Arrasateko positibo kopuruen ondorioz, Iturbideko egoiliarrak ezin dira kalera irten

0
1583

“Bisitak, ordea, bere horretan mantentzen direla” azaldu digu egoitzako zuzendari Olatz Etxabek. “Printzipioz egoiliarrak ezingo dira aste batean kalera irten”.

Iturbide egoitzako eta Aita Menniko Gizarte Unitateko erabiltzaileak ezin dira atzotik kalera irten behin-behinean.

Aldundiak azaldu du erabaki hau hartu duela Arrasateko positibo kopuruengatik, eta zehazki “azken astean Covid-19ak eragindako infekzio-kasu positibo berrien zein izan den ikusita, biztanle kopurua kontuan hartuta”.

Olatz Etxabe egoitzako zuzendariak baieztatu du “egoitzan ez dela positiborik izan, ez egoiliarren artean, ezta langileen artean ere”.

Noiz arte geratu beharko dira egoitzan adineko pertsonak? “Printzipioz astebeterako, baina Aldundiak azaldu digu Arrasateko egoerak hobera egingo badu, erabakia bertan behera geratuko litzatekeela. Ordea, gerta liteke egungo egoera luzatzea, eta kasu horretan egoiliarrek denbora luzeagoan egon beharko lukete kalera irten ezinik”.

Aldundiak hartutako erabaki honek ez du bisitengan eraginik, hala “senideek bisitak egiten jarraitzen dute eta atzo arratsaldean zehar bisitak izan ziren”.

Era berean, egoiliarrak kalera ezin irteteak “egoitzako eguneroko lanarengan ez du aparteko eraginik izaten. Jakin badakigu antzeko egoeratan izan garelako, eta egoeraren arabera protokolo bat edo beste bat aplikatzen dugu”.

Aurrera begira, “espero dugu positibo kopurua jaisten joatea, denontzat ona izango litzateke. Egoiliarrek ere kalera irtetea gustuko dutenez, ezin irteteak amorru puntu bat eragiten die”.

Arrasateko Aita Menniko Gizarte Unitatean ere neurri bera hartu da, baita Azkoitia, Zestoa, Billabona, Hernani, eta Errenteria-Oreretako egoitza batzuetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen