“Gaur ekainak 29, gure seme-alabak, irrika berezi batekin esnatu dira. Etxekook prestatu diegun hamaiketakoa motxilan sartu, bisera jantzi, eta arrapaladan atera dira kalera, udalekuetako lehen egunari ilusioz ekiteko asmoz.”
Polita izango litzateke familiako egunerokoa honela hastea, baina errealitatetik oso urrun dago. Aurten Arrasaten ez da ohiko udalekurik egongo. 2020ko uztailean, azken 32 urteetan (azkar esaten da) Txatxilipurdik mimo handiz, modu hezitzaile eta profesionalean antolatu dituen udalekuek, ez dituzte orain arte bezala gure kaleak euskara, jolas, kantu, eta alaitasunez beteko. Eta idatzi hau sinatzen dugun gurasook kezka handiz bizi dugu hau.
Agerikoa da COVID19aren krisi honek gauza asko aldatu dituela. Ondorio eta kalte nabarmenak sortu dituenik ezin dugu ukatu. Alabaina, badira aste batzuk egoera berri batera egokitzeko neurriak hartzen hasi direla hainbat eremutako eragile ezberdinak.
Norabide horretan kokatzen dugu Txatxilipurdik Arrasateko Udalari luzatutako proposamena. Maiatzean jakin genuen halabeharrez bertan behera geratuko zirela ohiko udalekuak eta elkarlanerako proposamena luzatu ziola Txatxilipurdik Arrasateko Udalari. Hain justu, ardura osoa elkarteak hartu beharrean, egoeraren ezaugarriak kontuan hartuta, aisialdi eskaintza publiko bat osatzeko planteamendua. Arrasateko Udalak, ordea, ez du 3-12 urte bitarteko haurrentzako eskaintza osatzeko proposamenik egin.
Badakigu herri ezberdinetan, ardura publikotik, alternatibak bilatu direla, bizi dugun egoera kontutan hartuta, herritarren beharrei erantzunak bilatzen saiatzeko. Ez da hori Arrasateko kasua. Arrasateko Udalak haurrak ahaztu ditu, haurtzaroaren aldeko politika publikoak inoiz baino garrantzitsuagoak izan beharko luketen honetan. Badirudi, Arrasateko familiak, eta batez ere haurrak, hirugarren mailakoak direla. Izan daitezela haurrak ur-parke berriaren zinta moztuko dutenak, baina hiru hamarkadatan zehar Arrasaten uztailean egon den egitasmo garrantzitsuenak, krisi momentu batean, ez dauka laguntzarik, ez dauka babesik, ez dauka elkarlanerako aukerarik. Helduok egitarau dotorea edukiko dugu kulturaz gozatzeko Udalak gure kontsumo aisialdia bermatuko baitu, baina haurren aisialdia zer? Gure ezinegona plazaratu nahi dugu Udalak haurren aisialdiarekiko erakutsi duen interes faltagatik eta herriarentzat hain garrantzitsua den gai honekiko erakutsitako utzikeriagatik.
Txatxilipurdik, enegarrenez, oztopoen gainetik bere burua berrasmatu eta uztailerako haur eta familientzako aisialdi eskaintza plazaratu du, haurtzaroaren beharrei bertatik bertara erantzunez. Idatzi honen atzean gauden guraso eta senideok, eta ziur gaude beste herritar askok ere, Txatxilipurdiri gure eskerrik onena adierazi nahi diogu hartutako arduragatik, egindako ahaleginagatik eta beharrei errealitatetik erantzuteagatik. Mila esker Txatxilipurdi urte osoan zehar Arrasateko haur eta gaztetxoentzat aisialdi hezitzaile eta euskalduna eskaintzeagatik. Mila esker Arrasateko zein Euskal Herriko eragile eta herritarrekin auzolanaren zein elkarlanaren balioa praktikatik frogatzeagatik. Mila esker zuen gertuko profesionaltasunagatik. Mila esker Arrasateko herri eta komunitatearen ezinbesteko eragile izateagatik. Eta, bukatzeko, mila esker 32 urtetan zehar uztaila hilabete “magiko” bihurtzeagatik. Bejondeizuela!
Iakes Madinabeitia Markuleta
Ion Beltza Igoa
Izaro Uriarte Azpiazu
Maider Arregi Sampedro
Nahiara Odriozola Lopez
Lur Sanpredo Ruiz de Alegria
(beste hainbat gurasoren izenean)
Hitz dezagun argi. Cayetana Alvarez de Toledok Podemosekoak komunista hutsak direla esaten duen bezala, Arrasaten bada klase sozial bat Txatxilipurdikoak komunistak eta arriskutsuak direla esaten duena. Hain justu orain boterean dauden eta beren seme alabak udan ingeles eta robotikako klaseetan sartzen dituzten familiak. Txikilandia ere zapaltzen ez duten familiak. Euskararekiko, ingurumenarekiko edota aniztasunarekiko inongo begirunerik ez dutenak (zilegi ez denik ez dut esaten). Honi, gaur egungo gizartearen itxurakeria eta ezjakintasuna gehitzen badiogu, hau da, Munarreko haur parkeak 400.000 kostatu eta inongo irizpide pedagogikoz diseinatuta ez dagoen arren, jende asko liluratuta geratu dela kontuan hartuta, Txatxilipurdiko Udalekuekin gertatutakoa ez da harritzekoa. Alkateak ez ditu Txatxilipurdi eta bere balioak gustuko. Hilabete guzti hauetan guztiz desagertuta egon ondoren, egiten duen ia lehen agerraldia, ur txorrotak inauguratzeko izan da. Hori da laburtuta herri honetako umeei eskaintzen diona. Porlanezko obra bat. Eta gehiengoak hori txalotzen du, beraz, guztion ardura da hau, ez bakarrik Udal Gobernuarena.
Jaime, ez dakit Txatxilipurdi alkatearen gustukoa den edo ez eta ez bada berak galtzen du batez ere, ezer ederra badago gure herrian hori, Txatxilipurdi da eta. Baina Txatxilipurdik sustatzen dituen balioak alderdi politikoekin nahasteak ez dut uste mesede egiten dionik Txatxilipurdiri berari. Txatxilipurdi, ehundaka bazkide ditu eta bazkide panel horretan iritsi ezberdinetako jendea dago eta guztiak bultzatzen dute modu batean edo bestean. Bestalde, ez dut uste udaleku batzuk eta beste batzuen arteko ezinikusiak bultzatu behar ditugunik, polita izan daiteke Camp Tecnologikoaren robotika udalekuek Txatxilipurdirekin batera gauzak antolatzea, biak dira politak baina helburu ezberdinak dituzte. Txatxilipurdik elkarlana bultzatu du betidanik beste entitateekin, beste udalekuekin… eta ez du bereizkeriarik egin nahi izan batzuen seme-alaba eta besteenen artean, umeek ere ez baitute egiten, ez deigun helduok egin!
Eta helduak benetan serioak bagara eta pentsatzen baldin badakigu, eskatuko diegu alderdi ezberdinei, eta batez ere gure botua jaso dutenei, horrelakorik ez dezaten egin berriro. Txatxilipurdirekin jolastu egiten da! baina bere helburu eta printzipioekin ez da jolasten!
Ez dut nahastu nahi izan Txatxilipurdi bera politikarekin, kolore batekin edo bestearekin, baina Udal gobernuak udalekuak ez babestea erabaki politikoa da, eta gutun honetan salatu dena politika da honenbestez. Bide batez, has gaitezen onartzen arrasatearron balioen norabidea zein den. Eta beste elkarlan batzuk posible badira, berau Udalak berak aztertu eta dinamizatu beharko luke, baina segregazioak, klasismoak eta bestelakoak betikotzeko pasitibitatean murgilduta dago, eta hori salatu beharra dugu. Alkatea ez litzateke alkatea izan beharko bakarrik ur txorrota parke bat azpikontratatu eta inauguratzeko, baizik eta haurren beharrak sakon aztertu eta eskaintza egoki bat bermatzeko, gutxienez euskalduna eta pedagogian oinarritua. Bukatzeko, sentitzen dut beste udaleku
aukera batzuk mesprezatu baditut, aukera guztiak dira interesgarriak, baina argi dago gaur egungo agintariek ez dutela Txatxilipurdiren beharrik ikusten, eta argi dago Txatxilipurdiren erabiltzaileak zeintzuk diren gaur egun, ez nortzuk izan ziren duela 20 urte. Nik ez ditut hainbeste kolorerik (politiko) ikusten.
Beste modu baten esanda, Txatxilipurdik ez die bizkarrik eman Udalari eta arrasatear haurrei. Udalak eman die bizkarra, beraz, Udal Gobernuak eta berau aukeratu duten arrasatearren ardura da udaleku eskaintza falta hau.
Jaimerekin erabat ados. Hainbat udalerritan udalekuak egiten dabiltza, egoera berrira egokiturik jakina, eta Arrasaten ez badago Udal gobernuak hori erabaki duelako da. Argi eta garbi!
Jaime, sentitzen dut baina ez nago zurekin ados. Gauza bat da udalak edo alderdi politiko batek edo besteak bultzatzen dituen politikak eta zein aisialdi eredu bultzatzen duen. Noski udaleku batek edo besteak egiten duena oso ezberdinak dira, helburuak ere ezberdinak direlako batean eta bestean eta udaleku baten eta bestearen eragina ezberdina da herrian ere, Txatxilipurdiren helburua euskararen erabilera bultzatzea da. Baina Txatxilipurdiren erabiltzaileak umeak dira eta nireak behintzat ez daukate kolore politikorik oraindik. Eta beraien gurasoetaz ari bazara, uste dut ez dela erraza Txatxilipurdiren erabiltzaile guztien gurasoak eta beraien pentsaera politikoa ezagutzea eta arriskutsua iruditzen zait jendea katalogatzea politikoki leku batean edo bestean beraiekin hitz egin gabe, eta nik neuk nire semeekin Txatxilipurdiko udalekuetan parte hartzen duten umeen guraso guztiak ez ditut ezagutzen behintzat, are gutxiago beraien ikuspegi politikoa. Azkenik, ez dut uste mesedegarria denik Txatxilipurdirentzako (elkarte, bazkide eta erabiltzaileak) inor bertako erabiltzaileak katalogatzen ibiltzea, Txatxilipurdiren helburua umeak eta familiak euskarara erakartzea da eta ez uxatzea, eta berdin dio zein iritsi politiko duen ume horren gurasoak, ongietorria da umea.
Gardentasuna, agian gaizki azaltzen ari naiz, baina ez naiz inondik inora Txatxilipurdira doazen umeak eta hauen gurasoen kolore politikoa katalogatzen ari, ezta Txatxilipurdi bera katalogatzen.
Txatxilipurdiri eta ondorioz, euskara eta bestelako balio horiek bilatzen dituzten herritarrei bizkarra ematen diotenak zuzenean seinalatzen ari naiz, hori bai. Eta hauek Udal Gobernua eta berau berretsi duten herritarrak dira. Txatxilipurdin kolore guztietako umeak eta familiak daude, baina erabaki honen atzean, kolore ia bakarreko erabakia eta babesa dago.
Hezkuntza zerbitzu publiko bat da eta hezkuntza formala ia guztiz Jaurlaritzaren eskuduntza bada ere, hezkuntza ez formalean, Udalaren parte hartzea funtsezkoa da.
Eta Udaletxe honek haur parkeak berriztera mugatzen du bere esku hartzea, haurrek eta gazteek bestelako beharrak ere dituztela ahaztuz.
Kontua da badela Arrasaten joera bat norbere umeak udaleku eta urtean zehar klase partikularretara eramateko, izan robotika, ingeles edo musika, eta era berean zerbitzu publikoa parke/porlan hutsera mugatzea onartzekoa. Hori onartzen eta bultzatzen dutenak salatzen eta sailkatzen ari naiz bai, eta erantzukizuna itxurakerien paradigma den alkatea honena eta berau aukeratu dutena da.
Arrazoi duzu ez dela komeni jendea sailkatzea, baina gaur egungo udal politika honek hain zuzen, etorkizunean maila ezberdinetako herritarrak sortzea ekarriko du, titulu eta hizkuntza askoren jabe diren gazte asko izan arren, komunitatea, euskara etb ahultzen ari dira. Zer esanik ez, bazterrean geratzen ari diren gazteekin ditugun arazoak, Udalaren pasibitatearen ondorio badirela zati handi baten.
Ados Jaime azken mezu honen muinarekin, aisialdi eredu bat edo beste bultzatzea erabaki politikoa da zalantzarik gabe, eta konpetentzia kasu honetan udalarena da, horregatik Txatxilipurdizaleok garbi utzi beharko genieke alderdi politikoei gure botoa eskatzera datozenean zer den nahi duguna eta azaldu dezatela garbi zein den beraien proiekzioa euskararen sustapenarekin eta aisialdi hezitzailearekin (ez formala noski). Beharbada batek baino gehiagok sorpresa hartuko luke. Sar dezatela berain programetan eta argi azaldu.
Bestalde, oso eztabaida interesgarria eta sanoa dela deritzot, azken hau. Bejon deizula
Jaime, oraintxe bertan jaso ditut alderdi politiko ezberdinen boto eskaerak (Podemos, PNV, Ehbildu eta PSOErenak) zoritxarrez, batak ere ez du ezer aipatzen herria egiteaz, euskara hitza aipatu ere ez eta hezkuntzaren gainean PSOEK eta Podemos-ek hezkuntzaren digitalizazioa hezkuntzaren demokratizaziorako tresna bezala bultzatuko dutela adierazten dute, beraine hitzekin noski. Eta orain zer? euskaltzaleok, partehartze aktiboaren eredua bultzatzen dugunok, aisialdi hezitzaile batean sinisten dugunok… egin dezakegu zerbait, konpromezuak har ditzaten? Batak ez bada besteak behintzat. Ez dakit.
Hauteskunde hauetan argi daukat nortzuk ez ditudan bozkatuko, boterean egonik aktikoki hezkuntza segregazioa bultzatzen duten horiek, fuera! Hezkuntza segregazioa, etorkizuneko herri segregazioa baita. Hezkuntza formal eta ez formalean ematen ari dena, noski.
Oposizioari ordea, eskatuko nioke gai honetan meloia zabaldu dezan eta argi eta garbi hitz egin dezala hezkuntza segregazioa bukatzeko hartuko lituzkeen neurrietaz. Ez bakarrik, etorkizunelo hezkuntza utopiez. Halabaina, eta aurretik esan bezala, gizarteak hartu dituen balio eta ohiturei erreparatuta, bozka galera itzela litzateke gai horri hobatzea, edozein alderdirentzat. Batzuek nahita egiten dute aisialdia pribatizatu eta agenda publikotik atera, besteek ez lukete adorerik izango, zaborren gaia baino labainkorragoa delako.
Hezkuntza formalean meloia baino kalabaza haundi bat dago zabaltzeko (suspensoaren kalabaza) bai sare publikoan eta baita kontzertatuan ere eta ez segregazioaren ikuspuntutik bakarrik kalitatearen ikuspuntutik ere bai, eta zabaldu beharko da bai, gure etorkizuna da eta kolokan dagoena (guztiona). Beharbada labainkorra izango da baina egin beharrekoa bestela… Baina ez formalean ez dut ezagutzen zein den meloia (nire ezezagutza) baina ez litzateke horrela izan behar denontzako izan beharko litzateke lehentasuna hori ere gure etorkizuna da eta, komunitatearena, zaintzarena… Eta beste galdera bat: zeuk ere ikusten ahal diozu meloirik euskarari?
Eta azken galdera: benetan uste duzu erakunde publikoen esku utzi behar dugula hori (edo alderdi politikoen esku) edo uste duzu herria boteretu behar dela eta benetako demokrazia parte-hartzaile baten bidez aurre egin horri guztiari? Hori da azkenean elkartegintzaren eginkizuna.
Plazerra zurekin eztabaidatzea, espero dut beste batean ere horrela izatea. Orain utzi behar dut gaia bestelako eginkizun batzuek ditut eta. Ondo izan
Ez formalean Arrasate Musikal duzu, adibide garbi bat, diru publikotik ehundaka mila euro batzuk jasotzen ditu urtero, eta aurki milioi batzuk euroko eraikin berri publikoa, eta EZ dago inongo beka sistemarik. Udalak aukera aparta izan du eraikin berria eskaintzerakoan musika eskola publiko bat sortzeko, baina “kontzertatua” izaten jarraituko du. Dirua duenak bakarrik ikasten du musika Arrasaten. Dirurik ez duenak kasurik onenean ludotekan amaitzen du.
Euskararen meloirik ez dut ikusten baina bai murgiltze ereduen porrota eta berrikusi beharra.
Eta azken galderari, herria boteretzea ideala litzateke baina gaur egungo jugada kontrakoa da, sasi parte hartzeen bitartez herritarrak eingainatzen ari zatzaizkigu. Eta eragileak, herrigintza… gero eta ahulago ikusten ditut, indibidualismoa eta kontsumismoa delako nagusi, kolore guztietako herritarren artean gainera, furgonetadun abertzaleak ere gero eta gutxiago ikusiko dituzulako komunitatea egiten, ezertan inplikatzen.
Plazer bat izan da, bai horixe.