Arrasateko garraiolariek arazoak dituzte euren lana egiteko

0
1467

Mondraberrik Transportes Ziorlako Fernando Sanchezekin eta Transportes Barqueroko Rafa Barquerorekin hitz egiteko aukera izan du.

Covid-19ak sortutako alarma egoeran lanean jarraitzen duen beste gremio bat garraiolariena da. Arrasaten sektore horretako hainbat enpresa daude, eta Mondraberrik horietako biko jabeekin hitz egiteko aukera izan du, Transportes Ziorla enpresako Fernando Sanchezekin eta Transportes Barquero enpresako Rafael Barquerorekin, hain zuzen. Beren lana egiteko aurkitzen ari diren arazoak kontatu dizkigute:

Biak ala biak autonomoak direnez, lanean jarraitzen dute, Barqueroren kasuan semearekin, baina beste bi langileak etxean dira igandetik. Barquerok azaldu digunez “beldur handia dago bidaia batetik birusarekin etxera itzultzeari, eta datu ofizialik ez dagoen arren, badakigu garraiolari bat baino gehiago gaixotu dela bidaiaren batean”.

Bestalde, Sanchezek adierazi duenez, “lehen egun hauek ikaragarriak izan dira, ez baikenuen argi zer garraia genezakeen eta lanean jarrai genezakeen edo ez. “Transportes Ziorla enpresaren kasuan, une honetan Mercadona supermerkatuetako arrainentzako ontziak garraiatzen ari da”. Hala ere, elikagaiak Zaragozara, Errioxara eta Nafarroako erriberara garraiatu ohi ditu.

Barqueroren kasuan zera kontatu digu: “Tarteka lanean jarraitzen dugu, ateratzen zaizkigun bidaien arabera. Hainbat enpresekin lan egiten dugu, eta horietako asko itxi egin dira. Une honetan Eroski moduko saltokietako elikagaiak ari gara garraiatzen”.

Bi garraiolariek beren lana egitean dituzten arazoak ere azaldu dizkigute. Adibidez, Sanchezek adierazi du “arazoak ditugula lan egiteko beharrezko maskarak eta eskularruak erosteko. Enpresa batera zama baten bila joaten garenean behar bezala babestuta joateko eskatzen digute, baina arazoak ditugu hori lortzeko”. “Enpresa batzuetan, garraiolariei tenperatura hartzen diete bertara iristean”.

Bestalde, Sevilla bezalako leku urrunetara joaten da zama bila Barquero. Arrasatearrak azaldu duenez “arazoak ditugu zerbitzuguneetan lo egitera gelditzen garenean, izan ere, gosaltzeko eta garbitzeko arazoak ditugu, asko itxita daudelako. Gainera, etengabe gelditzen gaituzte, daramagun zama egiaztatzeko. Gehien kezkatzen gaituena da inork ez digula probarik egiten bidaien ondoren, eta beraz ez dakigula gaixotasunarekin itzuliko garen etxera”.

Bukatzeko, Sanchezek doan eskaini dizkio bere kamioiak Debagoieneko ospitaleari, hainbat material garraiatzeko beharko balitu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen