Arrasateko pentsionistak adinekoen bizitza duinaren alde borrokan

0
334

Testua: Gipuzkoako Pentsiodunak

Denok dakigunez, urriaren 1a Adinekoen Nazioarteko Eguna da. Aurten igandean egokitzen denez, EHPMk Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak urriaren 2an, astelehenean, ospatuko du astelehenetan plazetara ateratzen garen Hego Euskal Herriko hiri eta herri guztietan. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo dira 12:00etan, baita
gainontzeko herri guztietan ere ohiko leku eta orduan. Mobilizazio horietan, egoitzetako senideekin batera Hego Euskal Herriko administrazioei eskatuko diegu zainketa publikoen eredu hurbila, duina eta kalitatezkoa birpentsatzeko eta laguntza soziosanitarioa jasotzeko eskubide unibertsala eta subjektiboa betearazteko baliabide material, ekonomiko eta giza baliabide nahikoak emateko.


Eusko Legebiltzarreko Gizarte eta Gazteria Batzordearekin bilera

Datorren asteazkenean, hilak 27, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko Gizarte eta Gazteria Batzordearekin. Agerraldi hori duela hilabete batzuetatik dago eskatuta
Bilera horren helburua da EHPMk Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako txosten zabala azaltzea Batzordeari. Txosten hori dagoeneko eman zaie Legebiltzarreko talde politiko guztiei, eta bertan nabarmentzen da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 170.000 pentsiodun inguru daudela, gehienak emakumeak, 1.080 eurotik beherako edo askoz gutxiagoko pentsioa dutenak, eta gutxieneko pentsioen osagarriaren kostua Gasteizko Gobernuaren aurrekontuaren %2 inguru dela, hau da, aurrekontuan sartutako ehun eurotik bi euro. EHPMren proposamena eskari hori berehala Eusko Legebiltzarrera eramatea da eta 2024ko EAEko aurrekontu orokorretan onartu eta aplikatu ahal izatea. Gobernua osatzen duten alderdiei dagokie hura onartzeko eta aplikatzeko erantzukizun nagusia. Baina alderdi guztiei gonbit egiten diegu Eusko Legebiltzarrean eskaera hori erantzukizunez hartu eta defendatzeko.


Gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari


Asteartean egindako prentsaurreko batean, hainbat pentsiodunek, sindikatuk eta beste eragile sozialek adierazi zuten 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrek partida bat izan behar dutela pentsioak osatzeko 1.080 euroraino 14 ordainsaritan, eta iragarri zuten Iruñean manifestazioa egingo dutela azaroaren 11n, 17: 30ean, Baluartetik hasita.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen