Arrasateko euskalgintzak bat egin du “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” ekimenarekin

0
386

Testua: GEIKE.

Aurten ere antolatu da “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” ekimena, eta Arrasateko euskalgintzak bat egin du ekimenarekin.

Auzolanean oinarrituta dago eta Nafarroako hegoaldeko produktuekin osatutako kutxak zuzenean erosteko aukera ematen duen sarea da Errigora. Saskien salmentatik ateratzen den diruaren %25 euskara Nafarroa hegoaldean bultzatzeko eta normalizatzeko erabiliko da. Horrela, euskara ikasteko bekak jartzeko, ludotekak antolatzeko, euskara planak enpresetan bultzatzeko edota normalizaziorako edozein ekimen sustatzeko erabiliko da diru hori.

Kanpaina urriaren 23an hasi zen eta azaroaren 11n bukatuko da. Saskien eskariak egiteko errigora.eus webgunean sartu daiteke eta telematikoki egin, bai eskaria, bai ordainketa. Horretarako, topatu herria eta sakatu Arrasate. Bertan azaltzen du zelakoak diren 3 saskiak, zein produktu duten eta prezioak.

Behin saskiak eskatuta, Arrasatera azaroaren 25ean helduko dira, Umezaintza parean dagoen eraikinera, San Josepen; eta jasotzera joateko 3 txanda egongo dira: 25ean arratsaldean 5etatik 7etara; 26an goizean, 11etatik ordubatera; eta 26an arratsaldean 5etatik 7etara.

Euskararentzat suposatzen duen laguntza eta bultzada handia denez gero, Arrasateko euskalgintzak ( GEIKE) kanpainan parte hartzeko deia egiten die Arrasatearrei.

Gehiago jakin nahi ezkero hemen duzue lotura bat , edo sartu errigora.eus-en

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen