Gimnasio batzuk jada funtzionamenduan daude, eta beste batzuk horretarako prestatzen ari dira. Bertako arduradunekin izan gara egoeraz berba egiteko.

Coliseum Arrasate:
Kontzeziñoko gimnasioa (lehengo Saioa) “egokitu egin dugu, baina funtsean berdin jarraitzen du” azaldu digu bertako arduradunak, Javi Diezek.
“Sarrera zabalagoa jarri dugu, eta bertan gel hidroalkoholikoa eskuragai dago. Makinetan aldaketak egin ditugu pertsonen arteko distantzia mantentzeko”.
Tatamiko aretoari dagokionez, “aforoa mugatu dugu talde txikiagoak eginda, eta bertako lanak indibidualizatuagoak dira orain, distantziak mantentzeko baina guri lan gehiago eraginez”.
Adibidez “kickboxing klaseetan bi gidari gabiltza, ikasle guztien beharrak asetzeko asmoz, nahiz eta zaila den”. gimnasiocoliseum.com
“Egun hauetan ez dugu afaro arazo askorik izan, bezeroen %20-25 soilik datorrelako oraingoz gimnasiora”.

Izan ere, bi hilabete baino gehiago itxita egon behar izateak “suposatu digu orain bezeroak mamu honengatik beldurtuta egotea, eta oraingoz bezeroen %80 galdu dugu”.
“Egia da diru laguntza txiki bat izan dugula, eta autonomoen kuota ez dugu oraindu behar izan, baina orain adibidez BEZ zergaren lehen hiruilekoaren likidazioa egin dugu, eta ondorioz ezer ezean geratu da eman ziguten diru laguntza hori”.
Gainera “alokairua ordaintzen jarraitu behar izan dugu, udal-tasak, argindarraren gutxienekoa,… Gastu finko asko ordaindu behar izan ditugu, eta horretan jarraitu beharko dugu. Hau hondamendi ekonomiko bat da, eta horrela jarraituz gero, itxi beharko dugu”.
Etorkizunera begira ezkorra da: “koronabirusaren egoera honek ez du zentzurik, eta uste dut udazkenean egoera errepikatuko dela. Hala bada, eta pertsiana jaisten badut (eta uste dut ez nintzatekeela bakarra izango) ez litzateke berriro igoko”.
Izan ere, “orain dirua galtzen ari gara negoziari eutsi guran, irailean bezeroen %80 berreskuratzeko asmoz. Nik otsailetik ez dut dirurik kobratu, ezta uztailean eta abuztuan kobratuko ere, ea irailean”.

Nerea M – Dance & Fitness:
Nerea Matasentzat ere aste oso gogorrak izan dira, eta ez zekien bere negozioa aurrera atera ahal izango zuen. Alde horretatik, bere bazkideen laguntza ezinbestekoa izan dela esan du:
“Egia esan, bazkide bikainak ditut, etorri gabe ere beren betiko kuota ordaintzen jarraitu dutenak eta nirekin elkartasuna adierazi nahi izan dutenak. Jendearen laguntza izan arren, beste hilabete batez itxi behar izan bagenu, ziurrenik betiko itxi beharko genuke”.
Gimnasioaren jabeak aitortu duenez, aste hauetan abandonatuta sentitu dira erakunde publikoetatik: “Ez dakigu aste hauen itxieragatik ordainsari ekonomikorik emango diguten, eta espero dut norbait gutaz gogoratzea krisiak gehien eragin dien sektoreen artean gaudelako”. Nere M. Dance & Fitness Facebooken

Nereak dioenez, aste hauetan Youtube bidez eskaini ditu eskolak bazkideentzat. Horrek abantailak eta desabantailak ditu:
“Interneten erabilerari buruz gauza asko ikasi behar izan ditut egunotan, baina horrela eskolak eskaintzeak balio izan dit Arrasatekoak edo ingurukoak izan behar ez duten bezero berriak ezagutzeko. Dena dela, eskolak bertatik bertara ematea da egokiena, etxetik ezin baituzu ikusi ikasleak ariketak ondo egiten ari diren edo haiekin gozatzen ari diren”.
Datorren astelehenean berrirekiko ditu ateak Nerea M – Dance & Fitness-ek. Segurtasun neurriei dagokienez, gimnasioak plastikozko manpara bat jarri du harrera-gunearen inguruan, eta zeloa duten marka batzuk gimnasioaren zoruan, norbera non kokatu behar den jakiteko.
Gainera, Nereak azaldu duenez, gimnasioan sartu eta irteteko protokolo bat ere egongo da: “pertsonak banaka sartu eta atera beharko dira, eta ordutegi desberdinetako taldeak ezin izango dira gimnasioan nahastu. Gainera, 15 minutuko tartea utziko dugu klaseen artean, gela garbitzeko eta oxigenoa berritzeko.
Bestalde, nesken aldagelan (zabalena da), 5 pertsona sartu ahal izango dira aldi berean, eta zapatak aldatzeko izango da, dutxak norberaren etxean hartu beharko direlako. Mutilen taldean, berriz, bi bakarrik sartu ahal izango dira aldi berean”.

Crossfit Arrasate:
Musakolako gimnasioak “aurreko astelehean berrireki genuen, bigarren fasea hasi zenean”, azaldu digu bertako Aitor Telletxea arduradunak.
“Egun hauetan bezeroen erantzuna oso ona izan da, uste genuena baino hobea. Lehengo bezeroak etortzeaz gain, pertsona gehiago etorri dira crossfit egitera. Oso pozik gaude”.
“Bi hilabete etxean konfinatuta egon ostean jendeak kirola egiteko beharra zuen, eta hori nabari da”. Berrireki ahal izateko segurtasun- eta garbitasun-neurriak hartu dituzte:
“Klasera sartzean gel hidroalkoholikoa ematea beharrezkoa da. Gainera lehen klaseak orduro ziren, baina orain klaseen artean 15 minutuko tartea uzten dugu horrela pertsonak ez dira pilatzen, ez dira elkartzen klase bateko eta osteko pertsonak”.
Hortaz gain, kirolzale bakoitzak 3×3 metroko azalera erabilgai dauka. Koadro horien artean ere distantzia bat mantentzen dugu. Gainera, pertsona bakoitzak desinfektante eta zapi bana dauka”.

“Erabiltzen dugun material guztia desinfektatzen dugu eta ondoren gordetzen dugu. Klase guztiak amaitzean, makina handi batekin desinfektantea aplikatzen dugu zoruaren gainean, barretan eta erabiltzen diren beste tokietan. Klaseen artean zerbait garbitzeke dagoela ikusten badugu, garbitu egiten dugu”.
Aurrera begira “baikorrak gara momentuz. Izan ere, bezeroek euren inguruko pertsonei Arrasate Crossfit-en berri ematen diete, eta pertsona gehiago etorri dira”.
Azken hilabeteak gogorrak izan dira: “Koronabirusa baino lehen pertsonak astean hiruzpalau edo lauzpabost aldiz etortze ziren, eta bat-batean konfinamenduarekin bi hilabete etxean geratu behar izatea gogorra izan da”.
Bitarte horretan “entrenamenduak egunero online bidali dizkiegu bezeroei, buelta errazagoa izan zedin, baina gogorra izan da”.
Arrasate Crossfit “jendea beldur barik etortzera animatzen dugu, crossfitera proba dezaten. Pertsona bakoitzak norberaren bizitasunaren arabera egiten du, eta eurei egokitutako ariketak prestatzen dizkiegu”.
“Pixkanaka-pixkanaka, zerotik hasita ere, maila polita lortzen ari dira bertako bezeroak. Crossfita probatzeko crossfitarrasatemon.com webgunetik mezu bat bidali ahal digute”.