Gurean 30 ile-apaindegi inguruk zabalik jarraitu ahal izan dute “krisi orokorrari, BEZaren %21erako igoerari, Covid-aren krisiari,… aurre egiten”. Kontuan hartzekoa da sektore honetan langileen gehiengoa emakumea dela.
2010ean Gobernu espainiarrak BEZ orokorra %16tik %18ra igo zuen, eta bi urte geroago %18tik %21eraino. 2012an ere BEZ murriztua ere %8tik %10era igo zuen.
Datu ofizialen arabera, ile-apaindegien eta estetika zentroen sektorea da kutsatze gutxien dituenetako bat. Estetika zentroek esaterako “kutsaketa guztien %0’03 soilik izan” dituela argudiatzen dute.
Arrasaten 30 ile-apaindegi inguruk zabalik jarraitzen dute, baita zenbait estetika zentrok ere. “Baina zailtasun handiz” azaldu digutenez.
Zerkaosteta kaleko Harresi ile-apaindegiko Marian Escobalesek baieztatu digu, orduko krisiaz gain, BEZa %21era igotzea “kolpe handia” izan zela sektorearentzat.
“Nazio mailan ile-apaindegi askok itxi behar izan zuten, eta zabalik jarraitu ahal izan dugunok, gure zerbitzuen prezioak ezin izan ditugu BEZaren igoera bezainbeste igo”.
Alde horretatik “nik 7 urte daramatzat hemen lanean, eta prezioak bitan soilik igo ditut, zertxobait. Izan ere, Arrasaten konpetentzia handia dago, baina prezioen artean alde handia dago. Ile-apaindegi bakoitza bere kasara doa”.
Horren guztiorren ondorioz, “soldatak nabarmen murriztu zaizkigu”, eta kontuan hartzekoa da sektore honetako langileen gehiengoa emakumeak direla. %85 inguru estatu mailan. “Beraz, emakume ugari lan barik geratu izan dira”.
Arrasaten ere ile-apaindegiek lan gutxiago izan dute tamalez: “Maritxu eta kintadak ez dira ospatu, ezkontza, jaunartze, afari,… oso gutxi. Maiatzetik irailera ezkontzen sasoia da, baina aurten hutsaren hurrengoa izan da”.
Gainera konfinamendua “ia bi hilabete luzatu zen, denborak luze jo zuen, martxoaren 14tik maiatzaren 4ra arte itxi behar izan genuen. Laguntza ekonomikoren bat izan genuen”.
“2012an Gobernuan zeudenak BEZa %21era igo zuten, hau da, orain oposizioan daudenak. Era berean, 2012an oposizioan zeudenak gure alde zeuden, baina orain Gobernuan daude. Beraz, ea koherenteak diren eta gure alde egiten jarraitzen duten. Orain aldarrikapenak eurei zuzentzen dizkiegu”.
Covid-19aren aurka neurriak hartzeko “lokal hau egokia da, lokal handia delako, eta segurtasun-distantziak adibidez manten ditzakegu. Baina lokal txikiek zailtasun gehiago dituzte”.
Horrelako lokaletako hainbat “nazio mailan %25ean lan egiten ari dira, egunean bi ordu gutxi gorabehera. Orokorrean, gero eta gutxiagokin konformatzen gara”.
Arrasateko bete ile-apaindegiak bezala, Maala errebaleko Biok ile-apaindegia aurrera egiten ari da, zailtasunak zailtasun.
BEZaren %21eko igoera “nahiko orokorra izan zela – gogoratu du César Kabelok – , beste sektore batzuetan ere ezarri zutelako, Kulturan adibidez”.
Kulturaren sektoreak zerga jaistearen alde borrokatu du eta emaitzak lortu ditu. “Hori ikusirik, gure sektoreko sindikatuak eta elkarteak mobilizazioak antolatzen hasi dira. Nik ondo deritzot, zuzenean eragiten didalako”.
%21eko BEZak “niri eta uste dut beste lankideei ere, irabazien zati handi bat galtzea suposatzen digu. Gainera, gastu gehiago ditugu lokalean: ura, argindarra, alokairua,…”.
Profesional honek ere eskatzen du “Gobernuak gaia sakontasunez berraztertzea, zilegi delako %10era jaitsieraren aldeko aldarrikapena”.
Covid-19aren ondorioz “adineko pertsonak, gaixo kronikoak,… kalera irtetearen beldur dira, baita komertzioetara etortzearen beldur ere. Orain ez doaz kafetegira, ile-apaindegira, merkatura,…”.
“Horietako hainbatek orain ilea etxean mozten dute, adibidez Interneteko tutorial bati jarraituta. Ile-apaindegian emaitza hobea litzateke, baina ilea nola edo hala mozteko balio die”.
Makinillen salmenten kopurua igo egin da: “Makinillak saltzen dituzten lagun batzuek esan didate produktu horien salmentak nabarmen igo direla. Ondorioz lan gutxiago daukagu ile-apaindegietan. Orokorrean, egoerak denok kaltetu gaitu”.
Aurtengo “uztaileko eta abuztuko lana lasaiegia izan da, aurreko urteetako uztailekin eta abuztuekin alderatuta. Orain koronabirusaren bigarren olatua dator… eta BEZa %10era jaistea beharrezkoa da”.