Arrasateko Ospitalea argindar barik egon da 5 orduz

0
1423

JMAko suteak itzalaldia eragin zuen erietxean, eta erietxeko generadoreak abiatzeko sistemak huts egin zuen. Goizeko 8:00ak aldera arte ez zen arazoa konpondu.

Argazkia: MB artxiboa.

Atzo goizaldeko 02:50ak aldera, JMA enpresako koadro elektriko batean sute bat sortu zen. Txikia izan zen arren, eragin nabarmena izan zuen.

Enpresa argindar barik uzteaz gain, inguruko beste eraikin batzuetan ere itzalaldiak eragin zituen, Suhiltzaileek azaldu bezala, Arrasateko Ospitalean esaterako.

Horrelakoetan, argindarra izaten jarraitzeko, erietxeak generadoreak eduki dauzka, eta teorian itzalalditik generadoreek argindarra eman arte 30 segundo inguruko denbora tartea dago.

Alabaina, atzo generadoreak martxan jartzeko sistemak huts egin zuen, linea ez zen konektatu. Goardiako mantentze-teknikaria bertaratu egin zen 03:00ak aldera, eta abisua prestasunez helarazi zuen.

Hala ere, ez zuen erantzunik jaso goizeko 7:30 ingurura arte, eta 5 ordu inguru argindar barik egon ostean, Ospitaleak itzalaldia gainditu zuen, 8:00ak aldera.

Denbora tarte horretan ez zegoen ebakuntzarik egitea aurreikusita, eta kirofanoek eduki badaukate bateria propioa holako ezusteetarako, badaezpada. Halaber, erietxe honek ez du Zaintza Bereziko Unitaterik.

Dena den, itzalaldiaren ondorioz gutxienez zesarea behar izan zuen erditze bat Zumarragako Ospitalera bideratu behar izan zen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen