Arrasateko Ostalariak: “Eskertzen ditugu Udalaren laguntzak baina ez dira nahikoak”

1
2579

Atzoko bilerarekin “pozik gaude” baina “lehen pausoa da, eta bide luzea dago aurretik”. Adierazi dutenez “aspalditik baztertuak sentitu gara udalaren aldetik”. Jaurlaritzari eskatu diote “erreskatea ahalik eta lasterren bideratzeko”. Herrikideei dei egin diete “arduraz joka dezaten”.

Arrasateko Ostalariak prentsaurrekoa egin du gaur eguerdian 1990 Gastrotekan, atzo Udalarekin adostasun batera iritsi ostean.

Taldeko ordezkari lanetan Maite Uribarren, eta ondoan lagun izan ditu Jon Lasaga eta Ibon Leunda. Ostalari gehiago ere kalean izan dira, aldarrikapenak egiten.

Arrasateko Ostalariak taldea “pandemiaren hasieratik jasan dugun ezinegonari aurre egiteko sortu da”. Ekimen hau 75 lokalek eta 300 langilek osatze dute.

Taldearen helburuak izango dira “Arrasateko ostalaritzak dituen beharrak identifikatzea eta asetzea, gure partez inork egingo ez duela ikusi dugu eta”.

Bide honetan, taldekideek lan egingo dute “ostalarion eguneroko beharrak defendatzeko, administrazioarekin elkarlana ziurtatzeko eta herriko talde, komertzio, kultur, kirol eta elkarteekin kolaboratzeko”.

Eskerrak eman dizkiete “Arrasateko herritarrei, Udalarekin eta ostalarien elkarlanarekin adostu ditugun laguntza zuzenen parte direlako. Arrasateko ostalaritza osatzen dugun 300 familiek bihotzez eskertzen dugu beraien babesa”.

Arrasateko Ostalariak adierazi du, atzo Udalarekin izandako bileran, ondorengoak adostu zituztela: Alde batetik, laguntza zuzenak hilabetero itxita dauden bitartean:

  • 1000 € 1 – 3 langile dituztenei
  • 1200 € 3 – 6 langile dituztenei
  • 1400 € 7 langiletik gorakoei

Eskaera bakarra egin beharko da laguntza horiek jasotzeko. Ostalariek zehaztu dutenez, “lehen ordainketa, azarokoa, urtarrilaren 31n egingo da”.

Kuotei dagokienez, “Terraza, Zaborra eta Uraren kuotak lehen seihilabetean ez ordaintzeko tramitazioa Udalak martxan jarria du Aldundian”.

Arrasateko Ostalariak azaldu dutenez “laguntza zuzen hauek ez dira nahikoa Arrasateko ostalaritzak eta Udalak izan duten komunikazio falta eta desadostasunak sortu dituzten urteetako beharrekin amaitzeko”.

Gehitu dutenez, “aspalditik dator marginatu eta abandonatuak sentitu garela kolore guztietako politiko zein Udal teknikoen aldetik. Diskriminatuak sentitu gara beste sektoreekin alderatuz”.

Hala ere “pozik gaude atzo Udalarekin izandako bilerarekin eta orain arteko egoera aldatu daitekeelakoan gaude. Atzokoa lehenengo pausoa izan zen, baina, oraindik ere, bide luzea dago aurretik”.

Atzoko bileran ere “konpromiso berri hauek adostu genituen elkarlanean urtarrilean martxan jarriko diren bileretan lantzeko”:

  • Covid garaiak jarraitzen duen bitartean, ostalari guztiok erraztazunak izan ditzaten terraza jartzeko.
  • Orain martxan diren Terrazetan eginiko inbertsioetarako laguntzak, luzapena izango dute 2021ean.
  • Terraza ordenantza egoki bat sortzea. Ostalari eta Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak parte hartze aktiboa izango dute dokumentu honetan.

Ordenantza hau “2021eko 3. hiruhilabetean prest egon beharko litzateke”. Eusko Jaurlaritzari ere eskaera zuzendu diote: “erreskatea ahalik eta lasterren bideratzea, 2020ko martxotik ostalari askok ez baitute beraien jarduna martxan jartzerik izan. Egoera ezin daiteke luzatu. Erreskatea orain!”.

“Akordio hauek gauzatzen diren eguna, egun handia izango da ostalariontzat eta prentsaurreko bateratu baten bidez Arrasateko herriari helaraziko diogu egindako lan guztia, ziur baikaude Arrasateko herria izango dela borroka eta elkarlan honen onuraduna”.

Azkenik, Arrasateko Ostalariek herritarrei adierazi nahi diete “arduraz jokatzeko eta elkarren artean zaintzeko garaia dela!”.

Iruzkin 1

  1. Eta herriko banatzaileak? Ostalaritza itxi denez banaketa hutsaren hurrengoa da, baita diru-sarrerak ere, eta sarrera horietaz bizi garen familiak ere existitzen gara. Espero dut eta imajinatzen dut guk ere laguntzak jasotzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen