Arrasateko Emakumeen Txokoak urritik abendura bitarteko ikastaro eta ekintzen egitaraua aurkeztu du

0
1346

Hainbat ikastaro eta ekintza aurkeztu ditu Arrasateko Emakumeen Txokoak udazkenerako. Irailaren 21etik 25era eman daiteke izena. Gune iraunkorrak ere aurkeztu ditu.

Testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Emakume Txokoak urritik abendura bitarteko egitaraua aurkeztu du. Lehen hiruhilekoan hainbat ekimen eta ikastaro bertan behera gelditu ziren, eta hiruhileko honetan ikastaro horiek berreskuratzeko eta berriak eskaintzeko asmoa dute. “Lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dituen jarduera sorta antolatu dugu, elkarrekin lan egiteko aukera emango diguna, giro onean, emakumeon eskubideak erdigunean ipiniz eta geu, emakumeok, protagonista izanik”, adierazi dute prentsaurrekoan.

Jabetze Eskolaren bidez bideratuko dira ikastaroak eta ekintzak. “Errealitateari ikuspegi feminista batetik erreparatzen diogu, eta ikuspegi horretatik aztertu eta landuko ditugu, hainbat ikastaro eta gunetan, egungo krisiak gugan eragindako ondoezak eta, aldi berean, zabaltzen zaizkigun aukerak”.

Hainbat ikastaro eta ekintza antolatu dira, astean zeharrekoak edo trinkoak asteburuetan. Aurreko hiruhileko ikastaro batzuk ere berreskuratu dira, hala nola, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, mindfulness ikastaroa, mekanika ikastaroa, jende aurrean hitz egiteko ikastaroa eta “gorputzak eta disidentziak klabe deskolonial eta transfeministatik” tailerra.  Hala ere, ikastaro berriak antolatu dituzte, helburua izanik “emakumeok gure eskubideen jabe egitea eta sareak sortzea”.

COVID-19ak sortutako egoeraren baitan, neurriak hartuko ditu Emakumeen Txokoak elkar zaintza eta segurtasuna bermatzeko eta  denok gustura sentitzeko.

Ikastaro eskaintza berria

Hiru multzotan sailkatzen dira ikastaro berriak: osasuna eta gorputza batetik, aisialdia, kultura eta sormena bestetik, eta feminismoa azkenik.

Osasuna eta gorputzari dagokionez, boxeoko ikastaroa astelehenetan izango da urriaren 5etik aurrera, euskaraz, 18:30etatik 19:30etara. Zortzi saio izango ditu guztira eta ikastaroaren helburua emakumeak indartsu sentitzea da, abiadura, koordinazioa eta indarra landuz hainbat ariketaren bidez.

Autoestimua eta ahalduntzea ikastaroa ere eskainiko da urriaren 6tik aurrera, gaztelaniaz, astearteetan 18:00etatik 20:00etara. Hamar saio izango ditu guztira. “Tailer honek gune bat izan nahi du Covid-19aren krisi honetan bizi izan duguna partekatzeko, gertatutakoa ulertzeko, kausak aztertzeko eta nahi dugun mundua irudikatzeko”, adierazi dute prentsaurrekoan.

Gure bizi energia hobetzen: Chi Kung ikastaroan gure gorputzarekin berriro konektatzea, bizi energia areagotzea, estresa gutxitzea, gorputz egitura hobetzea eta emozioak orekatzen laguntzea lortu nahi da. Ostegunetan izango da, euskaraz eta gaztelaniaz, 10:00etatik 11:30etara. Urriaren 8an emango zaio hasiera eta hamar saio izango ditu guztira.

Arrasateko Emakumeen Txokoak eskaintzen duen beste ikastaroetako bat da “zaindu eta maitatu zure gorputza”. Gaztelaniaz izango da ostiraletan 10:00etatik 11:30etara, urriaren 9an hasita. “Ikastaro honen bidez gune bat eskaintzen dizugu geure burua zaintzeko eta goxatzeko”, adierazi dute. Arnasketa ariketak, meditazioa, luzaketak etab. ariketa egingo dira Yoga eta Feldenkrais moduko tekniken bidez.

Aisialdia, kultura eta sormena lan ildotik bi tailer eskainiko dira: sormen tailerra eta sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa.

Sormen tailerra urriaren 6an hasiko da eta 10 saio izango ditu astearteetan 18:15etatik 20:15etara. Idazmena, marrazketa, collagea…. erabiliz parte hartzaile guztien adierazpenak batu eta emozio bilduma bat sortzera bideratzen da tailerra.

Sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa, berriz, gaztelaniaz izango da 10:00etatik 13:00etara egun bakarrean: urriak 17, larunbata. Genero arrakala digitalari aurre egiteko, komunikazio digitalean trebatzeko baliabideak ahalik eta egokien erabiltzen ikastea da ikastaroaren helburua.

Aurrez aipatutako ikastaroek matrikula tasa desberdinak dituzte. Kontsultatu www.arrasate.eus-en.

Gune iraunkorrak

Feminismoa ardatz duten doako tailerrak dira honakoak, Gune Iraunkor feminista sustatzeko asmoz sortuak.

Hausnarketa feministen gunea: amatasun bizigarria” tailerrak hiru saio izango ditu ondorengo larunbatetan: urriak 31, azaroak 28 eta abenduak 12. Euskaraz izango da 10:00etatik 13:00etara. Amatasunaren inguruan hausnartuko da saio hauetan, aurreko hiruilekoan egindako lanari jarraipena emanez.

“Topalekua emakume migratuentzat” ikastaroa igandeetan izan ohi da 10:00etatik 13:00etara, gaztelaniaz, LucianaAlfaro dinamizatzailearekin. Arrasaten bizi diren emakume migratuak elkartzeko gunea da eta bi ikastaro eskainiko dira hiruhileko honetan: batetik “ekintzailetasuna eta zaintza lanak” tailerra, urriaren 25ean eta “nire baitan” tailerra azaroaren 8an eta 22an.

Bestalde, irakurketa feministen txokoa ahalbidetu du Arrasateko Emakumeen Txokoak.

Egitarau orokorra

Arrasateko Emakumeen Txokoak urrian, azaroan eta abenduan egingo diren ekintzen egitarau orokorra  eman du ezagutzera. “Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera”, adierazi dute kideek.

Urriaren 15ean “Malen etxea. Zaintzaren esklabo” dokumentalaren emanaldia eta solasaldia eskainiko da Kulturateko Areto Nagusian, 18:30etan. Hilaren 29an, Zinegoak Hedapena fim laburraren emanaldia egongo da toki berean 19:00etan.

Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan ekintzak egingo direla aurreratu du Emakumeen Txokoak, eta abenduan, berriz, Mabel Medina Valenzuelaren “Complicidades” argazki erakusketa egongo da ikusgai Emakume Txokoan 2tik 18ra arte.

Izen ematea

Ekintzetan izena emateko epea zabalik dago irailaren 21etik 25era, eta ondoren ikastaroetan parte hartuko den jakinarazteko epea irekiko da irailaren 28tik urriaren 2ra bitartean. Emakume Txokoan eman behar da izena, zuzeneko harrera bidez, e-mailez edo telefonoz,  izena emateko orria beteta. Orria arrasate.eus atarian, liburuxkan edo Emakume Txokoan bertan eskura daiteke.

Plazak mugatuak dira eta gutxienez zortzi lagun beharko dira taldea osatzeko. Lehentasuna izango dute Arrasaten erroldatutakoek, Arrasaten erroldatuta egon eta ikastaro bera aldez aurretik egin ez dutenek (ikastaroaren jarraipena den kasuan izan ezik) eta Arrasaten erroldatuta daudenek eta Jabetze Eskolako eta Emakume Txokoko ikastaroetan aurretik parte hartu ez dutenek.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen