Argazkiak: Arrasateko pentsionistak.
Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren martxa Gasteizera iritsi zen atzo, osteguna, eta 1.080 eurorainoko gutxieneko pentsioa eskatzeko Eusko Legebiltzarrean egin zuten manifestazioan.
Bertaratutakoen artean Arrasasako Pentsionistak ere izan ziren. Goizean autobus batean abiatu ziren Zalduspetik manifestazioan parte hartzeko. Asteartean, martxa Bergaratik abiatu zenean, Arrasateko pentsionista batzuek bat egin zuten martxarekin, hainbat etapa betez. Manifestariak astelehen eta asteartean abiatu ziren Bilbotik eta Bergaratik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Martxek bat egin zuten Arabako hiriburuan, eta bertan elkartu ziren “Pentsioen murrizketarik ez. Publikoak eta duinak bai. 1.080 gutxieneko pentsioa» zioen pankarta baten atzean.
Manifestazioan “pentsio duinak” eskatu dituzte eta “murrizketak” salatu dituzte. Kolektiboak gogorarazi duenez, “bost urte baino gehiago daramatzate gutxieneko pentsioa aldarrikatzen, Europako Gutun Sozialean ezarritako nahikotasun-irizpideei erantzuten dielakoan”. Azpimarratu dutenez, “pertsona batek zahartzaroan bizitza duina izateko oinarrizko diru-sarrera da, eta, gainera, pentsioetan dagoen genero-arrakala murrizteko neurri eraginkorra da”.