Arrasateko pilota-joko zaharra [Testua: Javi Balanzategi]

0
537

Irudiak: Arrasate Zientzia Elkarteko Funtsa.

Arrasaten ezagutzen den lehenengo pilota-jokoa 1733an eraiki zen. Urte horretan, ekainaren 3an Udal kontzejuan ospatutako bileran, orduko alkateak, Esteban Oro y Miotak, pilota-joko bat egitea proposatu zuen, herriak ez zuelako pilota-jokorik auzokoen dibertimendurako, eta horrek atsekabe handia sortzen zion herriari.

Bere proposamena zen jokoa Portaloiaren ondoan jartzea, “la plazuela vieja del arrabal de abajo” zeritzonean, leku eroso eta apartatu bat zelako, non jendea herriko gainontzekoei gogaitu gabe diberti zitekeen.

Alkateak aurrean esandakoari gaineratu zion pilota-jokoaren kokalekuak apaindura eta luzimendu handia ekarriko lizkiokeela herriari, kontuan hartuta plazatxo hori herri sarreran zegoela. Jokoa, zehazki, “desde el portal azia las estradas de Zalguibar” egingo zen eta horretarako beheko alderantz zegoen korta zahar bat, ezertarako balio ez zuena, kendu beharko zen. Leku hartan aterako zen pilota jokoaren frontisa, harresiari inongo kalte egin barik, ezta bide nagusiari edo errondakoari ere. Baldintza hauek errespetatzen zirela ziurtatzeko alkateak aurretik peritoak bidali izan zituen korta zaharra ikustatzeko eta hauek baieztatu zituzten harresiak ez zuela kalterik jasoko : “no se seguiria el menor perjuicio a dicha muralla o pared y quedaria muy bien con el fronton que se sacaria”.

Udal batzar honetan bildutako erregidoreak konforme azaldu ziren pilota-jokoa egiteko ideiarekin, eta baita jolaslekua kokatuko zen parajearekin ere:

dijeron era muy útil y conveniente para el adorno de la villay diversión de sus hijos el que se haga dicho juego de pelota en el paraje que su merced el dicho sr alcalde a determinado, por ser el mas a proposito , comodo y desembarazado que tiene la republica sin estorvo de las fiestas de danzas y tamboril, como de pasajeros”.

Bilerari bukaera eman aurretik kontzejuaren batzarrak obrak lehenbailehen hasteko agindu zuen, eta horretarako komisio bat izendatu zen pilotalekuaren nondik norakoaz arduratzeko, “dispongan el frontón y las líneas que necesita para que se de un juego de manera que parezca bien”. Komisio honen partaide bat Manuel Antonio de Zenica izan zen, batzarkide eta herriko oligarkiaren kidea, Udal kontzejuak espreski eskatuta; izan ere, ohiko jokalaria bezala, pilota-jokoa modu aproposean egiten lagunduko lukeelako

Bi hilabeteren ostean pilota-jokoa eginda zegoen baina aurreikusitakoa baino gastu handiagoa izan zuen: udalak hasieran berrogeita hamar dukat bideratu bazuen, azkenean kostua mila dukat eta hogeitahamar errealekoa izan zen, hainbat lan berezi egin zirelako: “recalzar los muros y revocarlos y empedrartoda la plazuela” (1733ko abuztuaren 7an).

Portaloiko pilota-jokoa eta pilotan jokatzeko era.

1765an egindako Arrasateko hiribilduaren planoa (AGG.GAO 2/6/15)

Plano honetan ikusten da nola pilota-jokoa Zerkaostetatik San Franciskoraino luzatzen zen. Garai haietan jokoa era zuzenean egiten zen, hau da, jokalariek zuzenean jokatzen zuten aurrez aurre, pilota euren artean jaurtiz, eta modu horretan aritzeko eremu zabalak eta luzeak erabiltzen ziren.

Jokoa bi eratan praktikatzen zen nagusiki: joko luzea propio ezagututakoa eta errebotea. Lehenengo kasuan zorua erabiltzen zen soilik, eta bigarren kasuan, errebote jokoan, frontis bat altxatzen zen alde bateko bukaeran, non jartzen baitziren sakeari erantzun behar zioten jokalariak. Arrasateko jolaslekuak frontisa zuenez, pentsatzekoa da errebote jokoan aritzeko erabiliko zela.

Jokatzeko modu hau, dirudienez, XIX. mende erdira arte mantendu zen. Hortik aurrera frontisaren paretaren aurka jokatzeko era nagusituz joan zen, guk ezagutzen ditugun frontoiei paso emanez.

Arrasateren kasuan noiz eta nola gertatu zen aldaketa hau ez dakigu; baina, beheko argazkian ikusten den moduan, XIX. mendearen bukaeran portaloiko pilota-jokoak frontoi itxura zuen.

1890eko apirilaren 3an, ostegun santuko prozesioa portaloi ondoan.

Argazki hau pilotalekua desagertu aurrekoa da, zazpi urte lehenagokoa. Atzealdean portaloiko pilotalekua agertzen da, frontisa Zaldibar aldera zeukala eta ez portaloi ondoan, hainbat argitalpenetan irudikatu den moduan. Pareta eskumaldean zeukan eta ezkerraldean horma bat jokalekua bide nagusitik bereizteko ikusten da ere.

Paretaren posizioa portaloikoa pilotaleku gehienetatik desberdintzen zuen eta gainera ez zen oharkabean pasatzen garai hartako lekukoentzat.

Horietako batek, Santa Agedako bainuetxera etorri zen kazetari batek, Arrasate deskribatzerakoan idatzita utzi zuen : “el fronton tiene las paredes a su derecha como recordando que los pelotaris de ayer jugaban a mano y no a cesta”, bitxikeria honek jokatzeko moduan ere eragina izango zuela azpimarratuz. (“La correspondencia de España, 1892ko abuztuaren 22a).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen