Arrasateko EH Bilduk hasitako eraldatze prozesuaren berri eman du

1
903

Testua: Arrasate EH Bildu.

Aro berri, EH Bildu berri

Hamar urte dira lau alderdiren indarrak batu eta ezkerreko soberanismoaren espazio politikoa artikulatzen hasi ginela. Prozesu haren emaitza da gaur egungo EH Bildu, pasa den otsailaz geroztik bere II. Kongresuan murgilduta dagoena.

Euskal Herria zein mundua astindu dituen testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko baten erdian egin dugu orain arteko bidea, eta termino globaletan erabakigarria izango den hamarraldi baten atarian iritsi zaigu gure proiektu politiko eta organizatiboa eguneratzeko unea ere.

Ilusioz eta erantzukizunez heldu diogu II. Kongresuari, zibilizazio krisi larri batek aro berri batean murgildu gaituen honetan inoiz baino beharrezkoagoa delako Euskal Herriari ezkerretik eta soberanismotik sortutako herri-egitasmo bat eskaintzea.

Eta horretara goaz, nazio mailatik herriraino, Arrasateko EH Bilduren herri-proiektua eraberritzeko trantsizio prozesua ere martxan baitugu urtea hasiz geroztik. Izan ere, herri gisa ditugun erronka erraldoiei erantzungo badiegu lan instituzionalaren eta herri bulkadaren arteko fusioan ardaztutako proiektu sendo eta zabal baten beharra daukagu eta horren lanketan dihardugu EH Bilduren oinarri sozialarekin eskuz-esku.

Prozesu horrek gure antolaketa eta lan moldeak herri-proiektu horren beharretara egokitzeko bidean jarri gaitu, udalgintzako zein herrigintzako lantaldeen funtzioak eta rolak berrikustera, besteak beste.  Ondorioz, udal zinegotzi taldearen antolaketan ere aldaketak etorriko dira, orain arte Aitor Zubiagak bete duen liberatu funtzioa Kepa Urteagak hartuko duelarik epe motzean. Zubiagak zinegotzi karguan jarraituko du, Hirigintza eta ingurugiro batzordeko kide gisa, besteak beste. Horiek horrela, Zubiaga eta Urteaga EH Bilduren proiektu politiko-sozialarekiko erakusten ari diren konpromisoa azpimarratu gura dugu, euren lan eskuzabala publikoki eskertzeaz batera.  

Egunerako lanean eragingo duen aldaketa nagusia horixe izango den arren, bestelako egokitzapenak ere ekarriko ditu Arrasateko EH Bilduren proiektu sozial eta politikoa eguneratzeko prozesuak. 

Iruzkin 1

  1. Bilduko liberatuari jarri zitzaion soldata jarrita gero ( kargu gabe gainera) zilegitasun osoa galdu genuen beste alderdien super soldatak kritikatzeko!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen