Arrasateko kulturgile “ugariren kinka larria” Plenora eraman da

0
571

Gai honen inguruko adierazpenak beheko bideoan ikus-entzungai daude, 1:39:40 segundotik aurrera.

Atzoko Pleno telematikoan EH Bilduk adierazi zuen “Kulturarako azpiegiturak garrantzitsuak direla, kultur-eragileek, musika-eskolak,… euren egunerokotasuna aurrera eramateko. Beraz, ez gaude Juan Arzamendi Musika Etxearen ezta Kulturolaren aurka. Hala ere, orain Kulturaren erdian jarri behar ditugunak kulturgileak dira”.

Kepa Urteaga zinegotziak gaitzetsi zuen “Kulturaz bizi diren pertsona hauei gaur egun lan egiteko eskubidea urratzen zaiela”. Esate baterako, “Arrasaten bertan dozenaka kulturgilek azken zazpi hilabeteetan ezin izan dute zentimo bat ere euren etxean sartu”.

Gehitu zuenez, “kulturgilerik gabe Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola hutsik egongo dira”. Kepa Urteaga zinegotziak adierazi du “ni kulturgilea naizen arren, zoritxarrez babak beste eltze batetik atera behar izaten ditut, baina beste arrasatear askok (musikari, artista, teknikari,…) ez dute zentimorik etxera eramaterik izan”.

Udal-gobernutik Anuska Ezkurrak erantzun zuen “ni ere, zu bezala Kepa, kulturgilea naiz eta beste ogibide bat daukat. Egia da kulturgile asko azken hilabeteetan une txarrak igarotzen ari direla, baita beste gremio batzuk ere”.

Udal-gobernuak “babes guztia” agertu nahi izan zien “Kulturako langileei eta beste gremioetakoei”. “Guk uste, 10 urteren ostean eraikin duin batzuk izateak on egiten diela Kulturari, kulturgileei eta Arrasateri”.

Kepa Urteagak gogora ekarri zuen orain bi legealdi “ni Kultura zinegotzi izatean Kulturolan inbertsio handia bat egin zela, denek leku duin bat izateko”. “Erdigunean ez dira eraikinak jarri behar, pertsonak baizik”.

Udal-gobernuak erantzun zuenez “kulturgileak erdigunean daude eta hala jarraituko dute”. “Gai hau Aurrekontuen prestaketan lantzen ari da, eta hilbete hauetan jorratzen jarraitzeko aukera izango dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen