Arrasateko Pentsionistek ohiko bilkura egingo dute gaur astelehena

0
1507

Testua: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua / Artxiboko argazkiak: Arrasateko Pentsionistak.

Irailean indar berriez berrekingo diegu orain dela zortzi urte baino gehiagotik gure aldarrikapenen alde Euskal Herriko ia ehun herri eta hiritan antolatzen ari garen elkarretaratzeei.

Ekainean, Pentsio Sistema Publikoa ebaluatzen zuen AIReF Erantzunkizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen azken txostenarekiko gure jarrera plazaratu genuen. Txosten horretan, Pentsio Sistema Publikoa (PSP) bermatzeko doitze-neurri berriak hartzea beharrezkoa ez zela berretsi zuten, nahiz eta aldi berean Gizarte Segurantzaren Legea aldatzea proposatzen zuten, pentsioen murrizketa berriei atea gehiago irekitzeko. Pentsioak, soldatak eta zerbitzu publikoak murriztearen aurka gaudela diogu berriro ere, gutxi batzuek gerrekin aberasten jarrai dezaten, lehengaiekin eta prezioekin espekulatuz eta mozkinen errekor historikoak haustsiz, hain zuzen ere.

Soldatek eta pentsioek erosteko ahalmena galtzen dute eta pentsiodunok urtarrilean baino erosteko ahalmen txikiagoa dugu aurtengo irailean; gero eta pentsiodun gehiago ezin dira hilabete amaierara iritsi eta ezinbestekoa da Gutxieneko Pentsioa berehala parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS). Horregatik, pentsiodunen beste plataforma batzuekin batera, Espainiako gobernuari eskatu diogu 2/2023 Errege Dekretua alda dezala eta Gutxieneko Pentsioa (GP) Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu dezala.

Pradales Lehendari jaunak eta Torres lehendakariordeak erantzun bat eman behar digute gutxieneko pentsioa LGSraino osatzeko egindako eskaerari. Era berean, EAEko Legebiltzarrak HEL Herri Ekimen Legegileari betoa jarri ondoren, eskatu genituen agerraldien data eta ordua. Irailaren 17an, ostegunean, EAEko Legebiltzarrera joango gara berriro eskatzeko.

Udazkenean bi erronka garrantzitsu ditugu. Urriaren 24an manifestazioa egingo dugu Madrilen Estatuko Herri eta Erkidegoetako pentsiodunen plataformekin, Gutxieneko Pentsioa LGS lanbide arteko gutxieneko soldata garbiaren %100arekin parekatzea exijitzeko, pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzeko, genero arrakalarekin amaitzeko, legea oraindik bete gabe dagoen Gizarte Segurantzaren kontuen auditoria egiteko, eta 40 urte edo gehiago kotizatuta izanik erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzeko…

Azaroaren 3an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) pentsiodunen topaketa bat egingo dugu Gasteizen, lortutako lorpenak partekatzeko, ekimen berriak proposatzeko eta gure helburuak lortu arte aurrera jarraitzeko borondatea berresteko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen