Arrasateko zenbait kamioilarik euren kezka agertu dute Notario Etxagibelen ezin aparkatzeagatik

0
740

Autobusaren geralekua Zalduspera eramateak ekarri dituen aldaketen ondorioz, 3.500 kg baino gutxiagoko ibilgailuei baimendu zaie Notario Etxagibel kalean aparkatzea, eta horrek kanpoan utzi ditu eremu horretan aparkatu ohi duten kamioiak.

Rafa Barquerok azaldu digunez, Arrasateko hiru garraiolari dira, eta guztira 4 kamioi dituzte. Udalak eskaintzen dien irtenbide bakarra, udal ordezkariekin dagoeneko elkartu dira, euren aparkalekua Hiper Eroski, Markulete edo Kataidera aldatzea da. Barquerok azaldu digunez, “ez dugu Markuletera joaterik ikusten, baztertutako gune bat delako, eta hara bidali gintuzten beste batean lapurreta handiak jasan genituen. Kataideren kasuan, jende asko joaten da lanera autoz, eta guk lekua okupatzeak arazoak eragingo lituzke. Eroskiri dagokionez, dagoen lekua oso urria da eta etengabe jende asko ibiltzen da, ondorioz, istripu bat gerta liteke”.

Hiru garraiolari horiek toki berean aparkatzen jarraitzea proposatu diote Udalari, baina ordutegi mugatuarekin. “Gauez bakarrik aparkatzeko konpromisoa hartzen dugu, adibidez, arratsaldeko 7etatik goizeko 7etara; izan ere, araudiaren arabera, lanaldian 11 orduz egon behar dugu geldi. Asteburuetan berriz, autoen joan-etorria txikiagoa denez bertan apakatu ahalko genuen. Baina udalak ez du onartzen planteatzen diogun irtenbidea, eta ez digute irtenbide bideragarririk ematen.”

Etorkizunari begira gerta daitekeenagatik ere kezkatuta agertu dira. “Oraingoz egoera hau bi hilabetez luzatuko dela esan digute, eta ondoren egoera berriro baloratuko dutela. Baina egunero kamioiak aparkatzeko arazoari aurre egin behar diogu”.

Erlazionatutako albisteak:

Kamioien ordez, turismoek aparka dezakete Notario Etxagibelen oraingoz

Lineako autobusen parada “Zalduspen jarriko da apirilean, probisionalki”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen