Pentsionistek manifestazioa egin dute berriro Bilbon. Arrasateko pentsiodunek ere parte hartu dute manifestazio honetan. Pentsionisten Mugimenduak mobilizazio asteari amaiera eman dio larunbat honetan, eta ohartarazi du “borrokarekin jarraituko dugula, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu arte.”

Azken egunotan, besteak beste, pentsiodunek itxialdi-baraualdia egin dute Bilboko lokal batean, pentsio “publikoak, duinak, bidezkoak, nahikoak eta 1.080 eurokoak” eskatzeko. Itxialdi honetan Arrasateko pentsiodunek ere parte hartu dute.

Martxa 12:15ak aldera abiatu da Moyua plazatik gertu, eta Bizkaiko hiriburuko udaletxearen aurrean amaitu da. Bertan, ohar bat irakurri dute, mugimenduak “bizirik eta indartsu” jarraitzen duela azpimarratzeko. 14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa “pentsiodun batek bere zahartzaroan bizitza duina izan dezan oinarrizko diru-sarrera” dela aldarrikatu ondoren, hori “euskal eta nafar gobernu eta erakundeen ardura” ere badela ziurtatu dute. Era berean, gaitzetsi egin dute “erreformaz erreforma” pentsioak nola murrizten diren; izan ere, % 8,5eko igoera izan arren, Euskadin 167.943 pentsiodunek eta Nafarroan 51.358k 1.080 euro baino gutxiago kobratzen dute.