Arrasateko garbiketa enpresak “%50-60an lanean” krisiei aurre egiten dabiltza

0
1058

MEG Garbiketak, Ferlan, Denetik eta Hemen enpresak adibidez lanean jarraitzen dute neurriak hartuta, teknologia berriekin, formakuntzaz, ilusioz,…

Argazkiak: lau enpresak.

Denetik:

Arrasateko enpresa honek 20 urteko esperientzia dauka, eta 33 langilek dihardute bertan. Arrasaten, eskualdeko beste udalerri batzuetan, Gasteizen,… lan egiten dute.

Atariak, elkarte gastronomikoak, etxebizitzak,… garbitu ohi dituzte, baina krisiaren ondorioz “etxebizitzen barrualdeak adibidez ezin ditugu garbitu”, azaldu digu Andoni ordezkariak.

Oro har “lana %65era jaitsi” da, baina lanean jarraitzen dute Zerrajerako etxeen komunitateetan, Aretxabaletako Iralabarri plazakoetan eta beste hainbatetan.

Covid-19aren ondorioz segurtasun- eta garbiketa-neurriak zorroztu behar izan dituzte, eta “birusak hiltzeko Net&Fer Higiene eta Bilper Group-eko produktu profesionalak erabiltzen ditugu”.

Ozono bidezko garbiketak ere badituzte, izan ere, “ozonoaren teknologia behar bezala erabiliz gero oso baliagarria da”.

Ferlan:

Ferlan enpresako arduradunak 15 urteko lan-esperientzia dauka sektore honetan. “Enpresa batzuk itxi dira eta ondorioz ezin ditugu bertan garbiketak egin – azaldu digu Fernando arduradunak – baina atarietako garbiketak lehen bezala mantendu dira”.

Zentzu honetan “desinfekzio protokolo bat aplikatzen dugu, enpresa bezala desinfekzio produktuak erosiz, eta garbiketa-lanak osotzeko. Horrek ez die gainkostu bat suposatu komunitateei”.

Azaldu digu “garbiketa on barik ezin dela desinfekzio on bat egin. Desinfekziorik onena eguneroko garbiketa da, eta horri desinfektatzaileak aplikatuta, segurtasun handia ematen du”.

Enpresa honek “5-10 komunitate garbitzen ditugu eguneko. Hortaz gain, adibidez kontzesionarioak ere garbitu izan ditugu Durangon eta Eibarren”.

“Osasun Sailak aholkatutakoak aplikatzen ditugu: dagozkion EPIak erabiltzea, desinfektantea aplikatzea,…”.

Azaldu digu “hiplokoritoa (lixiba) korrosiboa dela, eta beraz guk ez dugu erabiltzen. Lau haizeetara zabaldu da lixiba erabili behar dela, baina azaldu behar da burdina, aluminioa, altzairu indoxidableak erasotzen dituela. Horregatik, agresiboak ez diren bestelako biozidak erabiltzen ditugu, Ingurumenarentzat onuragarriak direnak”.

Argitu du garbiketa enpresek “garbiketa, higienizazio eta desinfekzio zerbitzuak eskaintzen dituztela. Osasun Sailak abalaturik daude, baina sektoreko enpresek ezin dugu desinfekzioa zertifikatu. Honetarako beste enpresa batzuek dihardute, intsektuen aurkakoak, fitosanitarioak”.

Horregatik garbiketako enpresek oro har “Osasun Ministerioari garbiketa enpresek homologatutako ikastaroen, ebaluazioen,… bitartez” zertifikazioa lortu ahal izatea.

Ferlan enpresa “Covid-19a hasi zenetik formakuntza ikastaroak egin ditugu, behar bezalako informazioa izateko, produktuak ezagutzeko eta hauek ondo erabiltzen jakiteko. Osasun Ministerioak homologatutako enpresa batean Covid-19 ikastaroa egin genuen”.

Enpresako arduraduna “herbiziden eta produktu toxikoen erabilerari buruzko ikastaro bat egiten ari naiz, zertifikazioa lortu ahal izateko”.

MEG Garbiketak:

Arrasateko enpresa honek ikastetxeak, elkarte gastronomikoak,… garbitzen espezializatuta dago, baina halako azpiegiturak itxita daudenez, lan-karga jaitsi zaie.

Oraingo lanetarako neurriak hartu dituzte: “lehen ez ginen gel hidroalkoholikoetan, maskaretan eta eskularruetan asko zentratzen. Orain, ordea, elementu horiek ordezkatzen ditugu atari bat garbitzen dugun bakoitzean”.

Ondorioz “gastua neurri batean igo da, ez ordea zerbitzu kopurua”. Etorkizunera begira, “espero dugu irailerako, ikasturte berrirako lanaren zati bat berreskuratzea. Baliteke lehengo lan guztia ezin berreskuratzea, epe motzera behintzat”.

Hau da, “orain lan guztiaren %50ean badihardugu, espero dugu behintzat irailerako %75ean jardutea. Uste dut datozen hilabeteak oso zailak izango direla, baina eusten ahaleginduko gara”.

Limpiezas MEGek gehitu du “gobernuak bapatean abian jarri nahi izan dituen diru laguntzak kobratzeko traba asko jartzen dizkigutela bankuek. Gobernuak adierazi du bera abalista dela, eta beraz bankuek ez lituzkete hainbeste oztopo jarri behar”.

Hau da, “bankuek ez ligukete hainbeste agiri eskatu beharko, kontuan hartuta dirua hemengo zirkulu ekonomikoan mantenduko dela”.

Hemen:

Eskoriatzako enpresa honek Arrasaten garbiketa zerbitzu ugari egiten ditu. “Konfinamenduaren egun geratuenetan gure produkzioa asko jaitsi” zela azaldu digu bertako arduradun Jose Antoniok:

“Plantillaren %40 soilik lanean jarraitu ahal izan genuen, eta hori baino lehen, martxoaren hasieran, 48 langile genbiltzan”.

Egoera hobetuz doa eta “orain lanaren ia %80an gabiltza, baina oraindik kiroldegi, ikastetxe,… ugari itxita daude, Administrazio publikoko azpiegitura ugari”.

Ordea, “gure bezeroen artean, enpresa ugarik eskatu digute zerbitzua handiagoa izatea. Horrela, astean behin garbiketa egin ordez, egunero egiten ditugu garbiketa-lanak enpresa horietan”.

Hemen enpresak norbanakoei ere zerbitzua ematen die: “Etxebizitza batzuk astean behin edo bitan garbitzen ditugu. Bezeroen artean adineko pertsonak ditugu, eta batzuek zerbitzua jasotzen jarraitu dute. Etenda egon diren zerbitzuak, berriro abiatu ditugu”.

Hortaz gain, etxeen komunitateak (atariak adibidez) garbitzen ditu, “Debagoienean 200dik gora, eta horiek guztiak mantendu ditugu”.

Enpresei dagokienez, tamaina txikiko enpresak “astean behin edo bi astean behin garbitzen ditugu, eta beste enpresa batzuk egunero”.

Administrazio publikoan “Gatzagako Udala, Eskoriatzakoa, Aretxabaletakoaren zati bat, Mankomunitatea,…”.

Elkarte gastronomiko batzuk ere garbitzen ditugu, baina elkarte hauek “garrantzi handiagoa ematen diote zerbitzuaren prezioari langilearen egoerari baino. Elkarte gastronomikoak oraindik itxita daude”.

Ozono bidezko garbiketei dagokienez, “orain batez ere aztertzen ari gara non aplika daitekeen teknologia hau. Adibidez, kiroldegi batzuk berrireki baino lehen, desinfekzio sakona beharko dute”.

Egungo kinkan segurtasun eta osasun-neurri gehiago hartzen dituzte: “Pandemia lehertu baino astebete lehenago, maskara, eskularruak, gelak eta pantailak lortzen saiatu ginen”.

“Gure langileen gehiengoak bakarrik lan egiten du, izan ere, garbiketa egiten dute enpresako jendea enpresatik joan denean. Dena den, protokoloa aplikatzen dugu, eskuak ondo garbituz, distantzia mantenduz,… Hori da nire ustez ez kutsatzeko gakoa”.

Orokorrean, egoera honetan “garbitasuna eta desinfekzioa lehen baino garrantzitsuagoak dira, batez ere norberari dagokionez. Denden, tabernen, norberaren,… garbitasuna barneratuagoa izan behar dugu”.

Animo enpresa eta langileei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen