Iñaki Peña Barne-mendikuntzan eta Zaintza Aringarrietan dihardu. San Felipe Elkarlaguntzak antolatuta, hitzaldia eman du adieraziz, besteak beste, zaintza horietan “komunikazioa erreminta nagusiena dela”.
Argazkia: Uriola, artxibokoa.
San Felipe Elkarlaguntzak antolatuta, ‘Zaintza aringarriak …’ hitzaldia izan zen atzo arratsaldean Kulturateko areto nagusian.
Iñaki Peña Bandresek Barne-medikuntza espezialitatea Gurutzetako Ospitalean amaitu zuen 2001ean. Urte hartan Arrasateko Ospitalean lan egiteari ekin zion.
2011n Zaintza Aringarrien kontsulta abiatu zuen, eta urtebete geroago Gurutzetara itzuli zen. Bi urtez Etxeko Ospitalizazioan jardun zuen, baita Zumarragako Ospitalaren inguruan ere.
2015ean Arrasatera itzuli zen, eta ordutik tartekatu ditu Barne-medikuntza eta Zainketa Aringarriak. Hortaz gain, hiru dokumental zuzendu ditu:
‘Aulki hutsak’, ‘S(U/A)minetik Bakera’ eta ‘Mendian hil, hirian hil’. Azken honek Mendi Film Festivalean Euskarazko Film Onenaren saria lortu du.
Zaintza Aringarrien zerbitzuaz baloratu du “sendatu ezin denean, zaindu daitekeela”. Julio Gomezen liburua aholkatu du.
“Zaintza Aringarrietako zaintzen eta denboraren %90ak gaixoaren familiak egiten ditu. Gu beste %10ean gaude gaixoarekin eta familiarekin”.
Medikuntzaren alor honek “izaera humanista du, eta bere erreminta nagusia komunikazioa da. Informatzen, aholkatzen,… dugu baina batez ere entzuten, aditzen dugu”.
Denbora horretan “erabakiak planifikatzea, borondateak zehaztea eta egiteke dauden gaiak egitea. Azken hau oso garrantzitsua da”.
Zerbitzuaren helburua da gaixoaren “sufrimendua ahalik eta txikiena izatea. Beharrezkoa ez den sufrimendua deuseztatu behar dugu”.
Zerbitzuaren beste funtzio bat “doluaren bidea prestatzea da. Pazientea hil ondoren, familiako kide bakoitzak bide partikular bat egin behar du. Batzuek laguntza profesionala behar izaten dute, beste batzuek ez”.
Zaintza aringarriak “ukiezinak dira, eta ez dira eskanerretan, odol-analisietan,… ikusten. Agian medikuek denbora luzeegia ematen dugu pantailari begira, analisiei begira”.
“Ni kontsultan saiatzen naiz pantaila albora batera uzten, neurri batean behintzat, oztopoa izan ez dadin. Ordenagailua idazteko erabiltzen dut, baina batez ere pazienteari aditzen diot”.
Horretan bi alor jorratzen dira “psikikoa eta izpirituala, eta gaixoaren biografia ezagutzea oso garrantzitsua da”.
Iñaki Peñak orain gutxi heriotza duinaren inguruko hitzaldia eman du, eta bertan “gogobetetasun sentsazioa eta betetasun sentsazioa izan dira baloratuenak”.
Horretan eragina dute “norberaren bizitzarekin pozik izatea. Sufrimendu gabekoa izatea eta familiaz inguratuta izatea ere baloratzen dira”.
Osasungintzaren humanizazioa ekintza “zehatzetan gauza daiteke: pertsonari eta bere senideei izenarekin deitu, ez da nahikoa hartzen dituen botikak zein diren jakitearekin”.
Garrantzitsua da “pertsonaren biografia ezagutzea: nolakoa izan da bere bizitza, non egin du lan, … izan ere, horiek askotan azaltzen dute aurrean duguna”. Kontuan hartu behar da “alor honetako zenbait misterio argitzeko ez dela gai zientzia”.
Covid-aren testuinguruan dolua eragiten du “gertuko pertsona baten heriotzak, gertuko pertsona batek gaitasun batzuk galtzeak eta baita ere Covida baino lehen egiten genituen zenbait gauza orain ezin egiteak”.
Ospitaleetako funtzionamendua ere aldarazi du pandemiak, adibidez profesional hauen zeregina Arrasateko Ospitalean “arintzetik sendatzera edo behintzat sendatzen saiatzera igaro da”.
Erietxe honetako langileek “kontuan hartu dugu Covidarekin zerikusia ez duten egoerak, baina Covid pazienteei arreta egin diegu, beste lankideek bezala”.
Testuinguru honetan osasun arazo “garrantzitsuen diagnostikoak atzeratu behar izan dira, bigarren maila batean geratu dira” pandemia dela. “Kontsulta batzuk ez daude martxan. Gainera, pazienteak eta euren senideak ospitalera joatearen beldur dira”. Halaber, orokorrean Psikologiaren eta Psikiatriaren garrantzia nabarmen igo dira.
“Urjentea denak ez gaitzala garrantzitsua dena ezkutatu. Urjentea pertsona baten bizitza salbatzea da, kutsaketa katea etetea, bakartzea egitea,… baina batzuetan galarazten digu ikustea:”
“Esperantzarik gabeko sufrimendua luzatzea. Martxoan aukeratu behar izan zen paziente batzuk UCIra eramatea eta beste batzuk ez, osasun sistemak gainezka egin zuelako. Hori batzuentzat ezusteko bat izan zen, baina aukeraketa txikiagoak betidanik egin izan ditugu, 2020ko martxoa baino lehen”.
“Hala ere, Txagorritxuko eta Santiagoko UCIko ohe guztiak hutsik egongo balira, paziente batzuk UCIra eramateak ez lieke onik egingo, okerrera egingo lukete. Pertsona batzuen sendatze gaitasuna hain txikia da, hobe dela UCIra ez eramatea”.
“Erabakiak hartzea oso zaila da, eta beharrezkoa ez den sufrimendua saihestu beharra dago. Garrantzitsua da esperantza eragitea, heriotza ona, duina izango denaren esperantza. Halako heriotza lortzea da gure lana, baina ez da beti lortzen”.
Gaixoa hiltzean bere senideek bizirik jarraitzen dute “eta ez gara euretaz ahaztuko, noski. Covid are argiago utzi du paziente senidez inguraturik izatea”.
Nazioarteko aldizkari espezializatu baten aipua ekarri zuen Iñaki Peñak, ohartaraziz “familiei Covid-19 pazienteei bisitak debekatzea edo mugatzea” ondorio kaltegarriak eragin dituela.
Ideia horretan eta azken urteko eskarmentuan oinarrituta, “ohartu gara hartutako neurri batzuk ez zirela beharrezkoak, krudelak izan direla eta ez-gizatarriak”.
“Zerbait urjentea gainean duzunean, neurri batzuk ez dira behar bezala hartzen, eta egoera horietako erreferentzia bat Txina izan da, besteak beste. Kontuan hartzekoa da ere protokoloak aste batetik bestera aldatzen zirela”.
Arrasateko Ospitalea eskualde mailakoa da, nahiko txikia, eta “honen abantaila bat da protokolo ezberdin batzuk aplikatu ahal izan ditugula. Erreferentziazko ospitaleen aldean, hemen malgutasun maila bat aplikatu ahal izan dugu”.
“Nik uste hori nahiko onuragarria izan dela, eta gainera ez dugu ikusi kutsaketa eta agerraldi gehiago izan direnik. Oreka oso zaila”.
Laburbilduz, “oinarrizkoa da bakardadean ez hiltzea. Nik artaturiko lehen Covid pazienteari, hil zen emakume bati, Arrasateko Ospitalean pertsonaz lagunduta egon zen, besteak beste, senideak lagunduta, EPIak jantzita. Hau erietxe handiagoetan aplikatzea zailagoa da”.
Kontsulta presentzialak “batez ere, lehenengo kontsulta, elkar ikustea eta elkar ukitzea oinarrizkoak dira”. Kontsulta telefonikoak “ere baliagarriak dira, onura eragiten dutelako”.
Doluari dagokionez, “Covidari lotutako dolua gogorragoa da, zure doluari inguruko dolua gehitzen baitzaio. Nik ez dut gustuko osasungintzako langileak soldaduekin alderatzea, baina egia da gerra baten antzekoa da: biktima asko denbora laburrean”.
Testuinguru honetan “zorionez zenbait pertsonak euren eskarmentua idatzi eta jendartean zabaldu dute laguntzeko asmoz. Gero eta gehiago”.