Bestalde, gasolindegietan neurriak hartu dituzte Covid-19ren aurrean. San Andresko Estación de Servicio Arrasaten auto-zerbitzu sistema ezarri dute, eta Zigarrolako Petronorren manpara bat jarri dute erakusmahaian, babes neurri gisa.
Covid-19ak sortutako
osasun egoeraren ondorioz, ezohiko neurriak hartu dituen beste
sektore bat gasolindegiena da. San Andres auzoko Mecako eta
Zigarrolako Petronorko gasolindegietako arduradunekin hitz egiteko
aukera izan du Mondraberrik. Ana Bujanda Mecako arduradunak eta Jon
Blanco Petronorko arduradunak adierazi dutenez, establezimenduen
salmentak %70 eta %85 artean jaitsi dira. Hala ere, ohiko lan
ordutegiak mantendu dituzte.

Ana Bujandak azaldu duenez, “lan egiteko modua aldatu dugu: ‘Alarma-egoera’ mantentzen den bitartean auto-zerbitzua egongo da, eta bezeroek eskularruak izango dituzte erregaia botatzeko. Era berean, ahal den bitartean txartelarekin ordaintzeko eskatu diegu bezeroei. Gainera, langileak eskularruekin eta maskarekin aritu dira lanean, eta gaur metakrilatozko maskarak iritsi zaizkigu”.
Bestalde, Jon Blancok azpimarratu duenez, auto-zerbitzuko sistemari eusten diote “hala ere, langileek babesteko gomendatutako neurriak errespetatzen dituzte, eta lan-txandetan gu babesteko manpara bat jarri dugu erakusmahaian”.




