Arrasateko hezkuntza komunitatea grebara!

0
556
GREBA

Urtarrilaren 30ean Arrasateko Hezkuntza Komunitateak grebarekin bat egitea erabaki egin du.

Testua: Edurne Iraola, Adrian Ugalde, Arrate Landa, Garikoitz Arsuaga eta Eider Zumalde.

7 urte pasa dira Hego Euskal Herrian azken greba orokorra burutu genuenetik. Baina 11 dira eskubide sozialen kartarekin bat eginez greba orokorrera atxikitzeko arrazoiak, baita hezkuntzari loturikoak ere.

Hezkuntzan greba egiteko arrazoi laboralez gain (bereziki feminizatutako sektoreetan: heziketa bereziko langileak, hezitzaileak, edota sukalde eta garbiketakoak) grebarako arrazoiak bi ildotan nabarmentzen dira. Batetik, haur eta nerabeen hezkuntza eta garapen integralerako eskubidea (ratioak, aniztasunari erantzuteko baliabideak, edukietan oinarritutako kurrikulum itxiak…) eta bestetik, hezkuntza sistema zaharkitu eta kapitalistan lerrokatzeko ematen diren erabaki politikoei erantzun beharra.

Eskaintza publikoko langileen %40eko behin behin-behinekotasunarekin, Gobernuek (Erkidegoan zein Nafarroan) ez dute borondate errealik langileak egonkortzeko. Zentzu honetan, aipagarriak dira heziketa berezia edota sukalde eta garbiketako langileak. Hezkuntzako lan arlo feminizatuenak izanik, behin-behinekotasuna %65era heltzen baita.

Horrez gain, eros ahalmena galdu da krisia heldu zenetik. Langileen soldatak izoztuta egon dira urteetan eta eman den berreskurapenak ez ditu langileak aurreko baldintzetan utzi. 2009Ko eros ahalmenarekin konparatuz, gaur egun %13,9 txiroagoak gara hezkuntzako langileak.

Politikarie ierantzun garbia eman behar diegu: LOMCE=Heziberri. Politikariak hezkuntzaren merkantilismoa bultzatzen ari dira. Noten arabera kalifikatuz eta hauen garapenean eragiten duten aldagaiei dagokien sakoneko garrantzia aitortu gabe. Hezkuntza eta kurrikulumak garatzeko ikuspegia guztiz bideratuta dago berdinen arteko lehiaketara eta etorkizuneko lan merkatura.

Ildo honetan, estatuekiko menpekotasuna gainditu beharra dago: LOMCE, Heziberri, murrizketak, beka sistema, oposaketa ereduak… Baita Erkidego eta Nafarroako gobernuen eskolen finantziazio irizpideak ere. Onartezinak baitira generoka segregatzen duten eskolei ematen zaizkien kontzertazioak edo murgiltze eredurik gabe dirauten eskola publikoak. Hezkuntza legeak ezartzen du ikasle guztiek dutela eskubidea euskaran trebatuta bukatzeko derrigorrezko hezkuntza, eta ez da betetzen ari.

Hezkuntza sistema osatzen duten sare guztietan (publikoa, ikastolak, zein gizarte ekimenean) lan hitzarmenak berritzeko negoziazioen atarian gaude. Langileen mesedetarako akordioak erdiesteko, borroka eta mobilizazioa ezinbestekoak dira. Gainera, langileen eta oro har bizitzaren aurka artikulatzen ari den oldarraldi neoliberalaren aurrean, zerbitzu publikoak lehen lerroan tinko azaldu behar gara. Horretarako, urtarrilaren 30ekoa ezinbesteko parada dugu.

Ezin aipatu gabe utzi ikasleen behar espezifikoei eta aniztasun funtzionalari arreta ematea lehentasun bihurtu beharra dagoela. Zaintzari dagokion garrantzia soldata eta lan baldintzetan islatuz. Ez da kasualitatea behar espezifikoak dituzten ikasleei arreta eta zaintza ematen dieten langileen baldintzak eta ordainsariak kaxkarragoak izatea.

Bukatzeko, baina baita gure aldarrikapenen lehen lerroan ere, hezkuntza ez arautuaren garrantzia eta hau jasotzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Ikasleen jatorri eta maila sozioekonomikoa edozein delarik ere, Arrasateko haur eta nerabe guztien hezkuntza integrala bermatzea aldarrikatu nahi dugu. Agintariek neurriak hartu beharko lituzkete musika edo kirola bezalako eskolaz kanpokoetan denek parte hartzeko aukera izan dezaten.

Hauek eta beste hainbat arrazoiren ondorioz, urtarrilaren 30ean hezkuntza komunitate osoa kaleetara aterako gara.

Arrasate eta Euskal Herria justo, burujabe eta inklusiboaren alde:

U30ean Arrasateko Hezkuntza komunitatea grebara!

Arrasateko Greba Batzordea.


ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen