Onartu die inoren konturako langileak izatea, MRW frankiziatutako enpresa batentzat egindako lanetan. Lau langileak Aretxabaletan, Bergaran, Oñatin eta Antzuolan ere lan egindakoak dira.
EAEko Auzitegi Nagusiak Arrasate eta inguruko lau banatzaile onartu ditu “inoren konturako, laboral arrunta” langile bezala. Ez, ordea, ekonomikoki menpeko autonomo bezala (TRADEs delakoa).
Langile hauek Legemon enpresan dihardute, hau da, MRW frankiziatutako enpresa batean. Bere jarduera Gipuzkoan garatzen dute, arlo komertzialean, logistikoan, garraiokoan edota banaketan. Hain zuzen, paketeak banatzen dituzte han eta hemen.
Epaiari dagozkion lau banatzaileek Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Oñatin eta Antzuolan lan egiten zuten.
Beraz, Auzitegi Nagusiaren sententzia honek balioetsi egin du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak aurkeztu zuen helegitea. Era berean, epai hau ez dator bat Eibarko Lan Arloko 1 Epaitegiak hartu zuen erabakia.
Izan ere, Eibarko epaitegiak banatzaile hauek definitu zituen “ekonomikoki mendeko langile autonomo” bezala.
Auzitegi Nagusiak gaur eman du jakitera bere epaia, adieraziz banatzaileek enpresarekin “harreman laboral arrunta” zutela, espainiar Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian oinarriturik.
Izan ere, epaiak islatzen du langileek ez zutela lana “euren antolaketa-irizpideen arabera”, baizik eta enpresak “ezarritako baldintza zorrotzen arabera”. Enpresak finkatzen zituen banaketen ordutegia, langile bakoitzaren ibilbidea eta gauzatzeko era.
Agindu hori jasotzen zuten “lanegun bakoitzaren hasieran, goizeko 8:00 aldera, tableta informatikoa aplikatuz”.
Enkarguak egiteko ibilgailuak langileenak ziren, baina epai berriak adierazi du “baliabide osagarriak” zirela, izan ere, lan egiteko “oinarrizko azpiegiturak” Legemonen “bezero sarea eta programa informatikoa dira”.
Horiek ezean, langileek ezingo lukete euren lana egin, epai berriak azaldu duenez, eta gainera, banaketa egiten zuten bitartean GPS bidez geolokalizaturik zeuden. Ibilbidearen ordena “nahitaez bete behar zuten”. Ondorioz, “langileak enpresaren ordenak betetzera mugatzen ziren”.
Banatutako pakete bakoitzeko enpresak ordainduriko prezioari dagokionez, sententziak azaldu du “kuriosoa eta garrantzitsua” dela enpresak langile guztiekin “adosturiko” prezioa berbera izatea (1’30 €).
Halaber, salatu du banatzaileek “bere gain hartzen zituztela produktuek eta merkantziek banaketan zehar sufri zitzaketen kalte edo galerak. Hori zantzu argi bat da, lan-harreman bat izatearen aurkako zantzu bat”.
Epai hau ez da irmoa, izan ere, bere aurka kasazio-errekurtsoa aurkez daiteke, espainiar Auzitegi Gorenaren doktrinaren bateratzerako.