Aitortu behar dut “Malaletxe. Haritzaren ezpala” liburuxka nire eskuetara heldu zenean egundoko ezustea eraman nuela, arrazoi bikoitzarengatik: pertsonaiaz ezer gutxi nekielako, eta heldu zitzaidaneko bidearengatik. Guillermo Lasagabaster Gorosabel “Malaletxe” arrasatearra, batez ere, erreferentziaz ezagutzen nuen, Jesus Trincado zenarekin hamarkadatan izan nuen gutundegiko apunteetan agertzen baita noizean behin.




