean. Galdu arren Mondrak sailkapeneko 5. postuan jarraitzen du.

Getxon irabazi ondoren Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen taldeak postu bat ziurtatuta dauka igoera fasean. Hala ere, garrantzitsua da igandean arratsaldeko 18:00etan Maristas Logroñoren aurka Iturripen jokatuko duten partida irabaztea. 6 puntuko aldearekin irabaziz gero, Errioxako taldeari aurrea hartuko liokete sailkapenean, eta Arrasaten igoera fasea jokatzea ziurtatuko lukete.

Mondratek atseden hartuko du asteburu honetan. Arrasateko areto futboleko taldea hirugarren dago sailkapenean liga amaitzeko lau jardunaldi falta direnean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen